Gipuzkoako Pilota Federazioak apirilaren 24an egin zuen Donostian aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren zozketa, eta maiatzaren aurreneko asteburuan hasi ziren lehiaketak. Bost modalitatetan ari dira jokatzen Herriartekoa –eskua, gomazko paleta, larruzko paleta, pala motza eta zesta punta–, eta Azpeitiak eskuzkoan bakarrik jokatuko du.
Hemezortzi herri dira aurtengo eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren partaideak, eta batzuk maiatzaren 5ean hasi zituzten final hamaseirenetako partidak. Azpeitia, baina, final laurdenetan batuko da txapelketara. Final zortzirenetan Beasainek Zestoa kanporatu zuen, eta orain Azpeitiak Beasain izango du aurkaria. Joaneko partidak etxetik kanpo jokatuko dituzte Ilunpeko pilotariek ostiralean, 18:45ean, Beasaingo Antzizar pilotalekuan.
Herriartekoa jokatuko duten pilotarien taldea ere aurkeztu du Ilunpek. Honakoak dira pilotariak: kadeteetan, Jokin Artetxe, Ugaitz Aranguren, Ioritz Arsuaga eta Mikel Iturralde ariko dira; jubeniletan, Unai Astigarraga, Oier Larrañaga, Iñigo Sarasua eta Aner Lizaso; eta seniorretan, Jakes Elosegi, Haritz Larrañaga, Eneko Odriozola, Aimar Egiguren eta Iker Egiguren. Botilero, berriz, Josu Uzkudun ariko da.
Gipuzkoako Herriartekoaren egungo txapeldunordea da Azpeitia. Aurreko zortzi edizioetako finalak jokatu eta horietatik bost irabazi ditu. Azken hiru finalak Oiartzunen kontra jokatu dituzte Ilunpekoek, 2021ekoa irabazi eta beste biak galduz. Aurten, baina, segurua da aurreko hiru edizioetako finala ez dela errepikatuko: final laurdenak gainditzen badituzte, finalaurrekoetan ariko dira aurrez aurre Azpeitia eta Oiartzun. Txapelketaren finala, berriz, ekainaren 29an izango da.