Xanti Agirrezabalaren eta Erika Olaizolaren 'Kaka' proiektuak irabazi du Korrikaren sorkuntza beka

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 30a, 13:41

Xanti Agirrezabala, Ane Elordi eta Erika Olaizola, gaur, Bilbon egindako agerraldian. (AEK)

Besteak beste, aurreratu dute "ganberroa, jostaria zein probokatzailea" izango dela esku artean duten obra. Era berean, jakinarazi dute Euskal Herriko beste hainbat artisten ekarpena ere izango duela proiektuak. Bi azpeitiarrak "oso pozik" agertu dira saria jaso berritan. 

Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola aktore azpeitiarren Kaka proiektuak jasoko du AEK-Korrikaren II. Kultur Sorkuntza Beka. Gaur goizean jakinarazi eta aurkeztu dute proiektu irabazlea Bilboko Zazpi Kaleetako Bira Tabernan, eta han izan dira Agirrezabala eta Olaizola. Horrenbestez, 24. Korrika Kulturalaren barruko ekitaldi nagusia izango da Kaka obra. Bi azpeitiarrek 23.000 euroko aurrekontua izango dute proiektua osatzeko.

Epaimahaia Lutxo Egiak, Gari Garaialdek, Izar Mendigurenek, Oier Zuñigak eta Maia Muruagak osatu dute. Ane Elordi korrikako arduradun nagusiak azaldu duenez, honako hauek izan dira aurkeztutako hamau proiektuen artean Kaka saritzeko arrazoiak: Euskal Herri osorako ikuskizuna izatea, euskaradunentzat zein ikasten ari direnentzat; hizkuntzaren erabilerari eman zaion garrantzia; moldagarria izatea, formatu, espazio eta baliabide aldetik; eta, azkenik, sormen-lana izanda, oraindik sortu gabeko zerbait izatea". 

Agirrezabalak eta Olaizolak Kaka izeneko komediaren inguruko zertzeladak eman dituzte gaur Bilbon egindako agerraldian. Besteak beste, aurreratu dute "ganberroa, jostaria zein probokatzailea" izango dela esku artean duten obra. Era berean, jakinarazi dute Euskal Herriko beste hainbat artisten ekarpena ere izango duela proiektuak. "Abiapuntu argi bat du obrak: euskal kulturaren oholtzan kaka mokordo bat agertzea", azaldu dute.

Korrika Kulturalaren barruan, 2025eko azarotik 2026ko apirilera bitartean antzeztuko dute Kaka, Euskal Herriko hainbat eszenatokitan.

Hona hemen, Kakaren sinopsia: 

"Euskal kulturaren oholtzan kaka mokordo bat agertu da.
Kaka azaleratu da eta egoeraren analisi bat egin behar da.
Nork egin du? Noiztik dago hor? Zer irudikatzen du?
Eta orain, zer egiten da kaka honekin? Noren ardura da?
Nori tokatzen zaio marroi hau argitzea? Garbitzea?
Kakak kaka dakar eta pentsatzen jarrita…
Mundua nolakoa litzateke bakoitza bere kakaren jabe egingo balitz?

Norbanako, kolektibo edo herri moduan batzen gaituen baina ezkutatzen dugun guzti horren azaleratze festa bat da Kaka".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide