"Oldarraldiari aurre egiteko", ekainaren 9an etxean ez gelditzeko deia egin du EH Bilduk

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 31a, 13:12

Ekainaren 9ko hauteskundeen atariko ekitaldi politikoa egin zuen EH Bilduk atzo arratsaldean Azpeitian. Eneritz Albizu Azpeitiko EH Bilduko kideak, Aimar Etxeberria EH Bilduren nazioarteko harremanetako taldeko kideak eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako EH Bilduren bozeramaileak hartu zuten hitza. Ekainaren 9an, "eskuin muturrari aurre egiteko eta herrien eskubideak defendatzeko" boza ematera deitu dituzte herritarrak. 

Europako hauteskundeetako ekitaldia egin zuen atzo, ostegunez, EH Bilduk Azoka Plazan. Hasieran, 1766ko Matxinada plazan ziren egitekoak, baina eguraldia tarteko, Azoka Plazara lekualdatu zuten hitzordua. Dozenaka herritar bertaratu zen hauteskunde kanpaina ekitaldira. Ekainaren 9an izango dira Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta EH Bildu Orain Errepublikak koalizioan aurkeztu da hauteskundeetara ERC, BNG eta AraMés taldeekin betara. Koalizioarentzako "garrantzitsuak" dira Europako hauteskundeak, "eskuin muturraren eta belizismoaren gorakada handi baten testuinguruan egingo direlako, europar proiektuaren krisialdi baten erdian, herritarren bizi baldintzen okertze eta herrien eskubideen ukapen testuinguruan".

Eneritz Albizu Azpeitiko EH Bilduko kideak, Aimar Etxeberria EH Bilduren nazioarteko harremanetako taldeko kide nahiz parlamenturako zerrendako hautagaiak eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako EH Bilduren bozeramaileak hartu zuten hitza Azpeitian.

Albizuk, bera aldetik, ekitaldiari sarrera eman zion, gogora ekarriz azken hauteskundeetako emaitzak eta EH Bilduren atzean dagoen talde lana: "Kanpainaz kanpaina ibili gara azkenaldian, baina nabarmentzekoa da ekitaldi hauek aitzaki eta aukera ezinhobeak direla elkarrekin egoteko; izan ere, Azpeitian, eskualdean eta zer esanik ez nazio mailan, gero eta gehiago gara EH Bilduren proiektuarekin bat egiten dugunak, EH Bilduren kide sentitzen garenok; horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet udalgintzan eta herrigintzan ari zareten guztioi".  Europako hauteskundeak "urruti" senti daitezkeen arren, "berebizikiko" garrantzia dutela nabarmendu zuen Albizuk: "Oraingo honetan ere, garrantzitsua izango da gure mugetatik harago nor garen eta nolakoak garen erakustea". Gogoratu zuen Europako estaturik gabeko beste nazio batzuetako ordezkariekin batera lekua egin nahi dutela Europan, eta "ezkerreko politika berdinzaleak martxan jartzea" dutela xede. "Horrela lortuko dugulako Euskal Herria Europako mapan beste kolore batekin marraztea eta nabarmentzea", adierazi zuen Albizuk. 

Europak, "itxura iluna"

Aimar Etxeberriak hartu zuen hitza jarraian, eta hark nazioarteko harremanetako taldearen ikuspuntutik hitz egin zuen. "Pozik" agertu zen, "bereaz" hitz egitera etorri zelako atzokoan. Etxeberriak esan zuen, hitzaldia prestatzeko EH Bilduren Youtube kanalera jo zuela aurrena, beste ekitaldietan zer esan dituzten entzuteko. Ekitaldi horietako batzuetan plazaratutako "mantrak" izan zituen hizpide hitzartzearen hasieran. "Brusela urruti dagoela aipatzen da beti, baina ziurrenik jende gutxik daki non dagoen Brusela; bertan dago, eta hango erabakiek zuzen-zuzenean eragiten digute. Beste mantretako bat da ez ditugula indarrak soberan, ziklo elektoral baten azkenetan gaudelako. Eta horrela da, bai, ziklo elektoral arrakastatsu baten amaieran gaude". 

Ginebran, Ljubljanan, Kopenhagen, Bruselan eta Bartzelonan egon da Etxeberria azken hilabeteetan, eta handik hainbat ondorio eta ideiekin itzuli da, "batzuk onak eta besteak txarrak". Mundua "hankaz gora" dagoela uste du Etxeberriak: "Eskuin muturra gero eta indartsuago dago; genozidio bat gertatzen ari da eta nazioarteko komunitatea ez da horri erantzuna emateko gai. Guk argi diogu: genozidioa gelditu, palestina askatu. Uste dugu Palestinak estatu bat izateko eskubide osoa duela, Euskal Herriak daukan bezalaxe; estatu bideragarria behar du Palestinak, nazioartean aitortua". Horri lotuta, "kalkulu elektrolaren arabera" haien posizioa aldatzen duten alderdien eta ordezkarien jarrera salatu zuen Etxeberriak. 

Europak "itxura iluna" duela aipatu zuen EH Bilduko nazioarteko harremanetako taldeko kideak: "Europa noraezean dabil, jaiotzen ari den nazioarteko ordena berrian tokirik ez dauka, blokeen arteko talka horretan harrapatua dago eta autonomia estrategikorik ez dauka. Hain da txarra irekitzen ari den agertokia, ezen Europaren erantzun bakarra gastu militarra handitzen den; gerra, gerra eta gerra. Gerra behekoen kontura, klase ertainen kontura". Era berean, Europako parlamentuan ere jarri zuen arreta, eta aipatu zuen inoizko parlamenturik "erreakzionarioena" izan dezakeela Europak ekainaren 9ko hauteskundeen ostean. "Ultraeskuinak nabarmen egingo du gora, eta horrek Europaren botere harremana aldatuko du", esan zuen Etxeberriak.

Horren aurrean, EH Bilduk "uharte bat" eraiki nahi du Euskal Herrian, "antifaxista eta bakezalea" izango dena: "Herrien eta horien eskubide sozial eta nazionalak defendatuko dituen uhartea eraikiko dugu. Horretara goaz Europara, herri bat garela esatera, eta herri bezala, gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea daukagula esatera. Europak ordena aurrerakoia behar duela aldarrikatzera goaz; Europara goaz diplomazioari eta nazioarteko zuzenbidea bezalako hitzei berriro esanahia itzultzera". Halaber, Etxeberriak nabarmendu zuen, Europako ezkerrean erreferentzia asko irabazi duen alderdia dela EH Bildu. Koalizioko kidearen hitzetan, "Sinn Feinekin batera, EH Bildu da Europan arrakastaz ari den alderdi bakarra", eta horren arrazoia da, besteak beste, "gutxieneko akordioetara iristen dakien ezkerra dela". Etxean ez gelditzeko deia eginez amaitu zuen hitzartzea Etxeberriak: "Oinarrizkoa dago jokoan; eskuin muturrak ordezkatzen duen guztiaren aurrean, demokrazioa bera, bakea eta emakume migranteen eta behe klaseko jendearen eskubideak daude jokoan, eta horren aurrean etxean gelditzea ez da aukera bat".

Jendearen ongizatea oinarri

Maddalen Iriartek, bere aldetik, talde lanaren balioz hizketan hasi zuen hitzartzea. Aipatu zuen EH Bildu dagoen lekuan baldin badago, taldea osatzen duten herritarren lanari esker izan dela. "Sinesten dut lantaldean, eta sinesten dut komunitatean. Galdera berriak sortu diren honetan, erantzun berriak eman beharko ditugun honetan herritarrek eta komunitateak, politikaren erdigunean egon behar dute".

Udal hauteskundeetako emaitzei erreparatuta, Iriartek esan zuen EH Bildurentzat hauteskunde batzuk irabaztea ez dela botere esparruak irabaztea, baizik eta jendearentzat politika egokiak egiteko aukerak irabaztea. Ardura horrekin jarraitzen dutela aipatu zuen: "Esan genuen egingo dugula; eta egin genuen. Berriro egingo genuela esan, eta egin genuen; eta orain, berriro egingo dugu". Nagore Alkortak esandakoak ere ekarri zituen gogora Iriartek: "Lau, lau, lau, berriz ere egingo dinau". 

EH Bilduk politikagintzan eraldaketa dakarrela aipatu zuen Iriartek, eta horregatik, aldaketa hori ekainaren 9an ere zabaldu behar zela nabarmendu zuen. Era berean, munduan gertatzen ari diren gatazken aurrean, begiak irekita mantentzearen ezinbestekotasuna azpimarratu zuen Iriartek, "nahiz eta errazena den beste aldera begiratzea". Palestinan jazotzen ari denaz ere mintzatu zen Gipuzkoako bozeramailea, eta aipatu zuen genozidioa "bide politiko eta diplomatikoetatik nahiz bake bidetik" soilik konponduko dela.  

"Faxismoari aurre egiteko, gerrari aurre egiteko nahiz austerizidioari aurre egiteko", ahotsa altxatzera eta boza ematera deitu zituen herritarrak Iriartek.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide