Ramon Etxezarreta: "Euskara lantzen ez baldin bada, landua ez bada, porrotera doa"

Urtzi Urkizu (Berria) 2024ko eka. 3a, 17:05

Ramon Etxezarreta, joan den astean, Donostian. (Andoni Canellada / Foku)

Atzoko Berria egunkariko Bizigiro atalean zetorren Urtzi Urkizu kazetariak Urrestillako itzultzaile, idazle eta politikari ohiari egindako elkarrizketa hau.

Itzulpengintzan —Gipuzkoako Foru Aldundian—, udal politikan —Donostiako Udalean— eta komunikabideetan kolaboratzen —Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n zutabeak idatzi zituen— bide luzea egin du Ramon Etxezarretak (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa, 1954). Kontxako pasealekutik gertu dagoen taberna batean da elkarrizketarako hitzordua. Lerrootan ez dira kabitzen hark esandako guztiak.

Nork deitzen zaitu Urrestilla?

Garai hartako jendeak, oraindik adiskide jarraitzen dutenak asko. Eta oso gutxi batzuek Jakue deitzen didate; ZerukoArgia-n idatzi nuen lehen artikuluan ezizen hori erabili nuen: Jakue Abardoi. Urrestillan, berriz, Errai Botx; ni ez naiz Ramon Etxezarreta, gure aita zena zen hori.

Zergatik Errai Botx?

Urrestillako berriemailea nintzen El Diario Vasco-n, eta Errai Botx ezizenarekin sinatzen nituen testuak. Famatuak izan ziren nire kronikak inguru haietan.

Nola gogoratzen duzu duela 50-60 urteko Urrestilla?

Hamarkada osoa hartuta, askotarikoak eta oso ezberdinak dira oroitzapenak, baina zaharrenetara joz gero, oso katolikoa eta apostolikoa, Euskal Herri ia osoa bezalatsu, eta oso euskalduna baina hizkuntza kontzientziarik ia gabea.

Francisco Franco hil zenean, 21 urte zenituen. Zertan zenbiltzan hori gertatu zenean?

Iraultzan, iraultza ezin abertzaleagoan. Euskaran, euskaraz, literaturarekin eta adiskideekin gozatzen ikasten, maiteminetan.

Euskara irakasle gazterik hasi zinen, ezta?

Ba, bai. Atrebimendu handiz, handiegiz. Batzuetan aski ondo egin nuen lan hori, harro nago. Beste batzuetan ezin okerrago aritu izanaren sentsazioa dut, jendea gaizki bideratu izanarena eta ikasketetan galdu izanarena. Iruditzen zait ikasle pila batek ardurak eska diezazkidakeela; lotsagorritu eta ikaratu egiten nau.

Eta literaturaren bueltan, nola murgildu zinen?

Koldo Izagirre izan zen pozoi hori sartu zidana; geroxeago, Oh euzkadi!-koak izan ginen kuadrillakoekin batera. Neukan baina baliorik ematen ez nion hizkuntza baten xarma kutsatu zidan, eta literaturaren ateak zabaldu.

1983an, Hiztegi erotikoa eman zenuen argitara. Nolatan sortu zen hura?

Izagirre zegoen hor ere. Desafioa, garaiko giroan akzioa zen hura, nolakoa gainera! Orduko lekukotasunerako, beste gauza gutxitarako balio du.

Itzulpengintza izan da zure ofizio nagusia. Nola hasi zinen horretan?

Zaletasunez. Zentzatu eta lanean hasi beharra zegoen, etxera ogia eraman behar guraso batek, eta profesionaltasunaren aukera izateko oposizioak egin nituen diputaziorako. Isilik eta lotsaz egin nuen bidea. Funtzionario bihurtzea umiliagarri egiten zitzaidan.

 

(Irakurri osorik Berria.eus webgunean)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide