Urola Erdiko trikitiaren garapena biltzen duen proiektua aurkeztuko dute etzi Soreasun

Intza Trula 2024ko eka. 4a, 11:50

'Errautsak hauspotzen' proiektua aurkeztuko dute etzi Soreasun.

Errautsak hauspotzen, hainbat bideografiaz eta liburu batez osatutako proiektua, ondu du Trikigiro elkarteak Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Ostegunean, 21:00etan, jarri dute aurkezpenerako hitzordua, Soreasu antzokian.

Trikigiro elkarteak, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean, Urola Erdiko trikitiaren hastapenak bildu ditu Errautsak hauspotzen izenburudun proiektuan. 1960-1970 hamarkadetan eskualdean trikitiaren panorama nola garatu zen jasotzen dituen bideografiak eta liburua ondu ditu, hain zuzen. Maiatzaren 24an, Azkoitian, aurkeztu zituen bideografiak jendaurrean eta, etzi, osteguna, bideografiak eta liburua plazaratuko ditu Azpeitiko Soreasu antzokian, 21:00etan.

Trikitiaren munduko 77 elkarrizketaturekin osatutako 58 bideografia eta liburua dira elkarteak egin dituenak, bailara honetan trikitiaren bueltan sortu den kultur ondarea jaso eta transmititzeko helburuarekin. Betiere, mugimendu horrek "euskal iruditegia kolektiboari egindako ekarpena balioan jarriz" . Trikitiaren "sehaska" bezala ezagutu izan da Urola Erdia, bai trikitiaren inguruan dagoen zaletasun handiagatik, bai historiako trikitilari asko bertakoak direlako ere: Candido Beristain, Epelde zaharra, Izer, Xakabi, Auntxa, Arbe, Maltzeta, Zabaleta, Zabale, Iturbide, Landakanda, Laja, Epelde, beste batzuen artean.

Hastapenak

2010ean kokatzen da proiektuaren abiapuntua. Hain zuzen, San Jose jaialdia antolatzen duen lantaldeak jarri zuen lehen hazia. Hasiera batean trikitiari lotutako dokumentala egiteko asmoa zuten, bide batez elkarteko artxibo bat osatuz. Ideia horri forma ematen hasi ziren Trikigiro elkartea eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba 2018an. Denborarekin, baina, dokumentala baino, elkarrizketatu bakoitzaren bideografia egitea egokiagoa zela iritzi zioten, eta panoramaren inguruko liburua ere argitaratuz, halaxe osatu dute Errautsak hauspotzen proiektua.

Halaber, aurkezpena "jai giroan" egiteko asmoz, triki poteoa ere antolatu dute ostegunerako. 19:30ean hasiko da, eta elkarteko zenbait trikitilarik Alde Zaharreko kaleak musikaz beteko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide