Kirola lanbide eta bizibide dutenak dira, definizioz, kirolari profesionalak. Definizio horren mugak, ordea, hori baino zurrunagoak dira sarritan, eta zer esanik ez emakumeen kirolaz aritzerakoan. Eider Bereziartua (Azpeitia, 1991) inoiz ez da bizi izan kirol jardunetik, hori lortzea helburu izan duenik ere ezin esan, baina profesionalekin eta profesionalen pare lehiatzea zer den badaki. Saskibaloian lehen eta triatloian orain, lehenengo ikasketak eta gerora lana inoiz baztertu gabe, kirolari orduak, lana eta sakrifizioa eskaintzen dizkio Bereziartuak, eta elitekoekin, elitekoen pare eta haien gainetik ibiltzea zer den jakitera ere iritsi da, neurri batean, bietan. "Ezinezkoa" zaio bere burua eta bizitza kirolik gabe irudikatzea, "era batera edo bestera" txikitatik egon da-eta kirolari lotuta.
Saskibaloia izan da oraintsu arte Bereziartuaren bizitzaren ardatzeko bat. 8 urterekin eskola kirolean hasi eta 27 urte betetzear zela utzi zuen saskibaloia, Iraurgi Saskibaloian maila guztiak igarota. Hala ere, senior mailako lehen lau urteak Barna taldean egin zituen azpeitiarrak, 2009an Bartzelonara ikastera joan zenean. "Han etxea topatu aurretik banuen taldea, Xubik [Jose Luis Zubizarreta] topatu zidan. Lo egiteko lekua baino, hori zen inportantea!", dio, irribarrez.
2017-2018 denboraldiaren bukaerarekin batera utzi zuen saskibaloia Bereziartuak. Azken sasoi hartan Iraurgiren senior mailako bigarren taldean aritu zen. "Exijentzia maila pixka bat gutxituta saskibaloiaz gozatzen jarraitzeko" egin zuen beherako urratsa Bereziartuak. Izan ere, 2014-2015 denboraldian LF2ra –Espainiako saskibaloiaren bigarren maila– igotzea lortu zuen Iraurgiren talde hartako kide zen Bereziartua. Bigarren mailara igo, baina lehen mailan jokatu behar izan zuten Iraurgiren emakumeek 2015-2016 denboraldia, karanbola burokratiko bat tarteko; sasoi bukaeran maila galdu eta 2016-2017an, orduan bai, LF2n aritu zen taldea. Iraurgi Saskibaloiaren talde batek inoiz gainditu gabeko mugak gainditu zituen talde hark eta lorpen horretan partaide izan zen Bereziartua, horrek eman zizkion poz eta neke guztiekin.
Saskibaloiari asko eman dio Bereziartuak, eta era berean, saskibaloiak asko eman dio azpeitiarrari, "dena". "Ohikotik" hasita, ezagutu duen jendea eta egin dituen lagunak aipatu ditu. Iraurgin hainbeste urtetan ezagututako jendeaz gain, Bartzelonako lau urteetan zein Argentinako eta Ingalaterrako egonaldietan entrenatu zituen taldeetan "jende mordoa" ezagutzeko aukera izan zuen. "Hain zuzen ere, Bartzelonan oraindik ere mantentzen ditudan lagunak taldekide izandakoak dira guztiak. Unibertsitatean ez neukan hainbeste lagun, baina taldean, lehen egunetik", kontatu du. Bizitzari aurre egiteko tresna gehiago ere eman dizkio saskibaloiak Bereziartuari: "Saskibaloiaren inguruan egin izan dut bizimodua urte askoan. Poz handiak, penak ere bai... Irakaspen asko eman dizkit: gauza askori aurre nola egin irakatsi dit, laguntasuna, konpartitzea...".
Whatsappean, 'Triatloie'
Duela sei urte utzi zuen saskibaloia Bereziartuak, eta bost urte dira gehiegi pentsatu gabe eta ia kasualitatez saskibaloiarekin zerikusi gutxi duen triatloiaren munduan sartu zela. Ordura arte bere bizitzaren zati garrantzitsua izan zen kirola alde batera utzi eta hilabete gutxira, Iraia ahizparen bidetik, igeriketari heldu zion Iraurgiko kide ohiak; eta jakin gabe, hortxe hasi zen gaur arte hazten eta indartzen joan den fruituaren hazia. Hala ere, aspalditik zuen aierua telefonoan Bereziartuak, Whatsapp talde itxurarekin: "Ez dut gogoan noiz, saskibaloiko taldeko afariren batean sortuko zela uste dut, baina aspalditik nuen Whatsapp taldeen zerrendan Triatloie izeneko bat. Lau taldekide geunden talde horretan eta inork ez zuen inoiz ezer idatzi, hutsik zegoen txata baina hor zegoen Triatloie taldea, hazi txiki bat balitz bezala".
Benetako hazia, baina, igerilekuan eta itsasoan hasi zen ernatzen. Ahizpak Getaria-Zarautz proba egin zuenean hura ikustera joan, eta huraxe egiteko gogo bizia sortu zitzaion Bereziartuari. Aritz Unanue bikotekidea konbentzitu zuen elkarrekin "goizeko zazpietan igeritara joaten hasteko", baina ez zen musu-truk izan: "Aritzi igeriketa ez zitzaion batere gustatzen, baina bizikletan eta korrika ibiltzen zen. Beraz, igerilekura joaten hastekotan, triatloirako prestatzen hasiko zela esan zidan. Eta nik, berak triatloia egin behar bazuen, nik ere baietz".
Horrelaxe hasi zen Bereziartuarentzat kirol ibilbide berria. 2019ko uztailean egin zuen, Unanuerekin, Getaria eta Zarautz arteko itsas zeharkaldia, baina ordurako hasita zegoen triatloian super esprint distantziako proba herrikoietan parte hartzen, Egoitz Arruti laguna prestatzaile hartuta. Pauso bat aurrera eman eta federatu egin zen 2019-2020 denboraldirako. Pandemiak etena ekarri zuen Bereziartuaren asmoetan eta 2020an lehiatzerik ez zuen izan, baina urte horretako irailean beste pauso bat eman zuen aurrera: Ainhoa Murua triatleta olinpiko izandakoarekin hasi zen lanean. Zarauztarraren aginduetara, "munduko entrenatzaile onenarekin", jarraitzen du gaur egun ere azpeitiarrak. Zumaiako taldearekin aritzen da, eta taldekideekin bidaiatzea eta lehiatzea "ederra" dela dio Bereziartuak, nahiz eta, saskibaloian ez bezala, talde lanak askoz pisu txikiagoa duen triatloian.
Bizikletan entrenatzera irten zen lehen egunean erori egin zen, korrika "kostatu" egiten zaio, baina bost urtetan asko hobetu eta aurreratu du Bereziartuak: apirilaren 6an Deltebreko (Katalunia) triatloi laburra irabazi zuen, Saleta Castro triatleta profesionalaren aurretik; eta maiatzaren 18an, Samorinen (Eslovakia), Challenge Mundiala jokatuko zuen, distantzia erdian: bederatzigarren sailkatu zen proban, eta laugarrena izan zen bere adin tartean. "Hori zen aurtengo nire helburu nagusia", azaldu du. "Lehiakorra" da azpeitiarra eta "buru-belarri" ari da triatloian ere: astero hamabi-hamasei ordu eskaintzen dizkio, astean zazpi egun eta urtean 365 egun. Kirol jarduera horretara moldatutako dieta jarraitzen du, eta horrek erosketak egitea "erraztu" egiten dio. Aisia asko mugatuta, "gure bizitza tetris bat da", dio Bereziartuak. Eta hala ere...: "Denbora gehiago edukiko banu, gehiago entrenatuko nuke".
Motzean
Adina: 32 urte.
Ikasketak:Ikus-entzunezko Komunikazioa, Komunikazio Korporatiboan masterra eta Diseinu Grafikoa.
Lanbidea: Marketin eta komunikazio lanak egiten ditut Sammic enpresan.
Triatloian arituko ez banintz… ziurrenik beste kirolen batean arituko nintzateke, edo bestela, gaur egun oso albora lagata dudan musikari lotutako zerbaitetan.
Lanetik ateratzean gogoko dut… eguraldi ona egiten badu, bizikleta hartzea eta buelta bat egitea.