Zestoa eta Urepele (Nafarroa Beherea) udalerrien arteko senidetzak oinarrian du Manuel Olaizola Uztapide eta Fernando Aire Xalbador bertsolari handien adiskidetza. Senidetza horren bueltan, eta bi bertsolari horien inguruan, Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburua idatzi du Pako Aristi idazle urrestildarrak. Gaur aurkeztu dute lana Donostiako Udal Liburutegian, eta bertan izan dira Aristiz gainera, Inazio Mujika Erein argitaletxeko editorea, Mikel Arregi Zestoako alkatea eta Xole Aire Urepeleko auzapeza.
Bi herrien senidetzeari lotuta, zerbait iraunkorra edota denboran iraungo zuena egiteko nahia zutela azaldu du Arregik, eta hortik etorri zitzaiela liburua egiteko ideia. "Senidetzaren lekukotasun baten beharra ikusten genuen, eta zer hobea liburu bat baino", azaldu du aurkezpenean Zestoako alkateak. Zestoan bizi den Pako Aristirekin kafe bueltako tertulian, liburua egitea proposatu zion hari Arregik, eta Erein argitaletxearekin elkarlanean atera dute liburua. Urepeleko auzapezak azaldu du "plazer bat" dela beraientzat Zestoarekin egin duten senidetza proiektuaren eta liburuaren parte izatea, eta bi udalerriek elkarrengandik zer ikasi badutela. Aristi eskertu du egindako lanagatik, eta liburuak bi herrien arteko senidetzeari "zentzu gehiago" ematen diola gaineratu du.
Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburua "maitasunezkoa" dela adierazi du Erein argitaletxeko editoreak, eta "lan zoragarria" dela nabarmendu du. "Bi bertsolari eta idazle handi izan ziren Uztapide eta Xalbador, eta haiek idazle handi egiteko bidean Antonio Zabalak lan handia egin zuen", ekarri du gogora Mujikak Auspoa bildumaren gidaria.
Bi bertsolarien arteko adiskidetzaren gaineko liburuaren proposamena onartu ondoren, ikerketa lanari ekin zion Aristik, eta Auspoa bilduman Antonio Zabalak ateratako liburuetara jo zuen. "Esan beharra daukat lanari ekin nionean ez neukala oso argi bi bertsolari hauekin zer egin zitekeen, edota haien harremana zein izan zen. Orduan, ikertzen hasi nintzen. Material interesgarria eta era askotakoa aurkitu nuen Aita Zabalak atera zituen 300 liburu horietan. Auspoa bilduman bertso jaialdiak, txapelketak-eta jasota daude, baina baita bertsolarien prosa edota kronika lanak ere. Uztapideren eta Xalbadorren aipamen asko azaltzen dira. Material izugarri bat zegoela ikusi nuen, harrobi bat zegoela nire eskura, eta ni horri guztiari haria, narrazioa, jartzen saiatu naiz", esan du Aristik.
Kasualitateak
Liburua idazteko orduan "kasualitate asko" aurkitu ditu egileak. "Liburua hasten dut honakoa idatziz: 'Haur bat jaio da Endoian eta beste haur bat jaio da Urepelen...' . Bi haur jaiotzen dira 146 kilometrora, Euskal Herrikoak dira biak, baina bi nazioetan daude, bat Espainian dago eta bestea Frantzian. Erdian muga bat dago. Euskara desberdina daukate, eta hor lan bat egin beharko dute elkar ulertzeko –batez ere Xalbadorrek–. Prozesu polit bat zegoela ikusi nuen".
Aristiren arabera, kasualitateetako bat da biek 16 urterekln kantatu zutela, eta beste bat, biek idatzi zutela prosa. Uztapidek Lengo egunak gogoan (1974) eta Sasoia joan da gero (1976) idatzi zituen, eta Xalbadorrek, berriz, Odolaren mintzoa (1976).
1936an Uztapidek aurreneko aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen eta bigarren gelditu zen, Txirritaren atzetik. Eta justu urte hartan Xalbadorrek bere lehen bertsoa kantatu zuen jendaurrean. Horra beste kasualitate bat idazlearen hitzetan.
Mugaz gaindiko bi bertsolariek 1946an egin zuten aurrenekoz elkarrekin topo, Zarautzen. Hala kontatu du Aristik: "Teodoro Hernandorena erbesteratuta zegoen Ipar Euskal Herrian, eta hark jaialdi bat antolatu zuen iparraldeko bertsolariekin, eta orduan egin zuten topo Mattinek eta Xalbadorrek; bertsotako bikote bihurtu ziren, eta ez ziren apartatu. Garai hartan, Euskal Herriaren hegoaldean, Uztapide eta Basarri zebiltzan betsotan bikote. Bi bikote. Gero, bikote aldaketa izan zen. Haiek egiten dituztenen aipamenak kontuan hartuta, uste dugu 1946an Zarauzko bertso saio batean elkar ezagutu zutela Uztapidek eta Xalbadorrek", kontatu du Aristik.
Harreman emankorra
Hiru urte geroago, 1949an, Uztapide aurreneko aldiz Ipar Euskal Herrira joan zen kantatzera, eta orduan hasi zen "30 urte iraun zuen" bi bertsolarien arteko adiskidetz, 1976an Xalbador hil zen arte. Oso bertsolari desberdinak izan arren, "oso harreman emankorra" izan zuten Aristiren arabera. "Uztapide diesela zen, eta pixka bat berotzen zenean-eta buldozer bat bihurtzen zen, gelditu ezinik bertsotan egiten zuen. Oso segurua eta erregularra zen. Uztapide lurreko bertsolaria zen, mahai ingurukoa, lagunartekoa, tradizioa oso ondo ezagutzen zuena, eta gauzak esateko moduak oso ondo menperatzen zituen. Errealitateari bete-betean kantatu zion, garaiko bertsolaririk onena zen dudarik gabe".
Xalbador, aldiz, "aireko" bertsolaria izan zen Aristiren arabera. "Abstraktoagoa zen haren bertsoak egiteko modua, filosofoa zen, poeta zen. Kantatzeko ere Xalbadorrek begiak itxita kantatzen zuen, ikusi nahi ez balu bezala aurrean zuen errealitatea, beste gauza bat amestuko balu bezala. Oso gizon berezia zen Xalbador, pentsaera politikoa zeukan, Euskal Herriaren batasunarekin ez zuen zalantza izpirik egiten. Hark bertsoetan garbi seinalatzen zituen Euskal Herriaren etsaiak zeintzuk ziren, Espainia eta Frantzia. Garai hartan hegoaldean frankismoa zegoen eta gauzak ezin zitezkeen hain garbi esan, eta horregatik, hegoaldeko bertsolarietan ez da hain garbi ikusten".
Elkar elikatu zuten bertsolari bikotea izan zen, Aristiren hitzetan, eta bien artean "bertsolaritza elikatu" zuten. 1960ko hamarkadan lortu zuten bi bertsolariek "gailurra": "Hamarkada horretan mantendu zuten bi bertsolariek sekulako maila". Hamar urteko hartan lau txapelketa nagusitan parte hartu zuen urepeldarrak. 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian bi bertsolariak buruz burukora iritsi ziren, eta Xalbadorren izena esan zutenean jendeak txistua jo zion "zazpi minutuan". "Bi bertsolariek elkarrekin momentu gozo eta txar asko pasatu zituzten". Eta horren harira, 1972an Uztapide jendaurrean kantatu ezinik gelditu zenekoa ekarri du gogora Aristik. "Orduan jendaurrean kantatzeari utzi zion, eta idazten hasi zen".
Liburua idazteko lanean ari zela galdera bat etorri zitzaion burura Aristiri: "Gaur egun nola ikusten dira bi bertsolariak?". Haren hitzetan, gaur egun Xalbador "bizirik" dago, baina Uztapide "ahaztuta" dago. "Uztapidek garaiko errealitateari kantatu zion, eta garaiak aldatu bezala ahaztu da. Xalbadorrek, aldiz, badirudi etorkizunari kantatu ziola. Hamabost talde edota kantari dira Xalbadorren hitzak musikatu dituztenak. Orain dela 50 urte hil zen poeta baten testuak erabiltzeak asko esan nahi du". Denborak desberdin hartu dituen bi bertsolari izan zirela nabarmendu du Aristik.
Liburuaren hitzaurrea Xabier Amurizak egin du, eta Aristik gogoratu du 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian epaimahaikide izan zela Amuriza.
Ekainaren 19an mahai ingurua, Zestoan
Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburuaren aurkezpena eta mahai ingurua ekainaren 19an egingo dute Zestoan. 19:00etan izango da, Kultur Etxean. Hizlari Pako Aristi liburuaren idazlea eta Xabier Amuriza bertsolaria ariko dira, eta Jon Artano kazetariak moderatuko du solasaldia.