Elektrotxuflak irabazi du Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketa

Ihintza Elustondo 2024ko eka. 7a, 11:09

Elektrotxufla elektrotxaranga, maiatzaren 4an eskaini zuen emanaldian. (Intza Trula)

Ez da Elektrotxuflak lehia irabazi duen lehen aldia, talde bera gailendu baitzen Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren lehen edizioan. 6.000 euroko saria jaso eta beste emanaldi bat eskainiko du aurtengo saninazioetan. Elektrokela sailkatu da bigarren postuan, eta Xaukena hirugarrenean.

Azpeitiko kaleak elektrotxaranga doinuz blaitu dituzte hainbat taldek maiatzeko asteburuetan; izan ere, Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren hirugarren aldia jokatu dute. Behin talde guztiek emanaldiak eskainita, orain gutxi jakinarazi du epaimahaiak bere erabakia, eta aurtengoan, Elektrotxufla elektrotxaranga izan dela onena ebatzi dute.

Maiatzaren 4an entzun ahal izan zen Elektrotxufla taldea kalean, elektrotxaranga lehiaketaren lehen saioan, hain zuzen ere. Guztira, 90 puntu batu ditu talde horrek, eta ez da lehia irabazi duen lehen aldia, talde bera gailendu baitzen Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren lehen edizioan. Aurtengoan, Elektrokela sailkatu da bigarren postuan, 82 punturekin, eta Xaukena hirugarrenean, 75 punturekin. Talde irabazleak, Elektrotxuflak, 6.000 euroko saria jasoko du, eta beste emanaldi bat eskainiko du aurtengo saninazioetan.

"Arrakasta handia"

Guztira, zazpi elektrotxarangak parte hartu dute aurtengo lehian: Elektrotxuflak, Hamarruk, Game Ofek, Patxangoik, Elektrokelak, Xaukenak eta Ostikadak. Azpeitiko hainbat musikarik osatu dute epaimahaia, eta honako irizpide hauek hartu dituzte kontuan irabazlea aukeratzerakoan: "Musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien aniztasuna, euskara eta parekidetasuna". 

Azpeitiko Udalak eta AZTE Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak elkarrekin antolatu dute III. Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketa, eta "arrakasta handia" izan duela nabarmendu du udalak. "Izan ere, jende ugari elkartu da maiatzeko larunbat arratsaldeetan elektrotxarangen doinuekin dantza egiteko". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide