Arratsalde bete-betea bizitzeko aukera izan dute gaur Urrestillako Txikuri frontoian elkartu diren herri kirolzaleek. Urrezko Aizkolarien finaletan, aizkoran bost txapel erabaki dira, eta harri-jasotzen desafio berezi bat, erakustaldi ugarirekin batera, bi ordu pasa iraun duen jaialdiaren barruan.
Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren bueltan antolatutako jaialdian, Iker Vicentek ez du hutsik egin. Jokatutako proba guztietan izan da azkarrena nafarra, erlojuaren kontrako enborrretan, etzanetan zein zutikakoan, eta bukaerako lan luzean: 19 minutu eta 6 segundo behar izan ditu guztiak osatzeko. Emozioarentzako tarterik ez du utzi Vicentek: 2.39 atera dizkio bigarren sailkatu den Mikel Larrañaga azpeitiarrari (21.45), eta Larrañagak baino minutu pasa gehiago behar izan ditu lanak burutzeko hirugarren finalistak, Hodei Ezpeletak (22.49).
Emakumeen Binakako Aizkolari Txapelketan estuagoak izan dira aldeak: 11 segundoren barruan bukatu dituzte lanak finalean lehiatu diren hiru bikoteek. Txapela Malen Barrenetxeak eta Karmele Gisasola Zelai III.ak jantzi dute (6.19), Uxue Ansorregi eta Nerea Sorondo sailkatu dira bigarren postuan (6.23), eta Oihana Fernandez Barrena eta Maika Ariztegi (6.30) izan dira hirugarrenak.
Gazte mailetako hiru txapel ere banatu dituzte gaur Urrestillan: Jon Erdoziak jantzi du 23 urtez azpikoena, Unai Etxeberria Osinalde-k 18 urtez azpikoena, eta Aitor Saralegik 16 urtez azpikoena.
Harri-jasotzaileen ikuskizuna
Harri-jasotzen txapelik ez da erabaki gaurko jaialdian (aurretik irabazia zuen Juan Iguararen oroimenezko txapela jantzi du bukaeran Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak), baina harri-jasotzaileek pisu berezia izan dute Txikuri pilotalekuan.
Iguaran zenaren oroimenezko desafioan, hark eta Lizeagak 1962an jokatu eta berdindu zuten apustuan egindako lana (125 kiloko harri banari 103 altxaldi) azkarrago nork bukatu izan dute jokoan gaur bi harri-jasotzaile hirukotek. Lizeagak 1962an erabili zuen harriarekin aritu direnak izan dira azkarrenak: 7 minutu eta 55 segundotan iritsi dira 103 altxaldietara Imanol Royo Lartain, Aimar Galarraga eta Beñat Telleria; Urrak, Paulo Azpiazuk eta Iraitz Arruti Burni Txiki-k, berriz, 8 minutu eta 16 segundo behar izan dituzte Iguaranen harriari altxaldi kopuru bera emateko.
Olaia Esnaola, Maddi Gesalaga eta Udane Ostolaza harri-jasotzaile gazteek ere ikuskizun ederra eskaini dute hainbat harrirekin, eta ingudearekin ere bai Ostolazak. Sari banaketa jendetsuarekin osatu dute gaurko hitzordua. Sariak banatu dituztenen artean egon dira Iguaranen alarguna, Lizeaga, Mieltxo Saralegi (semeari jantzi dio txapela), Jon Oteiza Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua, eta bi urrestildar: Itziar Goenaga aizkolari ohia eta Alejo Uranga Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburu ohia.
Gaurko jaialdi beteak eman duenaren irudi guztiak bihar izango dira ikusgai webgune honetan.