"Onenean" dela sortu du Iraurgik dokumentala

Ane Olaizola 2024ko eka. 12a, 09:47

Iraurgiren 'historikoak' dokumentalaren grabazio saio batean, Azpeitiko Betharrametako jolastokian. (Txetxu Urbieta)

50. urteurrenaren ospakizunen barruan, bihar estreinatuko du Hiru-hiru Azpeitiko eta Azkoitiko saskibaloi klubak, Soreasun. Sarrerak doan lor daitezke sarean.

Hiru-hiru izena jarri dio Iraurgi saskibaloi klubak labetik ateratzear duen eta 50. urteurrenaren harira egin duen dokumentalari, modu horretara laburbil baitaiteke Azkoitiko eta Azpeitiko klubaren historia: "Batetik, saskibaloian hirukoa da puntu gehien ematen duen saskiratzea, eta bestetik, hiru dira klubak izan dituen belaunaldiak: lehenengoa Josu Arregi Txapao-ren inguruan mugitu zena izan zen; ondoren etorri zen Jose Luis Zubizarreta Xubi-ren bueltakoa, eta egun, hirugarren belaunaldiaren buru da Ibon Guridi. Horrez gain, zirikatzea gustatzen zaidanez eta Azkoitiaren eta Azpeitiaren artean hiru-hiru esaldi famatua izan denez, horrekin ere jolastu nahi izan dugu", esan du Txetxu Urbietak, Iraurgiren 50. urtemugaren antolatzaile batzordeko kideak. Bihar ikusiko du argia ikus-entzunezkoak Azpeitiko Soreasu antzokian eskainiko duten emanaldian. 19:00etan izango da saioa, eta han egingo dute estreinaldiaren ekitaldi nagusia ere: «Alfonbra gorria jarriko dugu, baita photocall-a ere. Handitasunez ospatuko dugu estreinaldia". Etzi, modu apalagoan izanagatik, Azkoitiko Baztartxo antzokian estreinatuko dute lana, 19:00etan. Emanaldietara joateko Azpeitirako zein Azkoitirako sarrerak doan lor daitezke Entradium-en.

Iraurgik 1980an hartu zuen gaur egunera arte daraman izena, baina Lagun Onak izenarekin sortu zen saskibaloi kluba 1974an, Azpeitian. Dena den, Urbietak gogoratu du aurreko urteetan kirol horri lotutako mugimendua sortu zela Azkoitian, Anaitasuna Ilarra izenarekin: "Azkoitiko nahiz Azpeitiko hainbat lagunek Azkoitian jokatzen zituzten lagunarteko partidak". Hastapen haietatik abiatuta, klubaren historia jasotzen du 50 bat minutu irauten duen dokumentalak, eta Azkoitiko zein Azpeitiko alkateen nahiz klubeko "protagonista" izan diren 46 lagunen testigantzen bidez osatu nahi izan dute lana.

50 urteetan klubak zenbat lan egin duen eta zenbat lagun elkartu dituen azaltzea da dokumentalaren bidez zabaldu nahi duten mezua. Lanak bere fruitua eman ohi duela azpimarratuz, ordea, etorkizunean ere jarri dute begirada: "Klubeko neska gazte baten hitzekin amaitzen da lana: 'Etorkizuna gurea da', dio hark".

Klub "erreferentea"

Ospakizun betean murgilduta dago saskibaloi kluba urtea hasi zenetik, eta hain zuzen, kluba bere unerik "gozoenean eta onenean" dagoela azpimarratu du antolatzaileak, "apal" hasi zen taldeak bilakaera oparoa izan duelako. "Hasierako asmoa zen saskibaloiaz gozatzea, baina poliki-poliki eta lanaren bidez, kluba hazten joan zen, eta kirol lorpenak gauzatu ahala, kluba bera ere handitzen joan zen". 2001ean, klubak "krisi gogorra" jasan zuela adierazi du Urbietak, Iraurgi bera desagertzeko zorian egotera iristeraino, baina Xubik klubaren ardura hartu zuenean, ISBk bere egitura aldatu zuela eta taldea "profesionalizatu" egin zela azpimarratu du. "Emakumeen zein gizonen talde nagusiek goiko mailei eusten diete, eta horrez gain, klubean 400 ume baino gehiagok jokatzen dute. Hori sekulakoa da halako bi herritan". Ildo horretan, Urbietak esan du Iraurgi Euskal Herrian zein Espainiako Estatuan "erreferente" dela, "egiten duen lanagatik".

Antolatzaileek bi egitasmo nagusi prestatu dituzte urteurrenean: bata klubaren historia gogoratzen duen Hiru-hiru dokumentala da, eta bestea, aitortza sorta. Izan ere, klubarekin lotura izan duten herritarrak eta kideak omendu dituzte talde nagusiek etxean jokatu dituzten azken hilabeteetako partidetan, eta urtea amaitu arte jarraituko dute horretan.

Dokumentala Azpeitian eta Azkoitian estreinatu ondoren, gainera, Iraurgik Youtube plataforman duen kanalean jarriko du hura ikusgai, eta datorren azaroan Euskal Telebistan ere ikusi ahal izango da, duela mende erdi klubak jokatu zuen lehen partidaren dataren inguruan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide