LGTBI+ kolektiboko pertsonen errealitateak eta bizipenak ezagutzeko diagnostikoa egin du Eihera kooperatibak Azpeitiko Udalarekin eta Emakumeen Txokoarekin elkarlanean, eta ondorioak Oihu bat isiltasunean liburuxkan bildu ditu. Jakinarazi dutenez, hilaren 21ean, ostiralez, aurkeztuko dute liburuxka Sanagustin kulturgunean, baita etorkizunera begira prestatu duten ekintza plana ere. Halaber, ekainaren 28an izango den LGTBI Harrotasunaren eta Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jarduerak jakinarazi dituzte ekainaren 25erako eta 26rako.
Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen esanetan, diagnostikoaren emaitzak ez dira "atseginak": "LGTBI+ kolektiboari egindako erasoak jaso ditugu, eta norberaren desira erakusteko askatasun falta dagoela ere ikusi dugu. Herri modura lotsatzeko moduko gauzak agertu dira". Hori hala, LGTBI+ kolektiboari zuzendu zaio Alkorta, proiektuan parte hartu izana eskertzeko: "Hau guztia ez litzateke posible izango beraien parte hartzerik gabe, eta espero dugu horrelako lanketa batek gure begirada aldatzea". Amaitzeko, guztientzako herri bat aldarrikatu du alkateak: “Azpeitia denontzat leloa erabiltzen dugu herrian, ea benetan guztiontzako den Azpeitia bat eratzen dugun orduan".
Ildo beretik, Kattalin Miner Eihera kooperatibako kideak proiektuak duen garrantzia azpimarratu du: "Gogorra da diagnostikoan atera dena, baina hori erabili nahi izan dugu herritarrak besteen azalean jar daitezen eta herria beste ikuspegi batekin begira dezaten. Narrazioa ulertzea nahi dugu, eta ez kritika huts batetik irakurtzea. Herrikideen bizipenak dira, beraz, eskuzabaltasunez eta autokritikaz hartu behar direla uste dugu".
Hiru fase, hamaika pertsona
Iñi Etxezarreta Eihera kooperatibako kideak azaldu duenez, diagnostikoaren prozesua hiru fasetan banatu zuten. Lehenengo zatian, LGTBIQ+ kolektiboko herritarrei eman zieten hitza: "Herritarrak lehenetsi nahi genituen; izan ere, uste genuen diagnostikoaren lehenengo protagonistak beraiek izan behar zutela". Hemeretzi norbanako elkarrizketatu dituzte: azpeitiarrak, Azpeitian bizi direnak eta Azpeitian bizi zirenak baina beste herri batera joan direnak, horien artean.
Bigarren fasean, eragileekin eta kolektiboekin hainbat lansaio egin zituzten. Eragile horien artean jubilatuen elkarteak eta kultur elkarteek parte hartu dute. "Elkarte horietako pertsonek, LGTBIQ+ kolektiboko kideak izan ala ez, uste dugu nolabaiteko eragina dutela herrian, eta diagnostikoa osatzeko ezinbestekoak izan dira", dio Etxezarretak. Ondorengoa gehitu du: "LGTBI+ kolektiboko pertsonen bizitza eta errealitatea hobetzea guztion ardura da, herri oso batena, kolektiboko parte izan ala ez. Denon esku dago herri bizigarriagoa eta erosoagoa sortzea".
Hirugarren eta azken fasea udalarekin elkarlanean egin zuten. Etxezarretak aipatu duenez, LGTBI+ kolektiboko pertsonen errealitateak biltzeko eta herriratzeko beharraz gain, etorkizunerako plan baten beharra ere ikusten zuten: "Diagnostikoaz gainera, neurriak hartzea ere beharrezkoa da, ondorioei erantzuna emateko, eta horretarako gaitasunik handiena udalak dauka". Udal gobernuarekin, oposizioarekin eta udaleko teknikariekin egin dute lan. Hemeretzi norbanakok, zazpi elkartek eta eragilek eta bost instituziok parte hartu dute prozesu osoan zehar; 50 norbanakotik gora izan dira, guztira.
Hori hala, alde batetik, modu literario batean osatutako liburuxka aurkeztuko dute jendaurrean, norbanakoen bizipenak eta esperientziak narrazio modura biltzen dituena. Bestetik, diagnostikoaren txostena –teknikoagoa dena– udalaren webgunean egongo da eskuragarri.
Azpeitia herri txikia izanagatik ere, positiboki baloratu du Etxezarretak herritarrengandik jasotako erantzuna: "Jende asko inplikatu da proiektuan, eta oso eskuzabalak izan dira guztiak. Pertsona batek beste bat lotzen zuen parte hartzeko, eta horrek hirugarren bati dei egiten zion. Sare moduko bat sortu dugu".
Hori hala, hilaren 21ean, 18:00etan izango da diagnostikoaren nahiz liburuxkaren aurkezpena Sanagustin kulturgunean. Ondoren, 19:00etan, Poperra, afterra, utopia ikuskizuna eskainko dute Miren Narbaizak eta Danele Sarriugartek. Amaitzeko, bertso poteo queer-a egingo dute Maider Arregirekin eta Aner Peritzekin.
Hilaren 25ean eta 26an, ekintza gehiago
LGTBI Harrotasunaren eta Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da ekainaren 28a, eta Ione de la Cruz Emakumeen Txoko teknikariak eta Malen Aldalur parekidetasun teknikariak jakinarazi dutenez, horren harira hainbat ekintza antolatu dituzte ekainaren 25erako eta 26rako.
Ekainaren 25ean, asteartez, Zinegoak film laburren emanaldiak eskainiko dituzte Soreasun, 19:00etatik aurrera. Gainera, Precoz film laburraren zuzendariarekin solasaldia ere izango da. Hilaren 26rako, berriz, Trans errealitateak hango eta hemengo bizipenak ezagutzen mahai ingurua antolatu dute.
Honakoa da datozen asteetarako egitaraua:
Ekainak 21, ostirala
- 18:00. Azpeitiko LGTBI+ errealitateen inguruko diagnostikoaren eta ekintza planaren aurkezpena Eihera kooperatibako kideen eskutik, Sanagustin kulturgunean.
- 19:00. Popperra, afterra, utopia ikuskizuna Miren Narbaizaren eta Danele Sarriugarteren eskutik, Sanagustin kulturgunean.
- Ondoren, bertso poteo queer-a Maider Arregirekin eta Aner Peritzekin.
Ekainak 25, asteartea
- 19:00. Zinegoak film laburren emanaldia eta solasaldia Alex Agirrerekin, Soreasu antzokian.
Ekainak 26, asteazkena
- 18:00. Trans errealitateak. Hango eta hemengo bizipenak ezagutzen mahai ingurua Eder Iturralderekin eta Fernanda Falcaorekin, Basazabal jauregian.