Hitzaren Eskolaren bosgarren edizioa antolatu dute irailaren 7tik azaroaren 23ra, eta eskolan parte hartzeko izen ematea zabaldu du Kulturaz kooperatibak. Izena ekainaren 13tik uztailaren 15era bitartean eman behar da lotura honen bidez.
Hitzaren Eskolak larunbatetan izango dira, 09:00etatik 13:00etara, Dinamoa sormen gunean. Lau irakasle eta beste hainbeste irakasle gonbidatu ariko dira eskolak ematen. Hitzaren Eskolaren bosgarren edizioan irakasle honako hauek ariko dira: Miren Amuriza, Ibon Aranberri, Maialen Berasategi eta Koldo Izagirre. Irasle gonbidatuak, berriz, honakoak izango dira: Amaia Egidazu, Miren Jaio, Isabel Etxeberria eta Amagoia Gurrutxaga.
2019an hasi zuten Hitzaren Eskola, Dinamoa sormen gunea ireki zenean. "Orain arte lau edizio egin ditugu, eta aurten bosgarrenarekin gatoz. Sormen guneetan ez da oso ohikoa izaten, baina guk hitzari eremu bat eskaini genion Dinamoan, eta eremu horretako proiektu ardatza da Hitzaren Eskola", azaldu dute eskolaren antolatzaileek.
Hitza bera "erdigunean jarrita" egiten dute eskola. "Ez diziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin. Eta horretarako, hitza euren jardunean era batera edo bestera presente daukaten jendeak ekarri ditugu eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko, betiere osotasun baten bila: hitzaren jabe egitea belaunaldi berriak, hitza hartzeko bidea jartzea", azaldu du Kulturazek.
Hitzaren Eskolari buruzko informazioa Dinamoa.eus webgunean eskuratu daiteke, eta edozein zalantza argitzeko dinamoa@kulturaz.eus helbide elektronikora idatzi daiteke.