Adinekoen harremanak hizpide, bihar Baigeran

Iraia Oteiza 2024ko eka. 19a, 09:50

Garazi Etxaniz Azpeitiko Adinkideko gizarte garapeneko arduraduna adinekoekin harremantzearen garrantziaz mintzatuko da. Herritar orok izango du bertaratzeko aukera.

Adinekoen komunitatean sozializatzearen onurak hitzaldia eskainiko dute bihar Azpeitiko Baigera jubilatuen elkarteko aretoan. 16:30ean hasita, adinekoen harremanen garrantziaz mintzatuko da Garazi Etxaniz Azpeitiko Adinkideko gizarte garapenerako arduraduna.

"Gizakia izaki soziala da, hau da, pertsona batek dituen harreman sozialek eragina izaten dute haren bizitzan. Eragin hori, gainera, are indartsuagoa izaten da zahartzaroan: harremanak sostengu izaten dira adinekoen egunerokotasunean, eta horiek ongizatean zein buru osasunean zuzenean eragiten diete", dio Etxanizek.

Hori horrela, adineko pertsonen sozializazioa bultzatu nahi du Adinkide elkarteak, beraien osasuna eta bizi kalitatea hobetuz: "Hain zuzen, Adinkide herrian egiten ari den lana azaldu nahi dut hitzaldian, elkartearen helburu nagusia bakardade ez aukeratua jasaten duten adineko pertsonei konpainia, elkarrenganako afektua eta adiskidetasuna eskaintzea baita", dio gizarte garapeneko arduradunak.

Adinkide boluntarioei bideratuta dagoen irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundea da. Gipuzkoako hainbat herritan egiten du lan, eta askotariko ekintzak eta informazio saioak eskaini ohi ditu horietan. Iaz hasi zen Azpeitian lanean, eta bereziki bi programa ditu indarrean herrian: akonpainamendu afektiboa eta sozializazio ekintzak. "Aurreneko programaren barruan, ditugun boluntarioetako bat harremanetan jarri ohi da herriko adineko pertsona batekin, elkar ezagutzeko eta astean behin elkarrekin bi orduz egoteko. Sozializazio ekintzei lotuta, berriz, elkartearen parte diren adineko pertsonak eta boluntarioak elkartu ohi dira ekintzak egiteko".

Sozializatzeko arazoak

Hainbat arrazoi medio, adineko pertsonek sozializatzeko garaian batzuetan zailtasunak izaten dituztela azaldu du Etxanizek, eta noiz edo noiz aukeratu gabeko bakardade egoeran sentitzen direla. "Egunero, konturatu gabe, diskriminazio modu ezberdinak erabiltzen ditugu adinekoekin, ikusezinak direnak. Adinkeria terminoa erabiltzen dugu guk halakoetan, adinagatiko diskriminazioa deskribatzeko. Hain justu, adinkeria da adinekoek sufritzen duten gutxiespen sozialaren eta bakardadearen arrazoi nagusia". Adinkideko arduradunak gaineratu duenez, halako egoerei aurre egiteko, "beste edonorekin bezala" harremandu beharko lukete herritarrek adinekoekin ere.

Azpeitian adineko pertsonek bizi duten egoeraz, gaiari lotuta Adinkidek egin dituen ikerketez eta bakardade egoerak saihesteko gomendioez mintzatuko da bihar Etxaniz Baigerako aretoan eskainiko duen solasaldian. Herritar orok izango du bertaratzeko aukera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide