Seme zaharrenagatik, Denisengatik, sartu zen Miren Aranburu (Eibar, Gipuzkoa, 1979) erraldoien munduan. "Eskulanak betidanik gustatu izan zaizkit, baina erraldoiek inoiz ez zidaten arretarik piztu izan. Baina berari, bai, eta ama naizen aldetik, buru-belarri sartuta nabil". Etxekoen laguntzarekin, baina bere eta Denisen ekimenez sortu dute Urrestillako erraldoien konpartsa txikia. Umeek erabili eta dantzatu ahal izateko erraldoi txikiak eta arinak dira Ibarluzen, Aranbururen eta familiaren etxean, egindakoak; sanjoanetarako prestatu zituzten, baina iaz Azpeitiko erraldoien topaketan ere parte hartu zuten lehen aldiz. Ez dakite aurten Azpeitikoa errepikatuko duten, baina hitzartuta dute beste irteera bat: Zarauzko Itsasmendiko erraldoi txikien topaketara gonbidatu dituzte, eta han izango dira irailaren bukaeran.
Semeari erraldoiekiko lilura nondik datorkion ez dauka argi. Izan zitekeen Azpeitian Santio-San Inazio jaien bueltan Euskal Herriko hainbat tokitatik iritsitako erraldoi konpartsek egiten duten erakustaldiagatik, baina ez, data horietan "beti kanpoan" egon ohi direlako Aranburu eta sendia. Denisi, baina, txikitatik gustatzen zaizkio asko erraldoiak, Azpeitiko alkateari kontu eske-edo gutuna idazteraino. Horrela kontatu du bitxikeria esanguratsua Aranburuk: "Ea Azpeitiko erraldoiak non zeuden, eta bistan ipintzeko eskatuz idatzi zion gutuna alkateari. Eneko [Etxeberria] zegoen orduan alkate eta harekin egon ginen; erraldoiak non gordetzen zituzten ikustera eraman gintuen, Soreasura".
Urrestillako sanjoanetan kalera ateratzen zituzten erraldoi txikiak ere –Lizartxo eta Haujijijaikoen besteak– ikusten zituen Aranbururen semeak, baita kalera atera bai, baina inork ez zituela ibiltarazten ere. "Sanjoanetan lizarraren erraldoia ibiltaraztea nahi zuen berak", dio Aranburuk. Ordurako bazuten Denisentzat egindako erraldoi bat etxean, arrantzalearena: "Aitonak egurrezko egitura egin zion, eta semeak eta biok osatu genuen buruarekin eta, etxean geneuzkan gauzekin. Josten ibiltzen naiz, eta jantziak neuk egin nizkion; etxean bagenuen arrantzaleek erabiltzen duten antzerako euritako hori bat, eta hura oinarri hartu genuenez, horregatik egin genuen arrantzalearen erraldoia. Denisek pila bat jolasten zuen bere erraldoiarekin". Semeak adierazitako nahia bideragarria ote zen jakiteko, festak antolatzeko bilera batera joan zen Aranburu. Festa batzordekoek esan zioten berez ez litzakeela arazorik egongo erraldoia erabiltzeko, baina "oso pisutsua" zela eta umeak nekez mugitu ahalko zuela. "Umea handia zela eta ohituta ere bazegoela azaldu nien, guk bageneukalako erraldoi bat etxean. Hori entzun zutenean, etxeko erraldoia kalera ateratzeko eskatu ziguten", kontatu du Aranburuk. Gonbidapena gustura hartu arren, etxean zuten erraldoia arrantzalea zela kontuan hartuta, ez zitzaien Urrestillako sanjoanetarako egokia iruditu Ibarluzeko ama-semeei. Baina erremedioa aurkitu zuten.
Antxieta, Oielarrekako sorgina, Lizartxo eta Sugartxo
Erraldoiak non gordetzen zituzten ikusten izan zenean, Azpeitiko historia eta ondarea jasotzen dituen Azpeitia Ezagutzen bildumako liburuekin itzuli zen etxera Denis, eta horietan arakatuz argitu zitzaion bidea Aranbururi: arrantzalearen erraldoia ‘tuneatuta’, Joanes Antxieta musikariaren erraldoia egingo zuten, Urrestillarako ezin egokiagoa. "Kapa bat ipini, koloreak pixka bat aldatu, gitarra bat gehitu... garai hartako musikari bat irudikatzen ahalegindu ginen", azaldu du Aranburuk; "jende askok galdetu" izan dio Iparragirre al den, kontatu du barrez Urrestillako erraldoi txikien konpartsaren figuren egileak.
Erraldoi berria 2022ko San Joan egunez atera zuten kalera. "Jendeari asko gustatu" zitzaion, baina Denis ez zen estreinaldiarekin hain pozik gelditu: bera zen erraldoi barruan zihoan bakarra, beste erraldoi txikiak plazan geldirik edukitzen zituztelako... "Pixka bat lotsatuta" eta deseroso sumatu zuen Aranburuk semea, eta agindu zion hurrengo urterako Antxietarentzat bikotekidea prestatu, eta besterik ezeran, biak irtengo zirela erraldoiekin, "saltsa pixka bat jartzera". Antxietaren bikotekidea zeren edo zeinen irudikapena izan, hori bihurtu zen Aranbururen eta haren etxekoen erronka berria. Buruak lanean jarri zituzten, beraienak eta ingurukoenak, eta erronka hori ere gainditu zuten: "Urrestillarekin zerikusirekin bat izan behar zuen, eta nik ez nekien zer edo zein izan zitekeen. Emakume baten irudia izan behar zela zioten batzuek, baina zein emakumerena? Raibotxi [Ramon Etxezarreta] azaldu nion zer nahi nuen, hark aipatu zidan Oielarrekan bazegoela sorginzulo bat, eta horrekin piztu zitzaidan argia: sorgin bat irudikatuko genuen, Oielarrekako sorgina, Urrestillarekin lotura izango zuen pertsonaia eta sanjoanetarako ezin aproposagoa". Iaz, musikariaren heriotzaren 500. urteurrenaren haritik San Joan egunez antxietatarrei egin zieten omenaldi ekitaldian dantza egin zuten Antxietaren eta Oielarrekako sorginaren erraldoiek Urrestillako plazan. Antxietaren erraldoiak egitura berria estreinatu zuen egun horretan; haren egitura zaharrarekin egindako Lizartxo berriarekin eta Sugartxo buruhandiarekin, herriko trikitilari gazteekin batera, kalejiran ibili ziren aurretik erraldoi konpartsakoak.
Aranbururen hiru semeak ez ezik, inguruko lagunak ere behar izan dituzte erraldoiak eta buruhandia mugitzeko. Iaz, Azpeitian, ia hogei ume atera ziren taldean. Bere seme zaharrenaren antzera, horietako batzuk erraldoizale sutsuak ziren: "Ikustekoak ziren haien aurpegiak, amets bat betetzen ari ziren. Oso polita izan zen". Gutxiagorekin molda daitezke, ibilbidea luzea ez denean, baina animatuko den jendea aurkitzea ez dela hain erraza dio Aranburuk. "Ikusle gisa bai, baina ekintzetan zuzenean parte hartzen animatuko den jendea aurkitzea ez da hain erraza inguru honetan. Beste herri batzuetan jende asko inplikatzen da erraldoi konpartsetan, baina hemen ez dago halako ohiturarik". Erraldoiak geldirik edo dantza egin gabe egotea, edota erraldoiak burua kenduta ibiltzea, ez ditu ulertzen Urrestillako erraldoi txikien sortzaileak.