'Oihu bat isiltasunean', harri koskor bat LGTBI+ kolektiboa saretzeko bidean

Ihintza Elustondo 2024ko eka. 22a, 10:00

LGTBI+ kolektiboko pertsonen errealitateak eta bizipenak ezagutzeko diagnostikoa egin du Eihera kooperatibak Azpeitian, eta ondorioak txosten tekniko batean jasotzeaz gain, Oihu bat isiltasunean liburuxkan bildu dituzte, modu dibulgatiboan. Jendaurrean aurkeztu dute lana eta aurrera begirako ekintza plana, diagnostikoan parte hartu duten hainbat herritar bertan zirela. Festa giroan borobildu dute eguna.

LGTBI+ kolektiboko pertsonen errealitateak eta bizipenak ezagutzeko diagnostikoa egin du Eihera kooperatibak Azpeitiko Udalarekin eta Emakumeen Txokoarekin elkarlanean, eta ondorioak Oihu bat isiltasunean liburuxkan bildu ditu. Atzo, ostiralez, aurkeztu zuten liburuxka Sanagustin kulturgunean, baita etorkizunera begira prestatu duten ekintza plana ere. Diagnostikoan parte hartu duten hainbat herritar bertan zirela egin zuten aurkezpena Eihera kooperatibako Iñi Etxezarretak eta Kattalin Minerrek.

Aurkezpenarekin hasi aurretik, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak hartu zuen hitza. Liburuxkaren izenburuari egin zion erreferentzia, eta "errealitate" bat islatzen duela nabarmendu zuen. Dena den, Alots Arregik ondutako azalak "aurrera begira ate bat irekita" dagoela adierazten duela gaineratu zuen. Diagnostikoa esku artean, burura medikuak etortzen zaizkiola aipatu zuen. "Askotan, norberak bere barruan jakiten du ez dabilela ondo, baina ez gara joaten medikuarenera. Udala kontziente zen herrian min batzuk zeudela, baina medikuarenera joan gabe zegoen. Orain erabaki dugu joatea". Diagnostikoak "lotsaarazteko" ondorioak biltzen dituela nabarmendu zuen, eta horri aurre egiteko ekintza plana ere proposatu dutela. "Erronkari heldu behar diogu". Eskerrak eman zizkien "bihotzez" Eiherako kideei eta diagnostikoa posible egin duten guztiei.

Eihera kooperatibako kideek jarraitu zuten hitzartzearekin, eta haiek ere, lehen-lehenik, eskerrak eman zizkieten diagnostikoa posible egin duten guztiei. "Eskuzabalak izan zarete", esan zuen Etxezarretak. Bildutako informazio guztiarekin osatutako txosten teknikoa udalaren webgunean jarri dute eskuragarri, baina horrez gain, errelatoak modu dibulgatiboago batean ere zabaldu nahi izan dituzte herrira, eta horretarako sortu dute Oihu bat isiltasunean liburuxka. Prozesua hiru fasetan banatu dute. Lehen fasean, LGTBI+ kolektiboko pertsonen errealitateak jaso dituzte; bigarren fasean, herriko eragileekin bildu dira; eta hirugarren fasean, Azpeitiko Udalarekin. Guztira, hemeretzi norbanako elkarrizketatu dituzte, adinaren arabera banatuta. Anonimotasuna bermatzeko, baina, ez dute horien izenik publiko egin inon.

Ondorio nagusiak

Miner diagnostikoan jaso dutenaz mintzatu zen. Haren arabera, Azpeitia nolakoa den galdetzean, termino bat aipatu dute elkarrizketatuek askotan: "Tradizioa". Horrek ohiturekin eta pertenentziarekin zerikusi zuzena duela nabarmendu zuen, eta pisu berezia duela LGTBI+ kolektiboko pertsonengan, tradizio hori hautsiz gero, "zigorra" izaten delako. Isolamenduaren kontzeptua ere behin baino gehiagotan identifikatu dute. "Elkarrizketatuek aipatu dute Azpeitia isolatuta dagoela, gauza batzuetarako iragazkortasun gutxi dagoela; hau da, itxita dagoela herria".

Belaunaldi ezberdinetako pertsonak elkarrizketatuta, nabaritu dute gauza bat errepikatzen dela behin eta berriro LGTBI+ kolektiboko pertsonengan: "Isiltasuna da nagusi, norberarena eta soziala. Ikusezintasuna dago gai honen inguruan. Ematen du ez dagoela, ez dela pasatzen". Minerren esanetan, ez da hitz egin izan gaiaz aurrez aurre; hitz egin da, baina atzetik. Jendeak sentitu du bera izan dela kolektibo horretako bakarra, eta gerora ikasi behar izan dute elkar ikusten. 

Espazio publikoan ere jarri zuen arreta; hau da, kalea, gaua, aisia norena den aztertu dute, zer gertatzen den eremu horretan LGTBI+ kolektiboko pertsonekin, zer praktika gailentzen diren. Minerren arabera, festa eta gaua "gatazka espazio" dira, "ez guztiz erosoak". Azpeitiko egutegian egunik seguruena zein den galdetzean, uztailaren 30a aipatu dute batek baino gehiagok, "kanpoko jende asko egoten delako". Horren harira, paradoxa jarri zuen mahai gainean Minerrek: "Kanpoko presentziak bertakoa seguruagoa egiten du".

Diagnostikoan ondorioztatu dutenez, ez da hainbesterainokoa LGTBI+ kolektiboko pertsonek eraso fisiko bat jasotzeko duten beldurra, baina askok aipatu dute "besteek esango dutenak" kezkatzen dituela. "Seinalizazioari beldurra" dute gehienek, "begiradak" jasan behar izan dituzte, eta horrek "barne gatazka" eragiten du. Bereziki nabaritu dute mutil askok jasan dutela haurtzaroan edo gaztaroan "bullying homofobiko handia, neskekin ibiltzeagatik edo futbola ez gustatzeagatik". 

Era berean, emakume askok aipatu dute 25 urtetik gorako emakume gutxi ikusten direla espazio publikoan modu autonomoan, emakume kuadrilla gutxi ikusten direla aisialdiaz gozatzen adin batetik aurrera, ohikoagoa dela horiek bikotekidearekin ibiltzea kalean. "Horrek harritu egin gintuen", esan zuen Minerrek.

Azpeitia bizigarria?

Galdera bat egin zuen hark jarraian: LGTBI+ komunitatearentzat bizigarria al da Azpeitia? Horren harira, ohartu dira sexilioak presentzia nabarmena izan duela herrian. Zer da, baina, sexilioa? "Norbere jaioterritik alde egitea, hortik kanpo bizitzea zaren hori", azaldu zuen Minerrek. Datuek hitz egiten dute: jabetu dira elkarrizketatuetako bat bakarrik ez dela kanpoan bizi izan. Eiherako kidearen arabera, sexilio hori batzuek kontzienteki garatu dute, eta beste askok ez: "Ikastera kanpora joan dira batzuk, han gauza asko ikusi dituzte, eta ez dute itzuli nahi izan herrira". Hori askorentzat "biziraupenerako" erreminta izan dela nabarmendu zuen. Behin herrira itzultzean, "sare bat galdu" dutela eta "bakardadea" sentitu dituztela aipatu dute zenbaitek.

"Bizirauteko gakoak" zein izan diren ere azaldu zuten. Elkarrizketatuei erreferenteei buruz galdetu zieten, baina Minerrek aipatu zuen "normalean positiboak" izaten direla erreferenteak, eta norbere erreferente izan daitekeen LGTBI+ pertsona bati jazarpena egin badiote, zaila dela hura eredutzat hartzea. Aipatu zuen admirazio bat egon dela, baina "kontraesana" sortzen dela, "erreferenteei gauza beldurgarriak" egin dizkiotelako. Horrez gain, militantzian eta aktibismoan jarri dute arreta, eta ohartu dira mugimendu feministak jende askori lagundu diola aurrera egiten. Babesa non sentitu duten galdetzean, elkarrizketatu askok aipatu dute familia; batez ere, amekin, arrebekin eta ahizpekin sentitu dute babes hori, eta ez hainbeste aitekin eta anaiekin. Beste LGTBI+ pertsonak ere izan dira babesa askorentzat, baita nesken kuadrillak ere. "Mutil asko salbatu ditu nesken kuadrillak". Futbola ere aipatu zuen Minerrek. "Mutil askorentzat indarkeriarako eremua da futbola, eta neskentzat, berriz, etxea izan da".

Beste gatazka bat ere atzeman dute diagnostikoa osatzerakoan. "Azpeitian euskarak potentzial handia du, euskaraz bizi dira herritarrak, baina LGTBI+ bizitza gaztelaniaz egiten dute askok. Azpeitiari ikusten diogu aukera norberarentzat hain inportanteak diren bi pilare horiek uztartzeko".

Aurrera begira, zer?

Diagnostikoaren ondorio nagusiak aletu ondoren, aurrera begira jarri zen Eiherako kide Etxezarreta. "Antolakuntzarako eta aitortzarako beharra" identifikatu dituzte, eta hainbat neurri proposatu dituzte ekintza planean. "Txosten teknikoan neurri pila bat jaso ditugu, hartu zitezkeen neurri guztiak, baina denak egingarriak ez direnez, batzuk lehenetsi ditugu. Ikusten dugu aitortza eta erreparazioa egin behar direla jende baten indarkeria bizipenekin; errekonozimendu hori ez da egin behar modu instituzionalean soilik, kolektiboki baizik, herri guztiaren ardura izan behar da. LGTBI+ memoria jaso behar dela ere ikusi dugu; askok aipatu dute Kastellanuek dokumentalarekin egin zen antzeko zerbait egin daitekeela. Potentzialitate bezala, Azpeitiak badauka Hezkidetza Foroa, eta horri aukera asko ikusten dizkiogu LGTBI+ ikuspegia txertatu ahal izateko hezkuntzan. Azkenik, indarkeria artatzeko protokoloa indartu egin behar dela ikusi dugu, erantzun kolektibo eta komunitarioan arreta jarrita".

Aurkezpenera bertaratu ziren dozenaka herritarren artetik hainbatek hartu zuten hitza bukaeran. Esker hitzak, erreferenteei aitortza egiteko beharra... aipatu zituzten besteak beste, eta nabarmendu zuten Oihu bat isiltasunean liburuxka "harri koskor" bat izatea nahiko luketela komunitatea saretzen jarraitzeko bidean. "Ea indar honek balio digun etorkizunean guk bizi izan dugun bakardade hori bizi ez dezaten", borobildu zuen herritar batek.

Elkarrekin, festa

Aurkezpenaren ondoren, bertaratutakoek argazkia atera zuten plazan, koloretako banderaren azpian. Jarraian, Poperra, afterra, utopia ikuskizuna eskaini zuten Miren Narbaizak eta Danele Sarriugartek, eta, amaitzeko, bertso poteo queer-a egin zuten Maider Arregirekin eta Aner Peritzekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide