Lokal berriarekin erronka berriei heldu nahi die Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteak

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 26a, 18:08

Elizkaleko Bizi Berri zentroaren erabilera anitzeko gunea izango da Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteak aurrerantzean odol ateraldiak egiteko erabiliko duen egoitza. Elkarteko kideek "kezka" agertu dute emaileen kopurua "ikaragarri" jaitsi delako Azpeitian.

Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteak lokal berria du Elizkalean, eta gaur egin dute aurreneko odol ateraldia leku horretan. Hain zuzen, Parrokiaren Soreasuko lokala utzi, eta Elizkaleko Bizi Berri proiektuaren erabilera anitzeko gunea probestuko dute aurrerantzean hileroko odol ateraldiak egiteko. Zehazki, Mendizaliek tabernaren aurrean dago Bizi Berriren lokala. 

Odol Emaileen Elkarteko kideek "eskerrak" eman nahi izan dizkiete Azpeitiko Udalari, eta, batez ere, Edurne Zubia Gizarte Zerbitzuetako arduradunari, lokala uzteko egindako ahaleginagatik. Nabarmendu dute, lokal berriarekin ikusgarritasuna lortu nahi dutela, jendea gehiago hurbil dadin, besteak beste. 

Kezkak eta erronkak

Lokal berria estreinatuta, erronka berriei heldu nahi diete odol emaileen elkartekoek; izan ere, "kezkatuta" daude odol emaileen kopuruak Azpeitian izan duen "beherakada nabarmena" ikusita. Azaldu dutenez, maiatzean 37 odol ateraldi soilik zenbatu zituzten herrian. "Hori zifra lotsagarria da, kontuan hartuta Azpeitia 15.000 biztanle inguru bizi garela", adierazi dute. Kezka hori tarteko, duela aste batzuk herriko plazan postua jarri zuten, Gipuzkoako Odol Emaileen lana gizarteratzeko. 

Orain, lokal berriarekin ikusgarritasuna lortu ez ezik, odola ematearen garrantziaz kontzientziatu eta odola ematera animatu nahi dituzte herritarrak. Hori dela eta, herriko eragileekin bilkurak egiten hasiko direla aurreratu dute: "Asmoa da herriko taldeekin elkartzea, eta egoera zein den azaltzea, haiek ere anima daitezen odola ematera, noizbait guztiok beharko baitugu".  

Gipuzkoako Odol Emaileak elkarteak hileko azken asteazkenetan egiten ditu odol ateraldiak Azpeitian. Aurrez txanda hartu behar izaten da, Gotatanta.eus webgunean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide