Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azken final-zortzireneko saioa Azpeitian izango da

Nerea Uranga 2024ko eka. 27a, 17:37

Etxeberria eta Gurrutxaga Gipuzkoako Bertsotaneko Alegiako saioan. (GBE)

Irailaren 14an hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hamasei saiok osatuko dute. Final-zortzirenetako azken saioa jokatuko da Azpeitian, urriaren 5ean. Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria bertsolariek parte hartuko dute, eta epaile ariko denetako bat izango da Oihana Aranguren.

Irailaren 14an hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan 48 bertsolari ariko dira kantuan; horietatik 34k udaberrian jokatutako Gipuzkoako Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela, eta gainontzeko hamalau bertsolariek duela bost urteko txapelketan eskuratu zuten aurtengoa jokatzeko aukera. Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria bertsolari azpeitiarrek parte hartuko dute txapelketan udaberriko sailkapen fasean lortutako txartelari esker.

Gurrutxagak irailaren 14an (17:30) Urretxuko Labeaga aretoan izango den saioan kantatuko du. Harekin batera ariko dira saioan honako bertsolariak: Andoni Rekondo, Ane Zuazubiskar, Antton Aizpurua, Mikel Iturriotz eta Unai Mendizabal. Etxeberriak, berriz, irailaren 15ean (17:30) kantatuko du Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Saio horretan ariko diren beste bertsolariak honakoak dira: Aitor Zubikarai, Amaia Iturriotz, Aner Peritz Euzkitze, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Manu Goiogana.

48 bertsolariez gainera, hamasei gai-jartzaile, hamabost epaile eta laguntzaile ugari ariko dira txapelketan lanean. Epaile jardungo dutenen artean Oihana Aranguren azpeitiarra dago.

Hamasei saio, bat Azpeitian

Urretxun hasiko dira final-zortzirenak irailaren 14an, eta Donostiako finalera bitartean hamasei saio izango dira, hiru faseren eta finalaren artean. Zazpi final-zortziren jokatuko dira, eta azkenekoa, urriaren 5ekoa (larunbata), Azpeitian izango da, 17:30ean, Soreasu antzokian. Saio horretan kantatuko duten bertsolariak honakoak dira: Asier Azpiroz, Aitor Tatiegi, German Urteaga, Haizea Arana, Maialen Akizu eta Maider Arregi.

Beste sei final-zortzirenak honako hauk dira: irailaren 14an, Urretxun; irailaren 15ean, Lasarte-Orian; irailaren 21ean, Lazkaon; irailaren 22an Elgoibarren; irailaren 28an, Hondarribian; eta irailaren 29an, Andoainen. Final-laurdenetako saioak bost dira: urriaren 19an, Eibarren; urriaren 20an, Errenterian; urriaren 26an, Azkoitian; urriaren 27an, Irunen; eta azaroaren 3an, Tolosan. Eta finalaurrekoak hiru: azaroaren 17an, Oiartzunen; azaroaren 24an, Zarautzen; eta abenduaren 1ean, Arrasaten. Finala Donostiako Illunben jokatuko dute abenduaren 15ean. Zortzi bertsolari ariko dira finaleko saioan, hiru finalaurrekoetako irabazleak eta bost finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatutakoak.

Saio guztietarako sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte Bertsosarrerak.eus webgunean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.

Txapelketa berezia

Gaur aurkeztu dute 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Asier Azpiroz Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak azaldu dituzte txapelketaren nondik norakoak. Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa arrazoi askorengatik "berezia" dela esan dute aurkezpenean; besteak beste, ohiko lau urteko zikloari urtebeteko itxaronaldia gehitu behar izan diotelako, pandemia tarteko. 2019an jokatu zen azkenengo Gipuzkoako txapelketa. Pandemiak bestelako ondorio batzuk ere ekarri dizkio bertsolaritzari, bertsozale elkartekoen arabera: "Bertso saio kopurua ikaragarri jaitsi zen 2020ko martxotik aurrera, eta bertsozale elkartea egoera horri buelta emateko lanean ari da: ezohiko saioak antolatuz, laguntza eskainiz saioak antolatu nahi dituztenei edota bertsolariei beraiei". Egoera berezi horretaz aparte, lehen haurren bertso eskolaren 50. urtemuga izango dute gogoan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide