Zu zeu

Imanol Odriozola: "Urpekari lana garrantzitsua da kostako herrietan"

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 7a, 17:00

Imanol Odriozola, urpekari jantziarekin, Pasaiako portuan. (Utzitakoa)

Urpekari profesionala da Imanol Odriozola (Azpeitia, 1999). Lan gogorra den arren, atsegin duen ofizioa da. Uneotan, Pasaian (Gipuzkoa) egiten du lan urpekari gisa. Euskal kostaldean ez ezik, urtegietan eta presetan ere ibili da. 2024ko ekaineko Azpeitia Guka aldizkariko Zu zeu ataleko elkarrizketa da hau.

Zertan datza zure lanak?

Ur azpiko, itsasoko eta itsasertzeko instalazioak zein eraikuntzak konpontzen edo eraikitzen ditugu, eta horien mantenuaz arduratzen gara. Esaterako, herrietako saneamendu sistemetatik araztegietara doazen urak itsasora bideratzeko itsas azpiko hodi horiek ikuskatzen ditugu urtero-urtero, eta mantenuaz ere arduratzen gara. Horrez gain, balizamendua ere egiten dugu, eta balizen azpiko kateen egoera begiztatzen dugu; izan ere, kateak une oro mugimenduan egoten dira, eta higatzen joaten dira. Portuko lanak ere egiten ditugu, eroritako hormak berreraiki eta abar. Itsasontzi bat kostatik gertu hondoratuz gero, horiek ateratzea ere bada gure ardura. Duela gutxi, adibidez, Donostiako Kontxan yate txiki bat atera behar izan genuen. Arrantza denboraldian ere lan asko izaten dugu; orain, berdelaren eta antxoaren garaia denez, itsasontzietako helizeetan kateatutako sareak mozteaz eta erretiratzeaz arduratzen gara. Itsasoarekin lotura duten mila gauza egiten ditugu.

Nolatan hasi zinen horretan lanean?

Betitik izan naiz itsasozalea. Nerabe garaian, lagun baten eskutik ur azpiko arrantza ezagutu nuen. Garai hartan soldatzaile lanetan ibiltzen nintzen, eta norbaitek animatu ninduen bi arloak uztartzera. Gainera, kasualitatez, urpekari lanetan ibiltzen zen pertsona bat ezagutu nuen, eta hark ere bultzatu ninduen. Ideiari bueltak eman eta informatzen aritu ostean, Getariara jo nuen, han badaudelako urpekari profesional izateko formakuntzak. Aurrena, sakonera baxurako titulua atera nuen. Ondoren, Pasaiako eskola batean bi urteko gradua ikasi nuen, lan egiteko titulazioa eskuratzeko. Pasaiako enpresa batean praktikak egin ostean, lanerako hartu ninduten.

Zer nolako lanak egiten dituzu egunerokoan?

Nik itsasoko lanak egiten ditut. Lehen esan bezala, portuan era guztietako lanak egin behar izaten ditugu, hormen enkofratuetatik hasi eta ur azpiko hodien mantentze lanetaraino. Arazoak daudenean jasotzen ditugu lanerako dei gehienak. Askotan, sekula egin gabeko lanak egin behar izaten ditugu, behin eta berriz probatuz eta imajinazioa jarriz. Pasaia inguruan ez ezik, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat lekutan egin dugu lan. Gipuzkoan, esaterako, Donostia, Zarautz eta Getaria inguruan, leku horietako batzuetan urpeko hustubideak kontrolatzen ditugulako; Bizkaian, berriz, Bermeon, Elantxoben, Gorlizen...

Lan gogorra dela esango al zenuke?

Bai, batzuetan gogorra da. Jarduera fisiko asko eskatzen duen lana da eta min hartzeko arriskua ere egoten da. Hala ere, gustuko baldin baduzu, nire kasuan bezala, ez da horrenbesterako. Uneotan, Pasaian aldizkako kontratu finkoa daukat, eta Azpeitiko tailer batean ere egin behar izaten dut lan. Tailerreko eginbeharrak baino gogorragoa den arren, nahiago dut urpekari lana, ezbairik gabe.

Ikusten ez den ofizioa da, baina garrantzitsua, ezta?

Kostaldeko herrietan eragin zuzena dauka gure lanak. Esaterako, Pasaia bezalako portu-herri batean oso garrantzitsua da; izan ere, ezinbestekoa da balizamenduak ondo egotea edo portuetako azpiegituren mantentze lanak ondo egitea. Zer esanik ez saneamendu kontuak. Ez da asko ikusten den ofizioa, baina bai garrantzitsua. Euskal Herrian sektore honetan jarduten duten enpresa gutxi daude. Barrualdeko herrietan oso jende gutxik daki ogibide honen berri. Hala ere, noizbait egin izan dugu lan urtegietan eta presetan; beraz, badu eragina kostarik ez duten herrietan ere.

Anekdota berezirik izan al duzu? 

Behin, bi gazteri eroritako auto bat atera genuen Urumea ibaitik, garabi erraldoi baten laguntzaz. Ikusgarria izan zen. Beste batean, basolanetan aritzen den gizon batek ekarritako tramankulu bat baliatu genuen ur azpitik harriak ateratzeko. Jendeak arraro begiratzen gintuen, noski.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide