Joaten azkenetakoak, Sierbetakoak

Nerea Uranga 2024ko uzt. 10a, 10:09

Sierbetako mojak agurtzeko elizkizuna, joan den maiatzaren 1ean. (Nerea Uranga)

Eliza katolikoaren barruko elkarteek presentzia handia izan dute eta dute Azpeitian. Hala ere, garaiak aldatu egin dira, eta herriko komentuak husten eta uzten ari dira azken hamarkadetan. Aurten, mojen bi kongregaziok alde egin dute; azkenak Sierbetakoak izan dira. 2024ko ekaineko Azpeitia Guka aldizkariko erreportajea da hau.

Azken mende laurdenean Azpeitiko mojen komentuen edota etxeen kopurua erdira jaitsi da, husten eta uzten joan dira. 1999. urtera arte, Alde Zaharraren barrenetik hasi eta Loiolara artean, lekaimeen zortzi elkarte zeuden herrian. Batzuk dagoeneko utzi dute Azpeitia, eta aurten alde egin dutenak Loiolako Kristo Erregearen Esklabak eta Sierbetako Mariaren Zerbitzariak dira.

San Inazio eta jesuitak dira Azpeitian Eliza katolikoaren hainbeste elkarte izatearen arrazoietako bi, Kepa Susperregi erretorearen arabera: "San Inazio hemengoa izateak garrantzia handia izan du: batetik, Jesus-Mariak eta Olazko Dama Katekistak haren itzalpera etorri ziren, eta bestetik, jesuitek presentzia handia izan dute Loiolan". Iraganean Azpeitian fraideen komentuak ere izan zirela gogoratu du Susperregik, hala nola gaur egun Goiko kalea dena lehen Santo Domingo kalea zen, eta izen bereko komentua zegoen han. Udaletxea den eraikina, berriz, San Agustin komentua zen. Maristak aurrena, eta gero Betharramdarrak ere, egon ziren Azpeitian eskolak ematen. Herriko apaiz kopuruaz ere datu bat jarri du agerian erretoreak: "Nik beti entzun nuen Azpeitiko Parrokian hamalau apaiz egonak zirela, eta jendearekin horretaz hizketan hasitakoan, hamarren izenak esatera iristen ziren. Behin, Lazkaoko Beneditarren komentuan izandako bileretako baten ostean, hango artxibozain Joan Joxe Agirrek 1929. urteko Gasteizko Gotzaindegiko aldizkaria atera zuen, eta Gipuzkoan garai hartan zenbat apaiz zeuden esaten hasi zen. Nik galdetu nion ea jartzen al zuen Azpeitian zenbat apaiz zeuden. Begiratu zuen, eta esan zidan Parrokian hamahiru apaiz eta zazpi kapilau zeudela". Gaur egun, Azpeitiko Parrokian hiru apaiz daude: Susperregiz gainera, Joxe Ramon Zubizarreta eta Faustino Mujika; azken horrek 92 urte ditu eta erretiroa hartuta dago.

Apaizak gutxitzen bezala, mojen kopurua ere murrizten joan da. "Gertatzen ari dena da bokaziorik ez dagoela, eta lekaimeen kongregazioei ere horixe gertatzen ari zaie", dio herriko erretoreak.

Miserikordia Etxe zaharra; 2005ean eraitsi zuten. (N. Uranga)

Alde egiten lehenak, Esklabetakoak

Azken mende laurdenean komentua ixten aurrenekoak Bihotz Sakratuaren Esklabak izan ziren. 1999ko maiatzaren 18an agurtu zituzten herritarrek Esklabetako mojak. Mende eskas egin zuten Azpeitian, 98 urte hain zuzen ere. Erretoreak azaldu duenez, 1901. urtean iritsi ziren Azpeitira, eta hasieran klausurakoak izan ziren. "Esklabetako elizaren zoruan halako marka batzuk daude, eta itxura denez, garai batean burdinezko hesi handi bat zen toki horretan". Gerora, neskentzako eskola izan zen. Faustino Mujika izan zen urte askoan Esklaben kapilaua.

Esklabetakoen ondoren, Azpeitia utzi zutenak Miserikordiako Karidadeko Alabak eta Jesusen Alabak izan ziren; hurrenez hurren, 2008an eta 2009an alde egin zuten. Mojen bi elkarte horiek ikastetxe bana izan zuten. Karidadeko Alabak, baina, Miserikordia Etxearen ardura hartzera etorri ziren herrira 1869ko irailaren 13an, eta 1898an zabaldu zuten eskola. Haien komentua edota Miserikordia Etxe zaharra 2005eko abuztuan eraitsi zuten, eta, hiru urte geroago, haren tokian egun San Martin egoitza denaren alde berria inauguratu zuten.

Jesusen Alabek edo Jesuitinek, berriz, 87 urte egin zituzten Azpeitian. Lehen eskola Enparan kalean eduki zuten, eta ondoren, Etxe Alai auzoko eraikinera lekualdatu ziren. 2009ko abenduaren 8an jaso zuten herritarren agurra.

Olazko komentua. (N. Uranga)

Aurtengoan, bi lekaime etxe itxiko dituzte. Joan den otsailean Loiolako Kristo Erregearen Esklabek utzi zuten herria, Susperregik azaldu duenez. "Etxe horretan azkenak Loiolako Errekarteko Maritxu eta Maria Angeles Azkune izan dira, eta egun, Burlatan [Nafarroa] daude. Haien beste ahizpa bat ere Burlatan dago orain, Erromatik etorrita. Aurtengo udan elkarte horretakoa den Urrestillako Makibarko Ana Jesus Gurrutxaga ere haiei batzekoa da Burlatan; horrek ere azken urteak Erroman egin ditu".

Kristo Erregearen Esklaben ondoren herriko komentua ixtea erabaki dutenak Sierbetako Mariaren Zerbitzariak izan dira. 1899ko urriaren 4an iritsi ziren Azpeitira. Herrian mendeurrena bete zuten urtean, hiru elizkizun egin zituzten ospatzeko, eta hirugarrena Donostiako gotzain Jose Maria Setienek zuzendu zuen. Susperregik hark orduko sermoian esandakoa ekarri du gogora: "Sierbetako komentuaren fundatzaileak Donostiatik etorri ziren, orduko Juan Jose Ezeiza alkateak gaixoak zaintzera etortzeko deitu zituen. Nonbait, Jose Maria Aizpurua herriko medikuak aipatu zion alkateari lekaime haiek gaixoak zaintzen zuten ospe ona. Zerbitzu hori herrian eskain zezaten deitu zituzten".

Sierbetakoak bezala, zerbitzu bat emateko deituak izan ziren Karidadeko Alabak ere; kasu horretan, garaiko udalak eta Miserikordia Etxearen fundazioak deituta. Gaur egun zerbitzu horiek beste hainbat elkartek eta erakundek ere eskaintzen dituzte. Hala azaldu du erretoreak: "Gertatu dena da, zerbitzu edota bete behar handiagoak sortu direla. Gizarte arloan lan bat egin da, eta arlo horri beste era batera erantzuten zaio orain. Erlijio elkarteek gizartean eduki duten funtzio hori une honetan erlijio taldeetatik aparte ere lantzen da, eta enpresak ere badaude zeregin horietan jarduten dutenak, era pribatuan edota zerbitzu publiko bati erantzunez".

Esklabetako eraikina eta eliza. (N. Uranga)

Jarraitzen dutenak

Zortzitik hirura murriztu dira Azpeitian moja etxeak: Frantziskanetako Sortzez Garbiaren ordenako klausurakoena, Jesus-Mariatakoa eta Olazko Dama Katekistena dira irekita jarraitzen dutenak.

Frantziskanak Azpeitian bertan sortu ziren, eta elkarte zaharrena dira; XV. mendean sortu ziren, eta 1997. urtean bosgarren mendeurrena ospatu zuten. Elormendiko San Pedro baselizan du jatorria elkarteak. Herriko hainbat emakume baseliza txiki hartan jarri ziren bizitzen serora gisa, harrera eta otoitz eginez. Tartean ziren Enparango Maria Lopez –Loiolako Inazioren lehengusua– eta Ana Uranga, eta haiek Frantziskotar Hirugarrendarren elkartea sortu zuten. Gero, Enparan dorretxearen ondoko lurrak erosi zituzten, eta 1567an komentua eta eliza eraikitzeko baimena lortu zuten, orduko Iruñeko gotzainak emanda. 1605. urtean bukatu zituzten Frantziskanetako komentua eraikitzeko obrak. Eliza, berriz, 1677ko urriaren 4an inauguratu zuten. Klausurakoak izan dira Frantziskanetakoak, eta egun elkarteko bi kide besterik ez dira bizi, adin handikoak biak. Haiekin batera, Perutik etorritako beste bi moja bizi dira. Komentu hori ere aurki itxiko dutela diote gertukoek.

Olazko Dama Katekistena eta Jesus-Mariatakoa dira herriko beste bi komentuak; biak San Inazioren itzalpean sortutakoak. Olazkoa Dolores Sopeña espainiarrak sortutako katekisten elkartea da. Gaur egun hogeikote bat bizi da Olatzen, eta erizaindegia ere badaukate. Aurreko mendearen hasieran egin zuten Olazko etxea, eta "San Inazioren espiritualitateari segika" sortu zuen Sopeñak.

Olaztik bertan dago Jesus-Mariatako komentua. Horrek ere "espiritualitate aldetik" San Inaziorekin zerikusia du, erretorearen arabera. "Elkartearen sortzailea Lyongo [Frantzia] Claudina Thevenet (1774-1837) izan zen, baina Azpeitira Bartzelonatik bueltan etorri ziren, 1909an. Egungo eraikina egin aurretik, Paulo VI.a auzoan Don Pepeneko etxea zenean egon ziren", kontatu du Susperregik. Egungo komentuaren lehen harria 1913ko ekainaren 10ean jarri zuten, eta eraikina 1917an bukatu zuten. Tuset familiaren donazioari esker egin ahal izan zuten komentua. Hemezortzi moja bizi dira han, eta erizaindegi txiki bat dute. Horrez gain, aterpetxe eta gogarte etxe gisa ere funtzionatzen du komentuak.

Garaiak aldatzen ari dira, bizimodua aldatzen ari da, eta horrekin batera herriko hainbat eraikinen eta elkarteren funtzioak ere moldatzen ari dira. Hala dio erretoreak: "Jesus-Mariek jende asko hartzen dute oraindik ere, eta lan asko egiten dute, baina adineko taldea dago. Olazkoan ere adin handiko taldea bizi da. Denboraren poderioz, haien presentzia murrizten joango da".

Azpeitiaren garai bateko ikuspegi orokorra; lehen planoan, Frantziskanetako komentua.

 

Bata beti Azpeitian bizitakoa, bestea hara-hona ibilitakoa

Sierbetako edota Mariaren Zerbitzariak kongregazioko mojak Azpeitia uztear dira. 125 urte egin dituzte elkarte horretako mojek herrian, eta joan den maiatzaren 1ean herritarrak agurtzeko eta urteurrena ospatzeko meza egin zuten kanpoko ateraino bete zen komentuko elizan.

Azken urteetan sei moja bizi izan dira Artzubia kaleko komentuan. Lurdes Bergara (Azpeitia, 1936) eta Manuela Segurola (Nuarbe, 1932) –sor Trinidad du lekaime egindakoan hartutako izena– dira horietako bi, herriko bakarrak. Biek nobizio-aldia Azpeitian bertan egin zuten, eta garai batean mojen elkarte ugari izan arren herrian, argi izan zuten Mariaren Zerbitzariak elkarteko kide izan nahi zutela, bokazioari segika, gaixoak zaintzen jardun nahi zutelako.

Azpeitiko komentua utzi beharra izan dute biek; Segurola Portugaletekora (Bizkaia) lekualdatu zen maiatzaren erdialdean. Bergara, berriz, Palentziakora (Espainia) joango da.

Bergara 1956an sartu zen nobizio-aldia egitera Sierbetara, "garai hartan ehun moja inguru zeuden komentuan". Etxea handia izanda, behin betiko abitua hartu aurreko probaldiak egitera ere etortzen ziren mojagaiak Azpeitira, sei hilabete pasatzera, Bergarak kontatu duenez.

Sierbetako mojak gauez etxez etxe ibiltzen ziren gaixoak zaintzen, eta gaixoekin lan egitea gustatzen zitzaiolako sartu zen Sierbetan Azpeitikoa. "Etxez etxe Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako gaixoak zaintzen genituen. Moja bakoitzak hiru gaixo izaten zituen zaintzeko, eta txandaka zaintzen genituen", azaldu du. Bergara, ordea, inoiz ez da ibili etxez etxeko zaintzan. Komentuko atezaintza izan da beti bere ardura, azkeneko egunera arte. "Gauez lan eginez gero, egunez lan egiteko aukerarik ez nuen, eta atezaintza izan da beti nire ardura. Hantxe jardun dut beti injekzioak jartzen, belarrietakoentzat zuloak egiten, sendaketak egiten, jendeari tentsioa hartzen... Azkoitian eta Azpeitian jende gutxi izango da nik belarrietakoentzat zulorik egin gabekorik", dio.

2018ko ekainera arte herrian hileko hirugarren asteazkenean egiten zen ganadu feriara joaten ziren baserritar asko ere artatzen zituen Bergarak. "Feria handia izaten zen hura, eta hara joaten ziren baserritarrak tentsioa hartzera etortzen ziren atezaindegira. Behin tentsioa hartutakoan, feriara joan, gero afari-merienda egin, eta etxera itzultzen ziren", gogoratu du Bergarak.

Manuela Segurola eta Lurdes Bergara, Sierbetako atean. (Nerea Uranga)

Azpeitiko Sierbetako mojen etxean bizi izan da beti Bergara, eta "pena handia" du herria utzi behar duelako, "baina zer egin behar dut, bada?", dio. Palentziako komentua ezagutzen du, baita han dauden "ahizpa" batzuk ere: "Gogo jardunetan izandakoa naiz han. Moja etxearen aurrean supermerkatu handi bat dago, eta komentuan hesituta zuhaitz handi bat. Zuhaitz hura Gernikako arbola dela pentsatuko dut nik".

Segurola, gogoz

Portugaleteko komentura joan da Segurola, eta "gustura" zihoala zioen joan bezperan. "Ni ohituta nago batean eta bestean bizitzera. Nobizio-aldia Azpeitian egin nuen; gero, 1970-1980ko urteetan beste etapa bat ere egin nuen Azpeitian; eta azkena, 2001ean etorri nintzen herrira. Gainontzean, Galizian egondakoa naiz, baita Segovia [Espainia] eta Palentzian ere". Bere elkarteko moja etxeetan erizaindegietan, ikastetxeetan nahiz gaixoak zaintzen egin izan du lan Nuarbeko Bidegurutzetakoak.

20 urte zituenean sartu nahi zuen Sierbetan moja Segurolak, baina 21 urte bete arte etxekoek ez zioten utzi bere gogoa betetzen. "Izeba bat genuen Sierbetan, eta nik ere bokazioari segika gaixoak zaintzera joan nahi nuen. Etxean, ordea, ez zuten nahi gaixoekin ibiltzea, nahiago zuten ni klausuran sartzea. Izan ere, nire ahizpa bat Sierbetara joan zen, eta nobizio-aldian gaixotu egin zen". Mojetara sartu zen bezperan, Juana laguna agurtzera joan zen Segurola, eta handik etxera bueltan ama negarrez aurkitu zuela gogoratu du. "Niri ere pena pixka bat ematen zidan etxea uzteak, Pakita ahizpa neska koskorra zelako artean, 6-7 urte zituen. Bokazioa dagoenean baina... aurrera".

Azpeitia utzi behar zutela jakinarazi zutenetik, herritar ugari joan zaizkie agurtzera, eta alde horretatik "oso pozik" daude Sierbetako herriko azken biak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide