Ion eta Gorka del Cid: "Beti autoak izan dira gurean, eta horrela izaten jarraituko du"

Leire Ibar 2024ko uzt. 11a, 09:20

Ion eta Gorka del Cid. (Leire Ibar)

Etxekoen zaletasunari heldu diote Del Cid anaiek, automobilismoari. Urtearen hasieran, aitarekin eta beste lagun batzuekin, Bosteko Eskuderia taldea sortu dute, hainbat auto lasterketa antolatzeko Lagun Artea Eskuderiaren lekukoa hartu asmoz. 2024ko ekaineko Azpeitia Guka aldizkarian egindako elkarrizketa da hau.

Ion del Cid (Azpeitia, 2003) eta Gorka del Cid (Azpeitia, 2003) anaiek familiatik datorkien automobilismorako grinari eutsi diote. Bosteko Eskuderia taldea sortu dute, Euskal Herriko lasterketekin jarraitzeko asmoz.

Bosteko Eskuderia taldearen berri eman zenuten urte hasieran. Zein helburu ditu taldeak?

Gorka del Cid: Iazko urte amaieran, Lagun Artea Eskuderiaren arduradun zen Jose Antonio Aranetak utzi egin zion ordura arteko lanari, eta haren lekukoa hartzeko asmoarekin sortu genuen taldea. Bi anaiok, gure aita zein inguruko beste zenbait lagun ere mundu horretan sartuta geunden, eta ez genuen nahi Euskal Herri mailako lasterketak bertan behera gelditzea. Urte askotan jokatu diren auto lasterketak mantentzea nahi izan dugu, hala nola Gabiria-Legazpi Rallysprinta edota Aiako Igoera.

Ion del Cid: Uste dugu hobe dela jarraipena ematea, utzi eta ondoren zerotik berriz hastea baino. Hala ere, oraindik Araneta etortzen zaigu ekin diogun bide berrian laguntzera.

Zenbat pertsonaz osatutako taldea da Bosteko Eskuderia?

G. C.: Oinarri-oinarrian bost lagun gara, eta hortik etorri da taldearen izena. Hala ere, jende gehiago ere ibiltzen da gurekin, eta orain zazpi pertsona inguruk osatzen dugu taldea, antolakuntzarako zenbat eta talde handiagoa izan hobe baita. Hori bai, lasterketen egunetan jende asko ibiltzen da laguntzen.

Martxoan, Gabiria-Legazpi Rallysprinta eta Aiako Igoera egin zenituzten. Erantzun ona izan al zuten?

G. C.: Erantzun ona izan zuten, bai. Bi lasterketa horiek aurtengo txapelketetako aurrenekoak izan ziren. Ohikoa izan ohi den moduan, denboraldiko aurreneko lasterketetan gidari gehiagok parte hartzen dute, gogotsu egon ohi direlako. Gabirian [Gipuzkoa] urtero izaten da gidari kopuru oparoa; Nafarroatik, Kantabriatik [Espainia] eta inguruko leku askotatik etortzen da jendea. Lasterketa mitikoa da, eta urteko lehenengoa.

I. C.: Oro har, probatzera joaten dira gidariak, baina partaideak eta jendea oso gustura agertu ziren antolakuntzarekin, eta horrekin, gu ere pozik.

G. C.: Bi lasterketak denbora tarte txikiarekin egin genituen, eta hilabete gogorra izan zen. Hala ere, dena ondo atera zen, eta gustura gaude.

Zenbat denbora behar da horrelako auto lasterketak antolatzeko?

G. C.: Hilabete lehenago iragartzen dira jendaurrean auto lasterketak, baina hiru edo lau hilabete lehenago hasi behar da antolatzen. Aurrez aurre hitz egin behar izaten dugu lasterketaren babesleekin; kostu handiko ekintzak dira, eta behar-beharrezkoak dira babesleak. Horrez gain, aseguruak kontratatu behar izaten dira, anbulantziak lotu eta abar. Behin hori guztia lotutakoan, kartelak egin eta Gipuzkoa osoan zehar zabaltzen ditugu; lan horretarako beste bi edo hiru aste behar izaten ditugu.

I. C.: Horrez guztiaz gain, lasterketaren egunean lagunduko duen jendea aurrez lotzea garrantzitsua da, komeni delako lasterketaren ibilbideko bihurgune bakoitzean norbait egotea walkie-talkie-kin, zerbait gertatuz gero, erantzun azkarra emateko.

G. C.: Behin lan hori guztia eginda dagoenean, lasterketaren eguna bera antolatzea errazagoa izaten da, laguntzaile gehiago ere izaten baitira.

Euskal Herrian automobilismoarekiko afizio handia al dago? Erraza al da jendea lotzea?

I. C.: Afizio handia dago, eta laguntzeko boluntarioak lotzeko ez dugu arazo handirik izaten. Gehienetan, jende ezaguna eta ingurukoa izaten da lan horiek egiten dituena. Hala eta guztiz, aurrez haiekin kontaktuan jartzea beharrezkoa da, baiezkoak lotzen joateko.

Txiki-txikitatik izan duzue gertu automobilismoa. Birraitonarengandik hasi eta gurasoetaraino, auto lasterketetan ibili izan dira guztiak.

I. C.: Haurrak ginenetik izan dugu lotura mundu honekin. Gure amak honen inguruko oso istorio ona kontatzen du: txikiak ginela, etxean negarrez ari ginen batean, ez dakigu nola, baina biotako batek lasterketetako DVD bat telebistan erreproduzitzea lortu zuen. Autoak martxan hasi ziren unean gu isilik gelditu omen ginen, begira-begira. Orduan ohartu omen zen ama ez zegoela atzera bueltarik, eta gu ere mundu honetan murgilduko ginela.

G. C.: Etxean beti autoa zegoen, alde batetik ez baldin bazen, bestetik. Gurasoekin lasterketak ikustera joaten ginen, bideo jokoetan aritzen ginen eta abar.

I. C.: Beti autoak izan dira gurean, eta horrela izaten jarraituko du.

Lagungarria izan al da familiarengandik jaso duzuen esperientzia?

G. C.: Bai, hala izan da. Izan ere, orain hasten den gazte batentzat zaila da ezagutzak lortzea. Denoi gustatzen zaizkigu autoak, baina lasterketa bat inoiz egin ez duenak ez daki zer den oharrak hartu beharra izatea, zure orduan tikatzea eta abar. Guk bizi guztian ikusi ditugun gauzak dira horiek, eta normaltzat hartzen ditugu. Eta, horrez gain, ingurua ere garrantzitsua da: lasterketetan ibiltzen garen guztiok ezagutzen dugu elkar. Txiki-txikitatik gurasoen bitartez ezagutu dugun jendea da hori, eta guztiekin harreman oso ona daukagu; horrek asko laguntzen du.

Ion, zu Espainian ere lehiatu zara. Nolakoa izan da esperientzia?

I. C.: Orain dela bi urte hasi nintzen kopilotu gisa lehiatzen Iosu Alberdi gidariarekin. Lehengo urtean Euskal Herritik irten eta Kantabriako mutil batekin hasi nintzen lasterketetan. Modu horretan inguru haietako automobilismoko jendea ere ezagutzen hasi nintzen. Badirudi nire izena ere zabalduz joan zela, eta aurten, urtearen hasieran deitu zidaten Espainian lehiatzen hasteko.

Inoiz lehiatu al duzue elkarrekin, auto berean?

I. C.: Inoiz ez gara elkarrekin ibili. Niri ilusioa egingo lidake, eta lehengo batean horixe aipatu nion Gorkari. Astroak lerrokatuz gero, ea aurten batera aritzeko aukera sortzen zaigun.

G. C.: Biok lanpetuta gabiltza eta gure agendak bateratzea ez da erraza izaten, baina ea posible den.

Nolakoa da lasterketa baterako prestakuntza?

G. C.: Euskal Herrian lehiatzeko ez da prestakuntza izugarririk behar izaten; probaren bezperan furgonetan gauza guztiak prest laga eta egunean bertan goizean goiz esnatzen gara. Kopilotuarekin oharrak hartu, aspaldian ibili gabe egonez gero pixka bat praktikan jartzeko, baina bestela ez da ezer berezirik egin behar.

I. C.: Espainia mailan aritzeko, denbora gehiago behar da prestatzeko; oro har, aste oso bateko iraupena izaten du proba bakoitzeko egonaldiak.

Zenbateraino lagun dezakete auto simulagailuek?

G. C. : Diru pila bat behar da kirol honetan ibiltzeko; gutxik izango dute bere autoa eta horrekin ibiltzeko aukera. Gu bezalako gazteentzat simulagailuak beharrezkok dira nahi ala ez nahi. Etxean korrikako zintan ibiltzearen modukoa da; ez da kanpoan aritzearen berdina, baina lagundu egiten du.

I. C.: Denean laguntzen du pixka bat, eskuen mugimenduan, hankenean... baita jarraipen bat ematen ere. Aldea izaten da autoa hiru hilabetez hartu gabe egon ondoren hartzea edo simulagailuan ibili ondoren hartzea.

Nolako auto lasterketak dituzue zuek gustukoen: rallyak, igoerak ala klasikoak?

G. C.: Biok gustukoen rallyak ditugu, gauza gehienak barnebiltzen dituen modalitatea delako. Denetik egiten jakin behar da, rally batean 80 kilometro inguru egiten direlako.

I. C.: Rallyek 80 kilometroko distantziako zatiak izaten dituzte; eta zati batetik bestera, kilometro gehiago egin behar izaten dira.

G. C.: Guri gustatzen zaiguna, modu batera ala bestera, autoan ibiltzea da.

Arriskuko kirol bat denez, segurtasun arau zorrotzak izango dira, ezta?

G. C.: Abiadura handian ibiltzen gara, baina ezarrita dauden segurtasun arauak oso egokiak dira. Gidaria zein kopilotua babesteko egiturak ditu autoak: eserleku bereziak gorputz guztiari eusteko, eta sei puntutatik heltzen gaituzten arnesak ere baditugu. Ez zara mugitu ere egiten, nahiz eta hurrengo egunean pixka bat minduta izan ohi dugun gorputza.

I. C.: Horrez gain, arropa guztia suaren kontrakoa da, eta kaskoa erabiltzea ere derrigorrezkoa da. Lepoaren mugimendua mugatzen duen hans izeneko gailu bat ere eramaten dugu; horrek lepoa apurtzea eragozten du. Espainiako Txapelketan, berriz, araudi berriarekin arropak hamar urtetik behin aldatu behar dira. Hamar urte baino gehiago duen zerbait izanez gero, ez digute uzten lehiatzen. Arropa horiek oso garestiak izaten dira.

G. C.: Segurtasun arau horiek zorrotz betetzea beharrezkoa da, bestela ezin da lehiatu. Oso kirol garestia da, baina autoaren mantenu lan gehienak nik egiten ditut, tailer batera eramatea saihestuz. Bestela, gu bezalako gazteentzako bideraezina den kirola da.

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko jomugak eta anbizioak mundu honetan?

I. C.: Anbiziorik ez daukat, orain arte bezala disfrutatzen jarraitzea da nire helburua. Kanpora joanda, jendea irabazteko helburu soilarekin ikusten da, oso giro lehiakorra egoten da, eta bakoitza berera doa.

G. C.: Ingurukoekin ondo pasatzen jarraitzea da guk nahi duguna, sarritan talde ofizialetan sartu eta presioak gain hartzen baitio jendeari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide