Antxon Byrnek (Urrestilla, 2006), Xuban Aurrekoetxeak (Azpeitia, 2006), Ricardo Gomezek (Azpeitia, 2006) eta Markel Aizpuruk (Azpeitia, 2006) osatzen dute Azpeitiko Rekiem musika taldea. Laukote gaztea da, baina argi dituzte beraien helburuak: publikoak beraiek egindako musikarekin gozarazi nahi dituzte, bai abestiak etxean entzutean bai zuzenekoetan ikusten dituztenean.
Gaur egun taldeak Rekiem izena badu ere, ez da hasieratik horrela izan. Noiz eta nola elkartu zineten?
Xuban Aurrekoetxea: Beste talde bat sortzeko ideiarekin elkartu ginen hasiera batean, 2020ko San Inazio jaietan. Hainbat gelakideri metala gustatzen zitzaigun aspalditik, eta hasierako asmoa elkartu eta bertsio batzuk sortzea zen, ondoren abesti propioak egiten hasteko.
Markel Aizpuru: Hasieran Aurrekoetxeak gitarra jotzen zuen, nik baxua eta beste kide batek bateria. Azpeitiko Musika Bandaren lokalean hasi ginen entseatzen, baina denbora baten ostean, bertan entseatzen ezin genuela jarraitu esan ziguten, eta elkartzeko lokalik gabe geratu ginen. Denbora tarte horretan Antxon Byrne batu zen taldera. 2021. urte amaieran Urrestillako lokal batean entseatzen hasi ginen, eta esan dezakegu bertan eratu zela azkenik Rekiem taldea, ordura arte Atonisis izena baitzuen. Bateria jotzen zuen kideak taldea utzi zuen urte hartan, eta Ricardo batu zen taldera, abeslari modura.
Metal talde gisa definitzen zarete. Zuen adinean ez da ohikoena estilo hori.
Ricardo Gomez: Egia da gazteen artean ez dela oso ohikoa metal estiloa jarraitzen duen talde bat aurkitzea, baina gure kasuan taldekide gehienen erreferentziak mundu horretatik datoz. Nik, adibidez, punk estiloko abestiak entzuten nituen taldera sartu aurretik, eta pixkanaka hasi nintzen metala ezagutzen. Hasieratik izan genuen argi hori egin nahi genuela.
Zeintzuk dira Rekiem taldearen erreferenteak?
Antxon Byrne: Gure erreferentziarik garbiena Metallica taldea da, eta entzuten ditugun musika talde nabarmenen artean, Death, Su ta Gar eta Berri Txarrak aipa genitzake, adibidez.
M.A.: Hala eta guztiz ere, musika estilo ezberdinetatik elikatzen gara. Punk estiloa ere gustatzen zaigu, baita rapa eta rock lasaiagoa ere, esaterako.
R.G.: Horiez aparte, Led Zeppelin taldeak ere asko inspiratu gaituela esango nuke.
Zuen garaikoak ez diren hainbat talde aipatu dituzue. Nondik datorkizue horiekiko zaletasuna?
X.A.: Nik, pertsonalki, umetatik entzun izan dut musika estilo hori aitarekin autoan.
M.A.: Etxean entzuteaz gainera, COVID-19ak eragindako pandemiaren garaian gehiago ezagutzen hasi ginen metal estiloa. Gogoan dut une hartan talde berriak ezagutzen joan ginela, eta taldekideon artean partekatzen genituela.
Aipatu dituzuen taldeen bertsioak jotzen dituzue agertokian, baina abesti propioak ere badituzue. Nola definituko zenukete zuen estiloa?
R.G.: Ez daukagu estilo zehatz bat definituta, askotariko estiloak nahasten dituen talde bat baikara. Letrak egiterakoan zer kontatu nahi dugun pentsatzen dugu aurrena, eta ondoren istorio horri forma ematen hasten gara. Adibidez, gazteen artean sortzen diren beldurrak eta antsietatea ardatz dituzten istorioak kontatzen ditugu abestietan.
M.A.: Gehienbat Gomezek idazten ditu abestiak, nahiz eta denon artean biltzen ditugun ideiak. Guztiok erabakitzen dugu zeren inguruan hitz egin nahi dugun.
Zein da zuen helburua egiten duzuen musikarekin?
A.B.: Entzuleek ondo pasatzea nahi dugu. Agian, gure abestietako letrak ez dira oso sinbolikoak, baina abesti horiek kontzertuetan eta etxean entzutean jendeak ondo pasatzea da gure asmoa.
X.A.: Horrez aparte, jendearekin konektatu nahi dugu.
R.G.: Oholtzara igotzen garenean giro ona sortu nahi dugu, eta guk ere disfrutatu egin nahi dugu kontzertuak ematen.
Dinamoan entseatzen duzue batzuetan, eta Zestoako eta Urrestillako lokaletan ere elkartzen zarete. Nolakoa da lokalen egoera Azpeitian?
R.G.: Azpeitian entseatzeko leku gutxi daude, eta eskualdean gero eta gehiago dira musikan hasi diren eta hasi nahi duten gazteak. Orokorrean, entseatzeko lokal txikiak ditugu inguruko herrietan, eta zaila izaten ari da antolatzea. Urrestillako lokalaren kasuan, adibidez, materiala oso zaharra da. Lokala aurkitzea ez ezik, materialaren arazoari ere aurre egin behar diogu gazteok, oso garestia baita. Azpeitiko Dinamoak, behintzat, gure herrian entseatzeko aukera ematen digu, baina egia da musikan hasi nahi duten gazteek ez dutela erraza leku apropos bat aurkitzea. Zailtasun asko daude alde horretatik.
M.A.: Hasieran kosta egin zitzaigun entseatzeko leku bat topatzea. Azpeitiko Musika Bandak entseatzen zuen lekuan hasi ginen elkartzen, baina hortik joan behar izan genuen, eta denbora batez lokalik gabe egon ginen. Tarte horretan, soziedade batean elkartzen hasi behar izan genuen. Erratz bati lotutako Play Station kontsolaren mikrofonoarekin entseatzen genuen han.
Kontzertu batzuk eman dituzue dagoeneko. Nolako harrera izan du taldeak denbora honetan?
R.G.: Zarauzko Hiruputzu gaztetxean eman genuen gure lehen kontzertua, eta sekulako esperientzia izan zen. Ondoren Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Urrestillan jo dugu.
M.A.: Zarauzko lehenengo kontzertu hartan gaueko talderik onena izan ginela komentatu zuen jendeak.
Zer lortu nahiko zenukete musika talde gisa?
X.A.: Denbora aurrera joan ahala musikalki hobetzea izango litzateke gure nahia, baita aurrerago disko bat grabatzea ere. Guri gustatzen zaiguna egiten jarraitzea da guk dugun helburua.
R.G.: Disfrutatu egin nahi dugu, bai entseatzen dugunean bai kontzertuak ematen ditugunean.
Zein mezu emango zeniekete Rekiem taldea ezagutzen ez dutenei?
R.G.: Gure musikari aukera bat emateko esango nieke. Azken finean, metal estiloaren inguruan badaude aurreiritziak eta, orokorrean, ez dira oso onak. Nire ustez, estilo konpletoa da metala, eta sortu ditugun abestiak entzuteko eta disfrutatzeko esango nioke jendeari.
A.B: Metala oso zabala da, eta beti egon daiteke gustuko talde bat; beraz, aukera bat eman behar zaio.
M.A.: 1980ko hamarkadako abestiek gaur egungo musika panoraman lekua izatea metalak bakarrik lortu du, eta horrek badu bere meritoa.