Udalak prest du Alde Zaharrerako plan berezia

Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 3a, 09:30

Azpeitiko Erdikalea. (Maialen Etxaniz)

Teilatupeetan etxebizitzak eta teilatuetan terrazak eraiki ahal izango dira. Bestetik, Alde Zaharreko etxeak salbuetsita egongo dira gutxieneko eguzki orduen araua betetzetik.

Duela bi urte, 2022ko ekainean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gutxieneko bizigarritasun baldintzak arautzen dituen dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Hutsetik eraikitzen edota osorik berritzen diren etxebizitza eraikinek bete beharreko gutxieneko arauak jasotzen ditu dekretu horrek. Azpeitiko Alde Zaharreko eraikinek arau horiek guztiak betetzea, ordea, ezinezkoa da, ez behintzat gaur egungo planeamendu urbanistikoarekin. Hori horrela, hainbat salbuespen eta beste gehigarri batzuk biltzen dituen plan berezia prestatu du udalak Alde Zaharrerako. "Zerbait egin behar den bakoitzean Eusko Jaurlaritzaren dekretuak agintzen duena zergatik ezin den bete azaltzen ibili beharrean, gauzak errazte aldera, salbuespen guztiak jasotzen dituen plan berezi bat prestatu dugu", azaldu du Joanes Amenabar Hirigintza zinegotziak. "Abiapuntu nagusia hori izan da, eta horretaz gain, Alde Zaharreko bizilagunek dituzten zenbait eskaerari erantzuna ematen ere saiatu gara". Joan den astean plan berezi horren nondik norakoak azaldu zizkien udalak herritarrei, eta Amenabarren irudiko, "harrera ona" izan zuen herritarren artean.

Plan bereziak jasotzen duen salbuespenik garrantzitsuena eguzki orduei dagokiena dela adierazi du Amenabarrek. Eusko Jaurlaritzaren dekretuak jasotzen duenez, etxebizitza guztiek eguzkitsuak izan behar dute, eta gutxieneko eguzki ordu kopurua zehazteko formula batzuk ere ematen ditu. "Alde Zaharrean, baina, gaur egungo distribuzioa mantenduta ezinezkoa da hori betetzea, kaleak estuak direlako. Beraz, Alde Zaharreko etxebizitza eraikinak eguzki orduen arau hori betetzetik salbuetsita daudela dio plan bereziak".

Hainbat gehigarri

Gehigarriei dagokienez, berriz, bat bereziki garrantzitsutzat jo du zinegotziak: "Alde Zaharrean ahalbideratuko dugu teilatupeetan etxebizitzak egitea, atikoetan alegia, eta, noski, altuerak ematen badu, teilatupeetan egiten diren etxebizitza horiek ere bizigarritasun baldintzak bete beharko dituztelako". Horrez gain, Urola ibai aldera eta Izarraitz aldera begira dauden etxebizitzetan, 1,10 metroko balkoiak egiteko aukera ematen du plan bereziak, eta barrura begira dauden kale jakin batzuetan ere balkoiak izan ditzakete etxebizitzek, baina altueraren arabera handiagoak edo txikiagoak".

"Kale jakin horietan, lehendabiziko solairuko etxebizitzen balkoiek gehienez 20 zentimetrokoak izan beharko dute, kamioiei-eta pasatzeko tokia uzteko, eta bigarren solairutik gorako etxebizitzetan 60 zentimetrora arteko balokiak egiteko aukera jasotzen du plan bereziak". Eta balkoi edo terrazei lotutako beste berrikuntza bat izango da, terrazak egiteko aukera egongo dela teilatuan. "Nolabait azaltzeko, teilatua zulatu eta erdian terraza ateratzeko aukera egongo litzateke. Terraza hori izan daiteke komunitarioa, alegia etxepeko guztiena, eta gure ustetan egokiena litzatekeena, baina etxepe horretako auzotarrek hala erabakiko balute, izan liteke etxejabe bakar batena ere".

Etxebizitza handien kasuan, berriz, etxebizitza batetik bi ateratzeko aukera ahalbidetzen du udalak prestatu duen dokumentuak, beti ere bi etxebizitzek bizigarritasun baldintzak betetzen badituzte, eta eraikinak igogailua badu. Azken ezaugarri hori ezinbesteko baldintza izango da etxebizitza batetik bi ateratzeko kasuetan.

Gehigarri garrantzitsuenak horiek direla esan du Amenabarrek, nahiz eta gehiago ere jasotzen dituen plan bereziak. Uztailaren 15era arte ikusgai egongo da dokumentua, herritarrek beren ekarpenak egin ditzaten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide