Kultur arloko sorkuntza bultzatzeko asmoz, Sorkuntza Bekak banatzen ditu Azpeitiko Udalak Kulturaz kooperatibaren laguntzaz 2017. urtetik. Dinamoa sormen gunean atzo jakinarazi zituzten aurten beka jasoko duten sei proiektuak zeintzuk diren Aitor Larrañaga Kultura zinegotziak eta Kulturaz kooperatibako Aitor Bengoetxea Ondarru-k. Beka jaso duten sortzaileak ere bertan egon ziren eta beren ahotik azaldu zituzten egitasmoak.
Aurten ere 20.000 euro jarri ditu udalak artistek proiektuak sor ditzaten, eta bi laguntza mota banatu ditu: batetik, 12.000 euro bideratu ditu kultur sorkuntzaren modalitatera; eta bestetik, 8.000 euro kultur sorkuntzako egonaldien modalitatera –4.000 euroko bi beka izango dira–. Lehen modalitatean laguntza jaso dutenak honakoak izan dira: Intza Arakistainen Hot-weels, Igor Rezolaren Itxierak eta irekierak, Ane Zapirainen Pasabide bat eta Viviane Naomi Straub-en Textile. Sorkuntza egonaldirako beka jaso dutenak, berriz, Izaro Ieregiren La ira neumatica eta Jon Saezen Marra proiektuak dira.
Udalaren arabera, beken helburua da kultur eremuren batean diharduten edo hasi nahi duten pertsona fisikoei kultur sorkuntza bat lantzen laguntzea.
Sorkuntza Bekak jasoko dituzten egitasmoak askotarikoak direla azaldu zuen Ondarruk, eta Dinamoa sormen gunean "pozik" hartuko dituztela guztiak. "Egitasmoen artean iruditik edota pinturatik gertu dauden lan plastikoak daude, baita gorputzarekin lotutakoak ere, performance eran, dantza, ikus-entzunekoa landuko dituztenak. Eragiten digu halako emozio bat asmoak gero nola garatuko dituzten horrek".
Bekadunak, beren hitzetan
2024an Sorkuntza Bekak jaso dituztenek honela azaldu zituzten atzo beren egitasmoak eta asmoak:
Intza Arakistain (Azkoitia, 1997)
Hot-weels
"Nire lana pinturan oinarritzen da. Normalean oihaletan pintatzen dut, eta nahiko nukeena da lan hori instalazio baten bitartez estudioko espaziotik ateratzea. Birziklatutako materiala erabiltzen dut, eta probatu nahi dut materialek eskaini ditzaketen aukerak. Orain kristalarekin ari naiz lanean, eta material hori gardena denez, instalazioa egiterakoan argiekin jolastu nahi dut. Argi-itzalek pinturaren gainean sor ditzaketen kapa desberdinekin pintura formatu estandarretik kanpora atera nahi dut".
Viviane Straub (Ravensburg, Alemania, 1989)
Textile
"Hasi nuen gauza batekin jarraitu nahi dut, nire aurreko proposamena paisaian oinarrituta zegoen, eta hausnarketa horretatik bai material aldetik eta bai haserre ekologikotik hondakinekin hasi naiz lanean. Deba eta Nerbioi ibaien ertzetatik jasotakoekin egin dut lan orain arte. Asko interesatzen zaidan material bat izateaz gain, hausnarketarako aukerak askoz gehiago dira orain arte paisaia logikari lotutakoak baino; alegia, baztertua den gauza bat, inklusioa eta esklusioa. Egin nahi dudana da gaiari errotik heldu, eta ikusi zer egin dezakedan honekin guztiarekin, eta lan egin zuntzekin, ehunekin... Gainera, ez dut nahi nik bakarrik lan egitea; bilketak komunitatean egitea, eta gero igoal tailer bat egitea nahi dut, lan egiteko jendearekin".
Igor Rezola (Itsasondo, Gipuzkoa, 1974)
Itxierak eta irekierak
"Nire jarduerak bi lan ildo ditu nagusiki: alde batetik, grafitiarena edo postgrafitiarena, eta, bestetik, lanaren munduarena. Lanari lotuta, interesatzen zaizkit bai aktibitatea bera eta bai lanarekin lotura duten espazioak ere. Proiektuaren aitzakia testuingurua izan da. Corrugados Azpeitia lantegia itxita dago, eta hasierako nire ideia fabrika horretara sartzeko saiakera egitea da, eta inproduktiboa den espazio hori nolabait berriro produkzio gune bihurtzea. Kontziente naiz oso zaila izango dela harako sarbidea izatea, baina saiatu egingo naiz. Nire lanak badu bai tailerrean eta bai kalean garatzen diren lan horiekin lotura. Fabrikako zati hori, Azpeitiko beste industrialde batean-edo garatzea nahiko nuke. Nire lana pinturarekin, muralgintzarekin edota kaleko interbentzioarekin lotuta dago, baina pintura hedatu gisa ulertuta".
Ane Zapirain (Bilbo, 1997)
Pasabide bat
"Iaz ere egonaldi bat egin nuen hemen [Alicia Rechac-ekin]. Orain bakarkako lan batekin nabil, Publizitate eta Harreman Publikoko proiektutik atera zena, eta bihurtu nuen dantza garaikideko proiektu batean, oraindik ere garatzen ari naizen arren. Ez dakit hori noraino eramango dudan. Nire desioa zen ikerketan sakon sartzea, baina ezinezkoa denez, azkenean beste formatu bat proposatzea pentsatu dut, eta bideo-dantzarekin interesatu nintzen. Lagun batzuekin hitz egin nuen, eta aurrera jarraitzea pentsatu nuen Agortu-rekin [egilearen lana], baina beste naturaltasun bat emanez. Orduan, Pasabide bat izena eman nion egitasmoari. Funtsean, Agortu izango da, baina film labur batean. Treneko bidaia baten moduan planteatu dut ideia. Oraindik forma ematen ari naiz, eta ez dakit non egingo dudan ziur. Dantza garaikidearen eta bideoaren ikerketa hori uztartuko ditut, baina batez ere mugimendua da".
Izaro Ieregi (Algorta, Bizkaia, 1987)
La ira neumatica
"Amorrru femeninoaren inguruko ikerketa bat da. Baditu beste bi ardatz. Alde batetik, mugimendua eta ahotsa erabiltzearena, aldakak eta masailezurra, amorrua gorputzaren bi atal horietan kokatzen baita; performance bat izango da, mugimenduak-eta alde horretatik oinarrituko dira. Eta beste ardatza izango da grabitatearen erabilera politikoa: nola erabili dezakegun grabitatearen indarra eta gure gorputzaren egote hori nolabait eraldaketarako edota kexa gisa; gorputzaren grabitatearen erabilera hori. Lan egingo dut zazpi pertsonako talde batekin, eta asmoa da zuzeneko performance bat gauzatzea".
Jon Amorrortu (Bilbo)
Marra
"Pinturan lan egiten dut gehienbat, baina, azkenaldian, koaderno lanetan eta marrazki lanetan ibili naiz gehiago. Beti eramaten dut nirekin, eta erabiltzen dut aitzakia moduan. Nire inguruan, nire paisaian ditudan elementuak hartzen ditut aitzaki moduan, pinturaren lengoaia horretan gehiago sartzeko. Nire ikerketa hori da: sartzea gehiago pinturaren berezko lengoaia horretan. Dinamoko sorkuntza egonaldi hau eskatzerakoan, nahi nuen pixka bat ingurumena aztertzea eta ea marrazkiaren lan berri hori eta hemengo egonaldiarekin zer ateratzen zen ikustea. Bi aitzakia horiek luzatu, marrazkia gehiago lantzeko eta marrazkiaren lan hori goraipatzeko. Koadernotik atera nahi dut marrazteko lan hori, beste gorputz bat ematea, eta lana paper luzeekin-eta egin nahi dut. Asmo hori dut".