Beizamako Arbeldi baserrian jaioa, Azpeitian bizi da aspaldian Juan Mari Etxeberria (Beizama, 1946). Ebanista eta arotz lanak egin izan ditu, ETBko platoak muntatzen ere aritutakoa da, baina gaur egun, jubilatuta dago, eta baserrira joan eta hura mantentzeko lanak egitea du denbora-pasarako ekintzarik kutunena: pinudiak garbitu... Dena den, sormena bizi-bizirik du oraindik ere, eta eskulanak egiten pasatzen ditu libre dituen tarteak. Txabolak eta zuhatzak egin ohi ditu, baserriarekin duen loturaren erakusle. Aspaldi idatzi zuen Joseba Sarrionandiak: "Nekez uzten du sorterria sustraiak bertan dituenak".
COVID-19ak eragindako izurri garaian deskubritu zuen bere afizioa Etxeberriak. "Pandemia garaian leihotik begira egoten nintzen, eta paisaiak galtzen ikusten nituen; toki askotan ziren txabolak erorita zeuden, pinudiak kasurik egin gabe...". Haiei begira zegoela otu zitzaion etxetik ikusten zituen objektu horiek eskulanen bidez jasotzea. Txaboletan eta zuhatzetan jarri zuen arreta. "Leihotik ikusten nituen txabolak oso politak iruditzen zitzaizkidan, eta zuhatzak ere oso gustuko ditut". Kartoia, pintura eta aroztegiko kola baliatuta egiten ditu horien erreplika txikiak.
Euskal tradizioan pisu handia izan duten arren, "galtzen" ari diren bi objektu direla uste du horiek Etxeberriak. "Lehen zuhatzak egiten ziren, baina, orain, siloetan eta belar bolen bidez gordetzen da belarra, eta zuhatzak galdu egin dira. Azpeiti inguruan nik bakarra topatu izan dut. Lehen pila bat izaten ziren". Gaur egungo gazte askok zuhatzak zer diren ere ez dakitela uste du. "Nik eskuz egindako zuhatza ikustean, galdetu izan didate erlearen habia al den... Adineko jendeak badaki zer den, baina gazteek ez". Horregatik, barrenean nostalgia puntu hori duela, bere eskulanekin jaso nahi ditu objektu horiek, ahanzturan gal ez daitezen. "Baserri munduan galtzen ari direnak bultzatu nahi ditut, harrokeriarik gabe".
Etxean egindakoak jendearen aurrean erakustera ere ausartu da Etxeberria: orain gutxi, Sanjuandegiko Garoa tabernan izan ditu ikusgai jarrita hainbat txabola eta zuhatz. Lehenik, baina, jaiotza abstraktu bat jarri zuen taberna horretan. "Bartzelonan Gaudiren jaiotza abstraktu bat ikusi nuen, eta esan zidaten Katalunian garrantzi handia zuela. Antzeko bat egin nuen kartoiarekin, eta gordeta neukan". Hala, Garoa tabernako Urko Egañak, Gabonetarako taberna apaintzen ari zela eta, jaiotza falta zuela esan zion Etxeberriari. "Nik esan nion baneukala bat etxean, jartzen ez nuena. Erakutsi nion, eta tabernan jarri zuen", kontatu du Etxeberriak. Jaiotza hori jendeari "ikaragarri" gustatu zitzaiola adierazi du. Horren karietara sortu zen zuhatzak eta txabolak Garoara eramateko ideia. "Zuhatzak ere baneuzkala esan nion, eta ekartzeko esan zidan". Hamahiru zuhatz eraman zituen tabernara, guztira.
Jendeak erakusketa "asko errespetatu" zuela adierazi du Etxeberriak, nahiz eta bateren batzuek "burla tankerako zerbait" ere egin zioten. "Txanpona bota zuten txabola baten barrura. Batzuek ez dituzte onartzen halakoak, txorakeriak iruditzen zaizkie. Batzuentzako ezer ez da kultura". Beste erakusketarik jarriko al duen galdetuta, "agian" animatuko dela esan du, eta adierazi du, hori bai, Gabonetan jaiotza jarriko duela berriro.
ETBn, hogei urtez
Gaur egun jubilatuta dago Etxeberria, eta gustuko gauzak egiteko nahikoa denbora du. Dena den, bizitzako aro horretara iritsi aurretik, bestelako lanak egiten eman zituen urteak. Ofizioz zer izan den galdetuta, "ebanista eta arotza" aipatu ditu. "Ebanistak lan finagoak egiten ditu, eta arotzak bastoagoak, baina lotura handia dute bi ogibideek, erreminta berberekin egiten direlako", dio. Arlo horri lotuta, hainbat tokitan lan egin zuen. Aurrera kooperatiban aritu zen garai batean, altzari modernoekin, baina sektore horretan beheraldia etorri zen. "Langileak soberan geundela, besterik ez genuen entzuten". Kooperatibatik utzita, Urkiden aritu zen lanean. "Han prototipoekin eta platoekin egin nuen lana; platoak egiten genituen katalogoetarako argazkiak ateratzeko. Hala, behin zera entzun nion argazkilari bati: 'ETBk gustura edukiko luke horrelako plato bat'". Hori entzun ostean, ETBn platoetarako laguntzaileak falta zirela irakurri zuen iragarki batean, eta animatu egin zen izena ematera. Hainbat azterketa egin ostean, aukeratuetako bat izan zen.
Platoen kontua "nahiko ondo" kontrolatzen zuela adierazi du Etxeberriak, baina lehen egiten zuen lana eta ETBkoa "oso ezberdinak" zirela. "Oso ezberdinak ziren aurrez egiten genituen platoak eta ETBkoak". Horrenbestez, ikasi egin behar izan zuen ofizioa, baina ez zuen "arazo handirik" izan. "Berehala hartu nion trukoa", dio.
Telebistan "trikimailu" asko erabiltzen zirela gogoratu du Etxeberriak. "Maketak asko erabiltzen ziren lehen ETBn. Kamera ipintzen zuten leku batean, beste leku batean paisaiaren maketa, eta aktorea han balego bezala grabatzen zituzten irudiak". Etxeberriak egiten zituen horrelako maketak ere. "Platoak eta maketak egiten ibili nintzen, eta beste gauza asko, tokatzen zena". Arotz hasi eta errementari lanetan bukatu zuela aipatu du. "Arotz lana gutxitu egin zen, eta burdingilearen lana gehitu. Zergatik? Platoetara publikoa sartzen zen, ehun bat lagun eta, eta harmailetan gora joan behar izaten zutenez, soka moduko bat ipintzen genuen makila batzuekin, inor ez erortzeko. Baina emakume bat erori zen behin, hanka hautsi-edo egin zuen, eta ordaindu behar izan zuten ederra. Horregatik, gero burdinezko barandak jartzen hasi ginen, segurtasuna bermatzeko". Hori horrela, burdinaren teknika lantzeko ikastaro bat eginarazi zioten. "Soldeatzen ikasi nuen, eta beste gauza asko egiten ere bai".
40 urterekin hasi, eta 60 bete zituenera arte aritu zen Etxeberria ETBn lanean, hogei urtez, eta urte horietan guztietan hainbat saiotarako aritu zen lanean; edonori oroitzapenak pizteko moduko programak aipatu ditu: "Pailazoen saioak, Wazemank... Arregitarren etxera traste asko eraman nituen Beizamako baserritik; igitaia, aitzurra, segak... Goenkale-n ere aritu nintzen; aldaketa asko egin genituen, Barsobian, Boga-Bogan... Hasieran platoak egonkorrak izaten ziren, eta gero aldatu egiten genituen, apaizarentzat sakristia jarri behar zela, Hortentsik ezkondu egin behar zuela... Horrelako aldaketak egin behar izaten genituen; lan asko eman zuen Goenkale-k 24 urtean".
Motzean
Jaiotze data: 1946ko maiatzaren 13a.
Ikasketak: Baserrian ikasitakoak, baita Beizamako eta Nuarbeko eskoletan ere.
Lanbidea: Arotza eta ebanista.
Arotza edo ebanista izan ez banintz… Asko gustatzen zait arkitektura.
Lanetik ateratzean gogoko nuen…Baserrira joatea eta eskulanak egitea.