Egurra ta Kitto 'after'-erako

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 5a, 09:00

Orhantza Alegria, proiektu berriko iruditeriarekin. (Orhantza Alegria)

Talde ohiaren hamabi kanturen bertsio elektronikoekin diskoa plazaratu berri du Orhantza Alegria azpeitiarrak. Udan festarik festa ibiliko da After Egurra ta Kitto-ren doinuak zuzenean ematen.

Zerrenda ia amaigabea osa daiteke 2020ak eta harekin iritsi zen pandemiak tupustean bidean utzi zituzten proiektuekin, egitasmoekin eta asmoekin. Kate luze horretako katebegien artean dago Egurra ta Kitto. Hamar urte pasako ibilbidea osatuta harrapatu zuen COVID-19aren olatuak Azpeitian sortutako ska, rock eta punk musika taldea, eta ur uhar haietan galdu zen taldea bera.

Berez ez zuten taldea desegin edo ibilbidea bukatu zutela iragarri. "Pandemiarekin gelditu beharra izan genuen, eta ez ginen bueltatu. Martxan dabilen kamioia gelditzea zaila izatean da, baina denbora luzean geldirik egon dena martxan jartzea zailagoa izaten da", azaldu du Orhantza Alegriak (Azpeitia, 1986), taldeko gitarristak. Itzuliko direnik ere ez dute iragarri, eta Alegriaren arabera, epe motzean behintzat "zaila" da halakorik gertatzea. Egurra ta Kittoren musika, ordea, lehen lerrora ekarri du berriro Alegriak berak: taldearen hamabi kanta hartu eta horien bertsio elektronikoak sortu eta plazaratu ditu, After Egurra ta Kitto izenarekin.

Aukeratzen lanak

Egurra ta Kittok 2018an kaleratu zuen azken diskoa, taldea sortu eta hamar urtera, hain zuzen. Garaitsu hartan hasi zen Alegria elektronikarekin saltseatzen. Kantu batzuk sortu zituen eta "talde paralelo bat" sortzeko asmoa ere ibili zuen buruan. Sormen berri haiei ahotsa jartzeko abeslaririk ez zuen aurkitu, ordea, eta Egurra ta Kittori gertatu bezala, Alegriari ere pandemiak eten zizkion asmo berriak. Pandemiako "noraeza" gaindituta, musika elektronikoarekin esperimentatzen jarraitzeko gogoz zegoen Alegria, eta sorkuntza berrientzako kantaririk ez aurkitzearen koskari erremedioa topatu zion: Egurra ta Kittoren kantuak hartu, eta haien bertsio elektronikoak egitea.

Talde paraleloaren "A planak" ez zuen biderik egin, eta "bigarren aukerarekin aurrera" egitea erabaki zuen azpeitiarrak. Musika elektronikoaren itsaso zabalean murgildu ahala aukera berriak aurkitzen joan dela kontatu du Alegriak; mundu horretan "berria" izanda, aukeratzen lanak izan dituela ere aitortu du, eta horrek hasieran uste zuena baino gehiago luzarazi dio bidea. "Egurra ta Kittorekin bost ska-punk disko grabatzea baino zailagoa egin zait elektronikako bakarra egitea", dio. Emaitzarekin "gustura" dago Alegria: "Estilo aldetik nahiko lan anitza dela esango nuke. Techno iluna, suabeagoa, ukitu latinoak edo reaggeatoi erakoak... Askotariko joerak daude kantuetan, horrela atera zaizkit. Kantuek eta haien hitzek bakoitzak bere bidetik eraman naute". Ekoizle batek lagundu zion hasieran eta beste batekin bukatu ditu lanak.

Musika eta ikuskizuna

Spotifyn eta Youtuben entzun daiteke After Egurra ta Kitto. Zuzenekoetan "jendeak nola erantzuten" duen eta "zer giro sortzen" den ikusteko irrikaz dago Alegria. Taldekide ohiek diskoa entzun dutela dio. Are gehiago, sormen prozesuan haien iritzia eskatu duela kontatu du Egurra ta Kittoko gitarristak: "Zalantzaren bat nuenetan, bidaltzen nizkien pasarteak, 'hau horrela zer iruditzen?' edo 'hau ala beste hau?' galdetuz, eta haien iritziak jasotzen nituen bueltan".

Egurra ta Kittoren kanta ezagunen bertsio berriak eta sorkuntza propioko doinuren bat edo beste eskainiko ditu Alegriak zuzenekoetan, baina ez da bakarrik ariko eta "musikaz gain ikuskizuna" ere izango dute emanaldiek: sua, sokak eta LED argiak erabiliz swing ikuskizuna eskainiko du zuzenekoetan Sabina Garciak. Joan den ekainaren 29an estreinatu zuten jendaurrean After Egurra ta Kitto, Mutiloan (Gipuzkoa). Estreinaldiaren ondoren, momentuz beste lau zuzeneko ditu hitzartuta Alegriak After Egurra ta Kitto aurkezteko, bakarra eskualdean: uztailaren 23an Errenteriako (Gipuzkoa) txosnetan ariko da, abuztuaren 9an Getariakoetan, abuztuaren 18an Bilboko Aste Nagusian, eta urriaren 11n Zaldibian (Gipuzkoa).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide