Nolatan hasi zinen Azpeitiko azokara etortzen?
Gure aita zena etortzen zen, eta harekin hasi nintzen. Kontabilitatea ikasi nuen, eta 13 urterekin bukatu nituen ikasketak. Etxean, baina, ez zegoen nik ikasten jarraitzeko dirurik. Beti gustatu izan zait azoketako eguneroko borroka hori, eta ordutik lan honetan jarraitzen dut.
Urte hauetan guztietan azokako postua leku berean izan al duzue?
Bai, bai. Salbuespen gisa, plaza berritzeko obrak egin zituztenean, postua Frontoi Txiki ondoan jartzen genuen. Gainontzean, beti toki berean izaten gara, Eperraren aurrean.
Astearteroko azoka asko aldatu al da?
Sinestezina da zenbat aldatu den azoka. Garai batean Azpeitiko astearteroko azoka ikaragarria izaten zen. Ereite garaian leher eginda etortzen ginen azokara; bezperan gauerdian bukatzen genuen kamioia kargatzea, eta goizeko bostetarako azokara nekatuta etortzen ginen. Gainera, Azpeitira iritsi orduko kamioiaren atea joka izaten genituen baserritarrak, lanean hasteko garaia genuela esanez. Bezeroak zerbitzatzen goizeko bostetarako hasten ginen, eta askotan eguerdiko ordubiak arte ez genuen kafe bat hartzeko astirik ere izaten, nahiz eta taberna pauso bakarrera izan. Ikaragarria izaten zen hura. Azokan abasto eman ezinik ibiltzetik, besoak gurutzatuta egotera igaro gara.
83 urte dituzu. Bada erretiroa hartzeko garaia, ala?
Nik erretiroa hartzen badut, akabo. Handik bi hilabetera beste norbaitek egin beharko luke elkarrizketa hau... Burua entretenituta edukitzea ere garrantzitsua da osasunarentzat: "Laranja hauek haiek baino garestiago erosi ditut eta... besteak erosi izan banitu...". Azokako borrokak bizia ematen dit. Sei urtez 03:30erako Madrilgo merkatura joaten ibili nintzen jeneroa erostera. Izugarria zen hura, merkatua bera bakarrik Azpeitia baino hiru aldiz handiagoa zen. Baina, beno, garai hartan Europako merkatu garrantzitsuena zela esaten zuten...
Zer ordutan etortzen zarete Azpeitiko azokara?
Egunero 03:15ean jaikitzen naiz. Telebistan albistegia ikustea atsegin dut, eta hura bukatutakoan oheratzen naiz. Lo gutxi egiten dut. Azokara 05:50erako etortzen gara. Behin dena jasotakoan eta etxera itzulitakoan, lo pixka bat egiten dut, baina 16:30 alderako salgaiak hornitzeko lana egitea nahi izaten dut. Ekaitza egin ala ez, urte osoan etortzen gara Azpeitiko azokara, eta neuk gidatzen dut kamioia; 15 urte nituenetik gidatzen dut kamioia.
Goiz etortzen zarete, ezta?
Gaur egun goizeko seietarako hiruzpalau postu edo gehiago izaten gara azokan, baina lehen goizeko bostetarako etortzen ginen. Hala ere, goizeko lehen ordu horietan jende gutxi etortzen da, gehienak gero lanera joan behar dutenak izaten dira. 06:30 aldera hasten dira azokan bezeroak gehitzen.
Azpeitikoaz gain, zein azokatara joaten zara?
Astelehenetan, Etxarrikora [Nafarroa]; astearteetan, Azpeitikora; asteazkenetan, Ordizikora [Gipuzkoa]; eta ostiraletan, Leitzakora [Nafarroa]. Agurainen denda ere badaukagu; nik ireki nuen, baina egun semea da dendaren arduraduna. Alabei lan gogorra egiten zitzaien, eta uzten joan ziren.
Azpeitian plaza bakarrik ezagutzen duzu, edo baita herria ere?
Garai batean, jendeak azokan hamar kilo patata-eta erosten zizkidan, eta gero, etxez etxe banatzen genituen aurrez egindako eskaerak. Urteak dira etxez etxeko banaketa utzi genuela, baina Azpeitiko txoko guztiak ederki ezagutzera iritsi nintzen.