Ondare, musika eta poesia printzak jaialdi berean uztartuta

Nerea Uranga 2024ko uzt. 5a, 12:25

Maite Lopez Las Heras, Ignacio Arakistain, Alaitz Artola eta Aitor LarraƱaga Udako Musika Printzak aurkezten. (Nerea Uranga)

Udako Musika Printzak egitasmoaren aurtengo edizioa hiru kontzertuk osatuko dute; aurrenekoa uztailaren 11n izango da. Laugarren edizio honetarako prestatu dituzten saioak Olazko Andre Mariaren baselizan, Amatasuna eskulturaren ondoan eta Loiolako basilikan izango dira.

Udako Musika Printzak jaialdiaren laugarren edizioa aurkeztu dute gaur Aitor Larrañaga Kultura batzordeburuak, Ignacio Arakistain antolatzaileak eta musikariak, Maite Lopez Las Heras idazle eta itzultzaileak eta Alaitz Artola musikariak. Larrañagak nabarmendu du Azpeitiko musika eskaintza zabala osatzen laguntzen duela Udako Musika Printzak egitasmoak, eta uztailerako "hiru plan interesgarri" proposatu dituztela aurten. "Zorionez, herrian musika eskaintza zabala dago, baina musika klasikoa zuzenean entzuteko aukerak ez dira hainbeste izaten, eta egitasmo honek osatzen laguntzen du. Horrez gainera, aurreneko ediziotik ahalegin berezia egin da musika Azpeitiko txoko berezietara edota ezohikoetara eramateko, eta aurten ere hala izango da", esan du zinegotziak.

Musika zikloaren antolatzaile Ignacio Arakistainek, lehenik eta behin, udala eta Kulturaz eskertu ditu, egitasmoa aurrera eramateko emandako babesagatik eta laguntza teknikoagatik. Azpimarratu du Udako Musika Printzak "hain ohikoak ez diren proposamenak aurkezteko saiakera" dela, eta bi helburu dituela: "Alde batetik, Azpeitiko ondarea eta musika batzea; eta bestetik, musika klasikoa edota horren ohikoak ez  diren proposamenak agertokira azaleratzea".

Uztailaren 11n, 18an eta 20an izango dira Udako Musika Printzak egitasmoko kontzertuak; hurrenez hurren, Olazko Andre Mariaren baselizan, Loiolako Ignazio Hiribideko Amatasuna eskulturaren ondoan eta Loiolako basilikan izango dira. Aurrenekoa, biolin eta piano kontzertua izango da; bigarrenean, poesia eta musika uztartuko dituzte; eta hirugarrenean, organo kontzertua eskainiko dute lau eskutara. Arakistainek herritarrak gonbidatu ditu hiru saioetara.

Maite Lopez Las Heras eta Alaitz Artola oso eskertuta azaldu dira egitasmoan parte hartzeko emandako aukeragatik, eta "plazera" izango dela azpimarratu dute biek.

Udako Musika Printzak:

- Uztailak 11, osteguna. Piano eta biolin kontzertua, Alaitz Artola eta Julen Arzamendi musikariekin. 21:00etan, Olazko Andre Mariaren baselizan. Kontzertuaren programak bi zati izango dituela azaldu du Arakistanek: "Zati bat aintzinako musikan, azken hiru mendeetako musikan, oinarritutakoa izango da, eta beste erdia, herri musikarekin lotutakoa. Formatu interesgarria izango da". Kontzertua iluntzez eta Olazko ermitan entzuteko aukera izatea "aukera polita" izango dela adierazi du musikariak.

- Uztailak 18, osteguna. Poesia eta musika emanaldia, Garazi Navas, Maite Lopez Las Heras eta Ignacio Arakistainekin. 21:00etan, Loiolako Ignazio Hiribideko Amatasuna eskulturaren ondoan. "Amatasuna eskultura 2005eko otsailean jarri zuten Loiolako Ignazio Hiribidean, eta Xebas Larrañaga azkoitiarrak egindakoa da. Datorren urtean 20 urte beteko ditu, eta horrelako aitortza bat egin nahi genion Azpeitiko ondare eskultorikoari. Aitzakia gisa eskultura horrek proposatzen dituen gaiei buruzko ekitaldi poetiko musikal bat osatu dugu: amatasuna, jaiotza, bizitzaren sorrera, maitasuna.... Saio horretako gonbidatu berezia Maite Lopez Las Heras izango dugu;  Amatu saiakera idatzi zuen, Safo eta beste hainbat klasiko itzuli ditu...", azaldu du Arakistainek.

- Uztailak 20, larunbata. Organoa lau eskutara kontzertua, Mikel Ansola eta Ignacio Arakistain organo jotzaileekin. 20:00etan, Loiolako basilikan. "Ni organo jotzailea naizen aldetik, beti nahi izaten dut organoari lotutako zerbait egitea, eta aurten lau eskutara organo kontzertu bat egingo dugu Loiolako basilikan. Loiolako organoa eskualdean daukagun organo ederrenetariko bat da, Aristide Cavaille-Coll organistak egindakoa. Hilaren 20kon kontzertuan aukera izango da beste literatura bat entzuteko, ez baita ohikoa organoa lau eskutara entzutea. Prestatu dugun programa oso bariatua da: Jesus Guridiren hamar melodi euskaldunen moldaketa batzuk egin ditugu eta beste hainbat pieza ere gehitu ditugu. Loiolako organoaz gozatzeko aukera polita izango da", azaldu du Azpeitiko organo-jotzaileak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide