Euskara eta Kirol patronatuak desegiteko akordioak eta udalaren mendeko bi erakunde horiek eskaintzen dituzten zerbitzuak "udalak bere bitartekoen bidez zuzenean kudeatzea" onartu zuten joan den asteartean, uztaileko ohiko udalbatzarrean. Bi erakundeok deuseztatzeko lehen urratsa izan da aste honetakoa; prozedura administratiboaren aurreikusitako epeak betetzen badira, abenduaren 31n utziko diote izateari Azpeitiko Udalaren bi patronatuek; orduan hartuko ditu bere gain udalak haien "kontu eta kontabilitateak, zerbitzuak eta betebeharrak".
1989an sortu zuen udalak Kirol Patronatua, "herrian kirola egiteko ohitura sustatzeko eta kirol azpiegiturak kudeatzeko"; eta 1998an jarri zuen martxan Euskara Patronatua, "udalaren euskara zerbitzuak kudeatzeko". Hurrenez hurren 35 eta 26 urteko ibilbidea osatuta desagertuko dira, beraz, Kirol eta Euskara Patronatua. Nagore Alkortak udalbatzarrean azaldu zuen "ikuspuntu praktikotik" kudeaketa erraztea izan dela patronatuak desegiteko erabakiaren arrazoi nagusia. Udalak azaldu du "gaur egun, praktikan, udaleko sail bezala funtzionatzen" dutela bi patronatuek. "Horregatik, patronatu bidez kudeatu beharrean, zuzenean kudeatu nahi ditu udalak. Era horretan, kudeaketa administratiboa arinagoa eta eraginkorragoa izango dela uste du".
Euskara zein Kirol patronatuak desegiteak bietako langileen egoeran "inolako eraginik ez" duela izango nabarmendu nahi izan du udalak: "Izan ere, gaur egun ere udaleko lanpostuen zerrendan daude Euskara eta Kirol patronatuetako langileak. Orain arte zituzten lanbide kategoria, ordainsari, antzinatasun eta gainerako baldintza guztiei eutsiko diete". Bi patronatuek berezko aurrekontuak dituzte, udalaren mendekoak baina apartekoak; horiek ere udalaren aurrekontuan txertatuko dituzte.
EAJren "zalantzak"
Joan den astearteko udalbatzarrean, Kirol Patronatua desegiteko akordioa aho batez onartu zuten udalean ordezkatuta dauden bi alderdiek, baina Euskara Patronatua desegiteko akordioaren bozketan, abstenitu egin zen EAJ.
Euskara Patronatua desegitearekin "ados" dago EAJ, Hegoa Larzabal zinegotziak azaldu zuenez, baina gaineratu zuen "zalantzak sortzen" dizkiela aurrerantzeko bideak, "batik bat Euskara Patronatuak Azpeitian izan duen pisua ikusita". Jeltzaleen esanetan, "oraindik hitz egiteko eta zehazteko" daude hainbat kontu. "Kokapena, lan kargak, Euskara Sailak zer programa emango dituen, euskaltegiaren koordinazioa... Eta ezin dugu ahaztu Elegune programa [enpresetan euskara planak garatzeko zerbitzua], bailaran bakarra delako", zerrendatu zituen Larzabalek. EAJk Euskara Sailaren egituraketa berrian parte hartzea nahiko lukeela ere esan zuen zinegotziak.
Aitor Larrañaga Euskara batzordeburuaren ustez, ordea, Euskara Patronatuaren desegiteak ez du erroko aldaketarik eragingo. "Udal Euskaltegiak egituratuta dagoen modu berean jarraituko du bere formazio lanean", adierazi zuen, eta "egokitzapenen bat" egin beharko dutela baztertu gabe, Euskara sailaren "funtzionamendua ez da aldatuko", Larrañagaren hitzetan.