Urola Erdiko trikitiaren bereizgarrietako bat da bizirik dagoela. "Joan deneko ehun urtean ez da transmisioa eten", nabarmendu du Trikigiro elkarteko Haritz Garmendiak (Azkoitia, 1991). "Gaur egun natural ez da ezer bizitzen, eta eragin egin behar da bizirik izateko. Horretarako sortu genuen Trikigiro". Elkartea juridikoki 2016an eratu zuten. Urtebete lehenago I. Trikigiro jaialdia antolatu zuten Azpeitian, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean, eta ehundik gora trikitilari elkartu ziren. Segidan, urtebete geroago, Trikigiro elkartea sortzeko asmoz, hitzordua jarri zuten Sanagustin kulturgunean, eta 30-40 trikitilari bildu ziren.
Elkartearen sorrerako "testuinguru orokorra" nabarmendu du Garmendiak. "Ezerezetik sortutako proiektu bat baino gehiago da Trikigiro. Hasiera-hasieratik Azpeitiko eta Azkoitiko udalek, Kulturazek eta beste eragile askok lagundu dute. Bailaran bazegoen elkartea sortzeko gaia, harreman sare handiak egon dira, eta guk egin duguna behar batzuei erantzuteko instrumentua sortzea izan da".
Trikigiro bi helburu oinarri hartuta jarduteko eratu zuten, eta horretan ari dira. Batetik, Urola Erdiko trikiti mugimendua suspertzea du xede, eta bestetik, dokumentazioaren arloa landuta, ondarea jasotzea. Hirugarren ildo bati heltzeko asmoa ere badute; sorkuntzari, alegia.
Soinu txikiak garaian garaiko moldeetara moldatzen jakin du Azkoitia-Azpeitian, Ibon Errazu (Azkoitia, 1979) Trikigiroko eta Sanjosetako Trikiti Jaialdiaren antolatzaile taldeko kidearen arabera. "Trikitiak jakin zuen lehengo erromeriak egiten, jakin du oraingo festa girora moldatzen, modan dauden piezak jotzen, beste era bateko doinuekin batera jarduten... Horregatik guztiagatik dago bizirik, jakin izan duelako goian eta behean egoten". Dena den, espazio publikotik ia desagertuta egon da trikitia, eta hori berreskuratzeko, "herriko plazara eramateko" lanari ekin zion Trikigirok sorreratik, Garmendiak azaldu duenez. "Mantendu da auzoetan eta herri txikietan, baina mundu hori lehen ere bazen, eta etorkizuna eduki behar badu trikitiak, mendi edota auzoetako erromeri horiek plaza erdiko jardunarekin osatu behar dira. Trikigiroren apustua hori da. Aratzerrekako, Matxinbentako... festetan trikitia izaten da, baina gure ahalegina da hori guztia hartu eta herriko plazara eramatea, biharkoan etorkizuna eduki behar badu, hor ere egon behar duelako beste kultur adierazpideekin batera". Ahalegin horren fruitua dira Azpeitiko Trikigiro Eguna eta Azkoitiko Trikiti Eguna.
Trikitilarien bi jaialdi berezi horiek "komunitatea trinkotzeko eta transmisioa bermatzeko" baliagarriak dira. Jaialdien formatuarekin asmatu dute, bailaratik kanpokoak ere etortzen dira, eta biltzen diren trikitilariak nahastu egiten dira: beteranoak gazteekin... "Jendea jotzeko gogoarekin joaten da jaialdietara, festa parte hartzaileak izaten dira eta nahi duenak nahi duenarekin jarduten du agertokian. Arrakastaren funtsa hor dago", esan du Garmendiak. Ez dute baztertuta bailarako beste herriren batean ere antzeko beste jaialdi bat antolatzea aurrerago. "Komunitate hori bailara osora zabaldu nahi dugu, sarea osatuz".
Egun, Trikigiroren Instagram kontuak 700 jarraitzaile inguru ditu. Trikitiaren berri jendeari eskura jartzeko xedez erabiltzen dute Interneteko kontu hori; hala esan du Garmendiak: "Lehen, trikitiaren berri jakiteko bila joan behar izaten zen, eta orain jakin izan dugu eskura jartzen informazioa, erreminta hori baliatuz. Horrek jende askori trikitia ezagutzeko aukera eman dio, eta erakarri egin ditu".
Ustekabeko emaitza
Urola Erdiko bailarako trikitiaren historia eta istorioak jasotzeko asmoaren lehen printzak 2010eko Sanjosetako Trikiti Jaialdiari lotuta sortu zitzaizkien trikitizaleei. Azpeitiaren herri agiriak 700 urte betetzen zituela eta, martxoko jaialdiaren bueltan, herriko trikitiaren historia eta protagonistak azaleratzea proposatu zien udalak, eta horixe bera egin zuten. Jaialdiaren antolatzaileek egin zuten argazki zaharren eta datuen halako bilketa bat. "Nahiko presazko lana izan zen, abenduan jaso proposamena, eta bi hilabetetan egin behar izan genuen bilketa; batarekin eta bestearekin hitz eginda, argazkiak eskatuta, pare bat afari eginda...", gogoratu du Errazuk.
Denbora gutxian ezusteko emaitza jaso zuten, ordea. "Azpeitiko 36 trikitilari omendu genituen jaialdi hartan, eta 130-140 argazki inguru bildu eta erakutsi genituen. Jaialdirako trikitilariekin biltzen hasi ginenean, bitxikeriak, gertaerak, ibilerak... kontatzen zizkiguten. Nahi gabe eta zertan ari ginen ohartu ere egin gabe, Azpeitiko trikitilarien zerrenda bat osatu eta dokumentu grafikoa bildu genuen". Nahigabe bat du, ordea, Errazuk. Garai hartan gaur dakiten beste jakin izan balute, dokumentazio gehiago biltzen saiatuko liratekeela aitortu du. "Formulario bat betetzeko eskatuko genien trikitilariei edota oinordekoei, grabaketak egingo genituen... baina hala joan zen ordukoa".
Dokumentazio bilketaren barruan, 2017an Urola Erdiko trikitiaren inguruko hitzaldi sorta bat antolatu zuten Sanagustin kulturgunean, eta horri lotuta, Errautsak hauspotzen proiektua forma hartzen hasi zen. Sei urte pasako lanaren ondoren, 62 bideo grabazio, 58 bideografia eta 77 pertsona elkarrizketatu dituzte, eta bideografia horiek, horien fitxak eta proiektuaren liburuxka kaleratu berri dituzte. Eta esku hutsik ez dira gelditu trikitizaleak, beste hainbat lan baitituzte esku artean. Aspertzeko betarik izan gabe jarduteko moduan dira, gainera. "Eginda ditugun elkarrizketen hustuketak eta analisiak eginda ditugu edota bideratuta, eta horietatik etorriko direnak honakoak dira: argazki liburu bat, Urola Erdiko erromeria lekuen datutegi bat, bailarako trikitilarien zerrenda –150 pertsonatik gora daude–, dokumentala... Urola Erdi inguruan 80 erromeria leku inguru zeuden garai batean, eta horiek denak geolokalizatu dira, eta Iboni [Errazu] aitortu behar zaio lan hori guztia". Azpeitian azkena bukatu zen erromeria Komuntzokoa izan zela zehaztu du Errazuk.
Hirugarren helburu edo erronka bat ere badu Trikigirok aurrera begirako: sorkuntza. Horretarako, Errautsak hauspotzen egitasmoa baliagarria izango da; hala dio Garmendiak: "Aurrera begira trikitilari gazteek beraiek sortuko dute, eta sorburua ezagutuz gero, sortzeko lehengaia edukiko dute. Gure helburua ere bada komunitate horri instrumentu batzuk ematea biharko egunean sor dezaten, dela fandangoa, arin-arina, elektronikoarekin nahasian...".
Hainbat erreka uztartuta
Izan zirelako gara, eta garelako izango dira. Esaera horrek bat egiten du Trikigirokoen filosofiarekin. Bailaran izandako trikitilariengandik jasotakotik edan, elikatu eta saretu dira gaur egungoak. Eta orain direnek egiten eta eragiten dutenetik jasoko dute datozenek eta etortzeko daudenek.
Atzera egin dute Trikigirokoek Urola Erdiko trikitilarien arrastoen bila, eta jakin dute aurreko mendean bailarako trikitilariek nolabaiteko antolaketa bat bazutela. "1947. urtean Azillarrin ateratako argazki batean Elgoibarko [Gipuzkoa] soinu jotzaile bat omentzen azaltzen dira trikitilari azpeitiarrak eta azkoitiarrak. Gerora, 1972an, lehen Trikiti Eguna izan zen Usurbilen [Gipuzkoa], eta han ere gehienak Azkoiti-Azpeitikoak ziren. 1973an, berriz, Trikiti Eguna Azpeitian egin zuten, eta 1974an, Azkoitian. Sare bat edota talde bat osatzen garai hartan hasi ziren, omenaldietarako, jaialdietarako...", azaldu du Garmendiak. Garai hartan ereindako hazitik sortu zuten gero Euskal Herriko Trikitixa Elkartea (EHTE).
Trikigiro elkartea sortzeko "erreka desberdinak uztartu" zirela dio Garmendiak: "Ofizialki bailaran trikitiaren elkarterik izan ez bada ere, trikitia presente zegoen ekosistema bat izan da, harreman sare handi bat zegoen. Gainera, harreman handia eduki dute Urola Erdiko trikitilariek Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin; gogoratu elkartearen lehen lehendakaria Esteban Larrañaga loiolatarra zena izan zela. Sanjosetako Trikiti Jaialdia Azpeitian egiten da; hasieran EITBk antolatuta, eta 2007tik EHTEk".
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako trikitiari erantzuteko lan egiten du EHTEk, eta Trikigiro Urola Erdira mugatuta sortu dute: "Guretik aberasteko eta eragiteko".
Datu batzuk
- 1947. urtea: Azillerrin Elgoibarko soinu jotzaile bat omendu zuten, Azpeitiko eta Azkoitiko trikitilariek parte hartuz.
- 1972. urtea: Lehen Trikiti Eguna, Usurbilen (Gipuzkoa). Partaide gehienak azpeitiarrak eta azkoitiarrak izan ziren.
- 1993. urtea: Azpeitian Sanjosetako Lehen Trikiti Jaialdia antolatu zuten.
- 2004. urtea: Esteban Larrañaga (Loiola, Azpeitia, 1947- Urretxu, Gipuzkoa, 2009) omendu zuten Sanjosetako Trikiti Jaialdian. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen lehen lehendakaria izan zen, eta 30 urtez aritu zen elkartean lanean.
- 2007. urtea: Sanjosetako Trikiti Jaialdiaren ardura hartu zuen Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak.
- 2010. urtea: Sanjosetako Trikiti Jaialdia Azpeitiko trikitilarien inguruan antolatu zuten. 36 trikitilari omendu eta 130-140 argazki erakutsi zituzten jaialdian.
- 2015. urtea: Lehen Trikigiro jaialdia egin zuten, Kulturaz kooperatibak eta Urola Erdiko hainbat trikitilarik antolatuta.
- 2016. urtea: Abenduaren 14an Urola Erdiko trikiti elkartea sortzeko batzarra egin zuten Sanagustin kulturgunean. Trikigiro elkartea sortzea erabaki zuten.
- 2022. urtea: Basazabal jauregian du egoitza Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak urte horretako apiriletik.
- 2024. urtea: Ekainean, Urola Erdiko trikitiaren historia jasotzen duten bideografiak eta Errautsak hauspotzen egitasmoa azaltzen duen liburuxka aurkeztu zituzten.
- Datozenak: Laxaro Azkunek Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen 50. urteurreneko liburua idatzi du. Laster aurkeztuko dute.