Miren Larreak Herri politiken eraldaketa errazteko artea liburua kaleratu berri du. Orkestra lehiakortasunaren euskal institutuko ikerlariak ostiralean egin zuen ondutako lanaren aurkezpena Arantzazuko (Gipuzkoa) Gandiaga topagunean, lagunez eta lankidez inguratuta. Aurkezpenean, liburua osatzeko egindako prozesua, lanaren helburuak eta egindako hausnarketak izan zituen hizpide Larreak, besteak beste. Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendariak "barru-barrutik esperientziak partekatzeko izandako ausardia" eskertu zion Larreari.
Azpeitiarrak liburuaren sarrerakoan azaltzen duenez, Herri politiken eraldaketa errazteko artea lanaren helburua da "ekintza ikerketarako errazte-metodologiak hobetzea herri politiken eraldaketan lagunduz", erronka ekologiko, sozial eta politikoei ekarpena egiteko. "Lankidetzazko gobernantza prozesuetan hainbat urtetan garatutako ezagutza" bildu nahi izan du Larreak liburuan. Horrela azaldu du argitalpenean bertan: "Liburua herri politikak errazten emandako hamabost urteko esperientzian dago oinarrituta, eta neure buruaren gaineko ikerketa-prozesu baten emaitza da. Hala ere, argitu nahi dut ez dela neure buruari buruzko liburu bat. Esan bezala, ekintza-ikerketa ez baita inoiz ikertzaileen bakarkako bide bat, arazoren bati aurre egin nahian dabilen komunitate baten eta ikertzaileen arteko elkarlana baizik".
Lau kapitulutan banatu du liburua Larreak. Aurreneko kapituluan haren esperientzia aurkezten du; bigarren kapituluan "eraldaketaren eredu kontzeptual bat" jaso du, eta hirugarren kapituluan eredu hori erabili du haren esperientzia berrikusteko. "Berrikuste hori partekatzean erakusten dut hamar motatako pentsamolde dikotomikoek nola eragin duten ekintza-ikerketan nahiz herri politiketan eta nola oztopatu duten haien eraldaketa". Laugarren kapituluan, dikotomia horietako bakoitza landu du Larreak, "ikertzaile-erraztaile ez-neutral gisa izandako posizionamendua ezkutatu gabe, errazteak pentsamendu dikotomikoa gainditzen nola lagun dezakeen proposatzeko". Liburua borobiltzeko, hainbat hausnarketa aletzen ditu Larreak. Liburuaren hitzaurrea Ainhoa Arrona ikerlari zumaiarrak egin du.