Emakumeen lehen taldea Ehunmilaken

Goierriko Hitza/Laida Goiburu 2024ko uzt. 10a, 15:47

Gema Segurola, Maite Maiz eta Saioa Iriondo. (Utzitakoa)

Lehendabizikoz, Ehunmilak probako taldeetako bat soilik emakumeez osatutakoa izango da. Maite Maizek, Gema Segurolak eta Saioa Iriondok elkarrekin egingo dute lasterketa, bukatzea helburu. Lasterketari lotuta Goierriko Hitzak ateratako gehigarrian elkarrizketatu dute Azpeitiko hirukotea.

Lehendabiziko aldiz, Ehunmilak probako taldeetako bat emakumeek soilik osatutakoa izango da. Gema Segurola Gurrutxagak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1972), Maite Maiz Azkargortak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1980) eta Saioa Iriondo Ansolak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1981) osatuko dute hirukotea, elkarrekin 171 kilometroak osatzeko asmoz.

Hirurek zuten trilogian parte hartzeko asmoa Ehunmilak probarako taldea eratu aurretik ere; Segurolak eta Maizek Goierriko Bi Handiak probarako eman zuten izena hasiera batean, eta Iriondok, aldiz, Ehunmilak ultra trailerako. Iriondok azaldu duen bezala, elkarrekin aritzen dira entrenatzen, eta entrenamendu horietako hizketaldietatik sortu zen taldeka parte hartzeko ideia: “Duela bi hilabete pentsatu genuen momentu aproposa izan zitekeela Ehunmilak egiteko, aukera polita izan zitekeela. Ni jada egitekotan nintzen. Animatu ziren eta albiste ona izan zen hori ere”. Talde berean entrenatzen dute elkarrekin, eta bi lasterketa ere egin dituzte batera: Leitzako (Nafarroa) Euskal Herriko Mendi Erronka, 60 kilometrokoa, eta Tolosako (Gipuzkoa) 14 orduak.

Lehen aldia izango da hirurentzat Ehunmilak lasterketan. Maizek eta Iriondok, iaz, Goierriko Bi Handiak osatu zuten. Ehunmilaken neurriko tirada luzekorik ez dute egin. Asteburuan helduko diote horri: “Salto bat badago egindako kilometroetatik baina ohituta gaudela esango genuke”. Iriondorentzat Ehunmilak “bizitzan behin egin beharreko zerbait” da. Gogotsu eta motibatuta dago, horrelako lasterketa batean gertatu daitezkeen ezustekoez jakitun: “Motibatuta, ilusioarekin, gogo askorekin, eta aldi berean kezka eta errespetuarekin; prestatu gara, entrenatu dugu, momentu honetan ondo gaude, baina 171 kilometrotako lasterketa batean edozer gauza pasa daiteke”.

Ilusioa eta motibazioa

Eman daitezkeen egoerak alboratu gabe, baina ilusioa eta motibazioa nagusitzen da korrikalarien-tzat. Hiruren helburua lasterketa elkarrekin bukatzea izango da: “Espero eta nahi duguna da bukatzea. Gero mila egoera egongo direla karreran ordu asko direlako? Baita ere”, azaldu du Segurolak. Fisikoki eta mentalki “ibilita eta prest”, arlo mentalaren garrantzia nabarmendu du: “Buruak lan handia egingo du”.

Taldean joatea lagungarri egingo zaie, batek beherakada duenean besteek tira egiteko eta animatzeko alboan egongo direlako. Orduak eramangarriagoak izan daitezke hala. “Errespetua diot, baina gero pentsatzen dut nola taldean goazen, taldekideen babes hori ere ona izango dela, ez dela izango bakarrik joatea bezala”. Beasaingo plazan elkarrekin hasi eta bertan elkarrekin helmugaratu nahi dute.

Iriondorentzat esperientzia batera bizitzea izango da aberasgarria: «Gure helburua da bukatzea, elkarrekin, hirurok batera, elkarri animatuz ibilbide osoan, ze seguru egongo direla elkarri lagundu beharko diogun momentuak, eta niretzat hori izango da polita, abentura bat, hiruron artean aurre egingo dioguna”.

Aurtengo taldekakoan hiru talde misto ere izango dira. Hiruretan bi gizonezko eta emakumezko bat lehiatuko dira: Zumaiako ZTR taldea (Isabel Serna, Ruben Celada eta Oscar Solas), Azpeitiko Xoxote taldea (Agustin Artetxe, Angel Mari Etxeberria eta Arantxa Larrañaga) eta Beasaingo Bealak taldea (Elena Calvillo, Asier Zubeldia eta Koldo Agirre).

Denera, hamasei taldek hartuko dute parte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide