Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Yohana Bastida: "Lura proiektuaren helburua bezeroak eta lanak mimoz lantzea da"

Erredakzioa 2024ko uzt. 16a, 18:00

Urte luzez herritik kanpo igaro ondoren, bere "pasioa" den bideogintza proiektu pertsonala abiatu du Yohana Bastida azkoitiarrak. Azpeitiko Zelai Luze coworking gunean zabaldu du Lura bideo ekoizpenak enpresa. "Poliki" hasi nahi du, bezeroak eta lanak zainduz.

Noiz eta nola sortu da Lura bideo ekoizpenak?

Duela bost urte izan nuen Lura sortzeko ideia. Ideia hura Iraurgi Berritzen garapen agentziarekin hitz egin nuen, eta haien laguntzarekin idatzi nuen. Baina baztertu egin behar izan nuen proiektua, pandemia iritsi zelako. 2021 urtean, berriz, hemen inguruko enpresa batean hasi nintzen lanean. Bi urteko lana izan zen, eta jarraian beste lan bat atera zitzaidan. Orain, denak amaituta, nire proiektuari ekiteko une egokia dela pentsatu dut.

Duela bost urte idatzitako proiektua da, edo aldaketak egin behar izan dituzu?

Proiektua berridatzi egin dugu. Eskualdeko eta inguruko bideogintza merkatua gehiago, edo zehatzago, aztertu dut. Urteak igaro ditut kanpoan bizitzen, eta orain, itzultzean, hutsune bat badagoela ohartu naiz. Tresna digitalek ematen duten aukerekin, gaur egun, norbanakoek bideoak egitea erraza da. baina bideo bat ondo egina, zailagoa da. Eta hori da, hain zuzen ere, nik nahi dudana: bideoak ondo egin eta bezeroak gustura amaitzea.

Zer ikasi duzu prozesu horretan zehar?

Prozesu horretatik zerbait ikasi badut, zera da; lehenago egin banu, ez zela kolokan geldituko. Bideogintza beti izan da pasioa niretzat, eta denbora pasatzen uztea ez da, agian, egokiena izan.

"Hamar urteko esperientzia dut, eta urte horietan ere asko ikasi dut. Lana egitea baita, formakuntzarik onenetakoa"

Enpresa plana garatu zenuen edota formakuntza saioren batean parte hartu zenuen?

Ez, bideogintzako ikasketak ditut, eta ondoren, Bartzelonan egin nuen edizio eta post-produkzio arloko espezializazioa. Horrez gain, hamar urteko esperientzia dut, eta urte horietan ere asko ikasi dut. Lana egitea baita, formakuntzarik onenetakoa. 

Covid-19a oztopoa izan zela proiektua abiatzerako orduan esan duzun. Baina izan al dituzu oztopo, edo beldur gehiago?

Azkenean lagungarri izan nuen pandemia; izan ere, denbora gehiago izan dut dena aztertzeko eta osatzeko. Beste aldetik, ordea, txukun eta kalitatez egindako gauzak eskainiz gero, ez dagoela zertan oztopo edo beldurrik izan behar. Azkenean, mimoz landu nahi ditut lanak eta bezeroak. Egia da oztopoak sor daitezkeela, baina ahalik eta ondoen eramaten saiatuko naiz. Gero, nola ez, hasierako beldur nagusia da ziurgabetasuna. Baina erabakia hartu dudan unetik, prestatuta nago.

Zeintzuk dira eskainiko dituzun zerbitzuak?

Bi bezero motara zuzenduko naiz; batetik, norbanakoak eta bestetik, enpresa txikiak. Pertsonen beharrak edota ospakizunak dira batetik; ezkontzak, jaiotzak, kontzertu bat... Momentu bat bideoan bildu nahi dutenentzat da zerbitzua. Bestetik, enpresa txikiek dituzten beharrei erantzutea gustatuko litzaidake: produktu baten aurkezpena, ikastetxe baten jaialdia, formakuntza saioa bideoan eman ahal izateko grabazioa... Prozesu guztia bezeroarekin hitzartuta egingo genuke; lehenbiziko harremana izan, plangintza egin (kokalekuak, argiztapena, mikrofonoak...), grabaketak egin. Jarraian, bideoa muntatuko genuke, hori ere bezeroarekin hitz eginda, eta azkenik, produktua edo bideoa bera zein formatutan nahi duten jakin, eta formatu horretan ematea izango litzateke azken pausoa.

 

Nola jar daitezke zurekin harremanetan?

Nirekin edo lura bideo ekoizpenak enpresarekin harremanetan jartzeko aukera desberdinak daude, batetik, www.lura.es webgunea, bestetik lura@lura.es posta elektronikoa, eta azkenik, 634 20 12 71 telefono zenbakia. Zalantzarik edo galderarik izanez gero, lasai jar daitezela harremanetan.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Nire irizpideak eta sorkuntza erabiliz egin dezakedan lana da, hori da onena. Ez nago inoren menpe, baina aldi berean, bezeroa da oinarria, eta haren menpe nago. Baina adostasunean eta elkarlanean sinesten dut. Baina nire irizpideen baitan lan egitea izango da abantaila nagusia, eta horrek poz handiagoa ere ematen du. Alde txarrak, aldiz, ekonomikoak dira. Karga ekonomikoa duzu hilero, eta horrek sortzen dizkizun buruhausteei aurre egin behar diezu. Lan asko egin behar da zentzu horretan, baina aurrera joan ahala, eta ondo joan ahala, kentzen joango dira buruhauste horiek.

Zer aholkatuko zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?

Esperientzia gisa hartzea gomendatuko nioke. Poliki joatea, bezeroak hartzen joan, eta gutxi izanda horiek ere, ondo egitea lana. Hasieretan, antsietate puntua izan dezakezu, eta ondorioz, denei baietz esan, eta denak onartu. Ni, hasiberri naiz, eta horren kontzientzia badut, gainera, bakarrik izango naizelako lanean. Horregatik, lasai hartu eta esperientzia gisa hartzea dira gakoak. Horrez gain, ametsa badu proiektu hori, ez uzteko denbora pasatzen, gero, jubilatutakoan ez izatea saiatu gabe gelditu izanaren nahigabea edo pena.

Astebete gutxi daramatzazu, eta agian azkarregi da erantzuteko, baina, zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

Oraingoz, proiektua bera finkatzea edo oinarritzea da. Baina nire asmoak eroso sentitzea, lana gustura egitea, eta, batik bat, bezeroa gustura amaitzea dira. Egindako lana gustatuz gero, berriro itzuliko baitira. Hasierako asmoak horiek direla esango nuke, bezeroa eta lana mimoz eta arretaz tratatzea. Gerora begiratuz, eta dena ondo joanez gero, lantaldea handitzea izango litzateke hurrengo pausoa.  

 

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide