Udako Musika Printzak jaialdiaren barruko lehen emanaldia izan zen atzo, ostegunez. Hain zuzen ere, piano eta biolin kontzertua eskaini zuten Alaitz Artola eta Julen Arzamendi musikariek, 21:00etan hasita, Olazko Andre Mariaren baselizan. Argi bereziekin eta giro goxoan egin zuten saioa, eta jende ugari bertaratu zen emanaldira; bete egin zen bazeliza.
Kontzertuaren programak bi zati izan zituen, Ignacio Arakistan musikari eta jaialdiaren antolatzaileak aurkezpenean azaldu zuenez: "Zati bat antzinako musikan, azken hiru mendeetako musikan, oinarritutakoa izango da, eta beste erdia, herri musikarekin lotutakoa. Formatu interesgarria izango da".
Beste bi emanaldi izango dira Udako Musika Printzak jaialdiaren barruan. Hona hemen egitaraua:
- Uztailak 18, osteguna. Poesia eta musika emanaldia, Garazi Navas, Maite Lopez Las Heras eta Ignacio Arakistainekin. 21:00etan, Loiolako Ignazio Hiribideko Amatasuna eskulturaren ondoan. "Amatasuna eskultura 2005eko otsailean jarri zuten Loiolako Ignazio Hiribidean, eta Xebas Larrañaga azkoitiarrak egindakoa da. Datorren urtean 20 urte beteko ditu, eta horrelako aitortza bat egin nahi genion Azpeitiko ondare eskultorikoari. Aitzakia gisa eskultura horrek proposatzen dituen gaiei buruzko ekitaldi poetiko musikal bat osatu dugu: amatasuna, jaiotza, bizitzaren sorrera, maitasuna.... Saio horretako gonbidatu berezia Maite Lopez Las Heras izango dugu; Amatu saiakera idatzi zuen, Safo eta beste hainbat klasiko itzuli ditu...", azaldu du Arakistainek.
- Uztailak 20, larunbata. Organoa lau eskutara kontzertua, Mikel Ansola eta Ignacio Arakistain organo jotzaileekin. 20:00etan, Loiolako basilikan. "Ni organo jotzailea naizen aldetik, beti nahi izaten dut organoari lotutako zerbait egitea, eta aurten lau eskutara organo kontzertu bat egingo dugu Loiolako basilikan. Loiolako organoa eskualdean daukagun organo ederrenetariko bat da, Aristide Cavaille-Coll organistak egindakoa. Hilaren 20kon kontzertuan aukera izango da beste literatura bat entzuteko, ez baita ohikoa organoa lau eskutara entzutea. Prestatu dugun programa oso bariatua da: Jesus Guridiren hamar melodi euskaldunen moldaketa batzuk egin ditugu eta beste hainbat pieza ere gehitu ditugu. Loiolako organoaz gozatzeko aukera polita izango da", azaldu du Azpeitiko organo jotzaileak.