Jakaneko erakusleiho jostaria

Ihintza Elustondo 2024ko abu. 17a, 10:50

Lurdes Arzallus, Jakaneko dendako erakusleihoaren kanpoko koskan eserita. (Ihintza Elustondo)

Sierbetako mojei eskainitako erakusleihoa izan dute oraintsu arte Jaka janari dendan. Udaberriari lotutakoa izan zen aurrez, eta ziur aski, saninazioen bueltakoa etorriko zen ondoren. Lurdes Arzallus, saltokiaren arduradunetako baten kontuak dira horiek. Ia 40 urte daramatza hark erakusleihoa apaintzen, irudimena astintzen. Horretaz hitz egin du 2024ko uztaileko Azpeitia Guka aldizkarian.

Artzubia hiribidean, zezen plazatik gertu, sarri askotan egon ohi dira umeak kristal bati pega-pega eginda, adi, zerbaiti begira. Beira zatiaren atzean zer ezkutatuko, hantxe bilatzen dute batek baino gehiagok entretenimendua. Aisialdi perfektua. Itsatsita agertzen diren hatz markak dira horren lekuko salataria. Orain hara joaten direnek Sierbetako mojei eskainitako paisaia aurkituko dute: kakorratz-lanez egindako moja txikiak, komentuaren argazkia... Aurrez, loreontziak eta baratzeko trasteak ikusi ahal izan ziren, udaberria iritsi zen seinale, eta aurki, berriz, udako festek hartuko dute agertokia; gero, etorriko da beste ideiaren bat; Gabonak ere arrapaladan iritsiko dira... Halaxe, Jakanekoen erakusleihoak islatu ohi du urteko egutegia. Hantxe daukate haur askok hain maitea duten erakusleiho jostaria.

Jaka janari dendan erakusleiho txiki bat daukate kanpoaldera begira, eta itxura ezberdina izan ohi du urtean zehar. Luis Gurrutxaga kolaboratzaileak hedabide honetarako idatzitako iritzi artikuluak aipamena egin zion erakusleiho horri, eta irakurlea hara gonbidatu zuen Gurrutxagak, garai bateko bizartegiko tresnei arreta jartzera. Hala, hariari tiraka, espero gabeko bitxikeriak azaldu dira Jakaneko atea gurutzatzean.

Lurdes Arzallus (Azpeitia, 1964) eta Olatz Larrañaga dira saltokiaren arduradunak, baina Arzallusen kontuak dira erakusleihoari lotutakoak. Hura hasi zen aspaldi erakusleihoari askotariko dekorazioak jartzen, eta halaxe, asko pentsatu gabe hasitako ideiarekin jarraitu du gaur arte. 1988ko abuztuaren 1ean hartu zuten saltokia, eta beraz, 36 urte daramatzate han lanean. Ordutik dator apainketaren kontua, Arzallusek gogoratu duenez. "Gure aita bizi zela, hark lagunduta egiten nituen erakusleihoak. Berak egiten zizkidan apalak, armairuak, aulkiak... Lehen bai egiten genuela lana, orain lan gutxiago hartzen dugu".

Lan gehiago edo gutxiago, aitarekin hasitako bideari jarraipena eman dio Arzallusek. Ia lau hamarkadatan, zer ez dute egin, baina? Baratzea, belar metak, maiteminduen egunerako dekoratuak, herriko jai guztiak... Urteotan guztiotan jarritako erakusleihoei argazkiak atera izan dizkie Arzallusek, eta horri esker dute gogoan jarritako erakusleiho bakoitza. Hemen ageri dira argazki horietako batzuk; gutxi batzuk baino ez dira, Arzallusek gordeta dituen argazki bilduma potoloan.

Jakaneko ahizpek hasitako bidea

Arzallusek eta Larrañagak denda hartu aurretik, Jakaneko ahizpena izan zen saltokia, eta haiek ematen zizkieten erakusleihoa apaintzeko ideiak. "Aurreneko urtean, Manolitak esaten zigun: 'Hau pixka bat politagoa jarri behar duzue'. Manolita asko etortzen zen dendara, eta Gabonetarako ideiak-eta ematen zizkigun. Juanita ere sarri etortzen zen". Saltokiaren gainean bizi ziren ahizpak, eta dendarekin lotura mantendu zutela aipatu du. Eta, horrelaxe, buruari buelta gehiegi eman gabe hasi ziren tartean-tartean erakusleihoa apaintzen. Orduko merkatarien elkarteak ikastaro batzuk ere antolatu zituen erakusleihoak apaintzeko, eta horietan parte hartu zuen Arzallusek. "Ideia batzuk eman zizkiguten; Donostiako dendek-eta zer egiten zuten azaltzen ziguten", kontatu du. Ondoren, aitari ematen zizkion ideiak. "'Hor kabitzeko moduko mahai bat egingo bazenu...' Igandean mezatara joandakoan okurritzen omen zitzaizkion ideiak. Gero, egurra hartu, eta segituan egiten zizkidan".

Ordutik, auskalo zenbat erakusleiho muntatu dituzten; lehen familiartean egiten zuten horren atzean dagoen lana, baina orain, kasik-kasik, ariketa kolektiboa bilakatu da. "Orain jendeak ekartzen dizkit behar ez dituen gauzak: kotxekapotak, panpinak, piano txiki bat, eskusoinua... Biltegian gordetzen ditut, eta erakusleihoa aldatzea pentsatzen dudanean, zer dagoen begiratzen dut; horiekin zer egin daitekeen pentsatzen jartzen naiz". Realak Erreginaren Kopa jokatu zuenekoa jarri du adibidetzat. "Erakusleihoa Realeko bihurtu genuen, emakumeen futbolari bultzadatxoa emateko asmoz: batek kamisetak utzi zizkidan, beste batek posterra ekarri zuen, goiko mutil koskorrak autobusa ekarri zuen...". Halaxe, batek eta besteak emandakoarekin osatu zuten orduan dekorazioa.

Gaur-gaurkoz, herritarrekin elkarlanean osatzen du erakusleihoa, bezeroei, eta batez ere, haurrei, jolasaren parte izatea gustatzen zaielako. Ez da sekula udalak antolatutako erakusleiho lehiaketara aurkeztu Arzallus, haren helburua ez delako saririk irabaztea; baizik eta haurren gozamenerako eta bere gozamenerako jolas gisa hartzen du erakusleiho aldaketaren kontua. Horri esker, herritarrekin "harreman polita" sortu dutela dio Arzallusek, eta berak horri ematen dio balioa. "Saltsa pixka bat jartzen dio kontu honek dendako eguneroko bizimoduari". Erakusleihoaren berri ez zutenei ere egin die jolasaren parte bilakatzeko gonbidapena: "Norbaiti zerbait bururatuz gero, irekita daude dendako ateak".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide