Gasteizen Ingeles Filologia ikasi zuen Ander Beristainek (Azpeitia, 1993), hizkuntzalaritzan espezializatu zen, eta gaur egun Hizkuntzalaritzan doktorea da Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Saint Louis unibertsitatean. Lan asko eginda eta urte gogorrak pasatuta iritsi da gaur egun dagoen lekura. Duela zortzi urtetatik AEBetan bizi da Beristain, eta paradoxa irudi dezakeen arren, euskararen eta gaztelaniaren askotariko ertzak aztertu ditu orain arteko ibilbidean; izan ere, euskaraz bizi ez den arren, haren bi ama hizkuntzak dira ikerketaren arlora munduratu dutenak. Beristainen aita euskalduna da; ama eta haren familia, berriz, Extremadurakoak (Espainia). "Azpeitiarra naiz, euskalduna naiz, baina badut kanpoko familia, eta uste dut horrek ere izan duela eragina nigan", dio. Orain, Extremaduratik Azpeitira etorritakoen eta haien ondorengoen hizkuntza joerak aztertzeko proiektu berri bati ekin dio, eta Azpeitian egin berri duen egonaldian bildu duen materialarekin egingo du ikerketa. Bisita hori aprobetxatu du Gukak Beristainekin hitz egiteko.
Gaur egun dagoen lekura nola iritsi zen kontatzerakoan, ikasle garaiko hausnarketak ekarri ditu gogora: "Unibertsitatean nengoela ohartu nintzen irakurtzea ikaragarri gustatzen zitzaidan arren, ez nekiela nire bizitza irakurketan oinarritzerik nahi al nuen. Gainera, jabetu nintzen euskalkiak atsegin nituela, hizkuntzak aztertzea asko gustatzen zitzaidala, eta horrela erabaki nuen hizkuntzalaritzan murgiltzea, ikerketan aritzeko. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) gradua amaitu aurretik jakin zuen AEBetan lan egin nahi zuela. Bidea "konplexua" izan zela kontatu du: "Graduko hirugarren urtea AEBetan egin nuen, Erasmus programarekin. Jende asko Ingalaterrara joaten da, baina han beti dago Euskal Herriko edo Espainiako jendea, eta errazago jotzen da gaztelaniaz hitz egitera. Argi nekien hori zela saihestu nahi nuena. Banekien gurasoentzako ikaragarrizko karga zela ni atzerrira joatea, ekonomikoki baliabide asko behar direlako han ikasteko, baina jakin banekien akademikoki ona izango zela. Beraz, bekak lortzeko ahalegin guztia egin nuen, eta lortu nuen helburua. Urtebete egin nuen Ipar Amerikan, eta orduan ohartu nintzen AEBetako hezkuntza sistemak ez duela zerikusirik Europako sistemarekin".
Alderaketak eta ondorioak
Ikasketa prozesu osoan askotariko proiektuak egin ditu Beristainek, bestek beste, Azpeitiko, Lemoako (Bizkaia) eta Goizuetako (Nafarroa) gaztelaniazko eta euskarazko elebidunek txistukariak nola erabiltzen dituzten aztertu du, Chicagoko eta Mexikoko elebidunen hizkuntza gaitasunak eta eraginak alderatu ditu, baita Azpeitiko euskararen entonazioa ikertu ere. "Azpeitiko euskarak duen berezitasuna da hitzetan silaba tonikoa azken silaban jartzen dela; hori ez da batere ohikoa munduko hizkuntzetan. Oso arraroa da, baina ez dago dokumentatuta. Hemen daukagu, baina ez dakigu", dio. Jasota ez dagoena gizarteratu nahi du azpeitiarrak: "Nire helburua da gutxiago ezagutzen diren hizkuntzak, dialektoak edota aldaerak ezagutaraztea, gizarteko hizkuntza aldakortasuna eta aniztasuna erakusteko".
Euskara ikertu izan du, euskaraz bizi gabe. Hori nola daraman galdetuta, "zaila" dela aitortu du: "Ez dut esango identitate krisia bizi izan dudanik, baina asko kostatu zait egoerara egitea. Gogoratzen dut AEBetara iritsi nintzenean jendeak esaten zidala zer egiten nuen han euskara ikertzen; eta erantzuten nien han nengoela han zeudelako ikertzailerik onenak". Era berean, azaldu du gaur-gaurkoz kostatu egiten zaiola euskarara egokitzea Euskal Herrira etortzen den aldiro. "Azpeitira etortzen naizenean, zertxobait kostatzen zait euskarara egitea. Mentalki kostatu egiten zait; egunerokoan pentsatu eta hitz egin ingelesez eta gaztelaniaz egiten dut. Kognitiboki zaila da hizkuntzetara moldatzea". Paradoxa bat ere gertatu zaio, besteak beste hizkuntzen aldakortasuna ikertzen baitu berak, eta AEBetan bizita, bere euskara aldatzen ari da: "Anaiek esaten didate dagoeneko galdu dudala azpeitiar hizkeraren azentua. Unibertsitatean nire izenagatik dakite euskalduna naizela".
Beristainek ahoskera analizatzen du, eta horretarako metodo artikulatorioak erabiltzen ditu. "Orain, elebidunen bigarren hizkuntzetan zentratu beharrean, bigarren dialektoetan ari naiz arreta jartzen. Pertsonek haien bigarren hizkuntza nola ikasten duten aztertzen da nagusiki hizkuntzalaritzan, eta ez horrenbeste pertsonek hizkuntza beraren dialekto berri bat ikasteko duten gaitasuna".
Hezkuntza eta balioak
Hizkuntzalariek Euskal Herrian Ingeles Filologia ikasten duten bezala, AEBetan Filologia Hispanikoa irakasten dute, eta horretan ere badabil Beristain. Irakasle izatea atsegin duela dio, baina azpimarratu du esperientziak erakutsi diola hezkuntza prozesuak asko eragiten duela buru osasunean, eta, zentzu horretan, hainbat balio aintzat hartzearen garrantzia nabarmendu du; hala nola hausnartzearena, entzutearena eta ulertzearena. "Badakit norberaren ama hizkuntza ez den hizkuntza batean trebatzeak zer-nolako ahalegina eskatzen duen eta zer-nolako antsietatea sortzen duen. Asko sufritu nuen ikasle garaian, asko eskatzen niolako neure buruari eta irakasle oso zorrotzak izan nituelako. Orain, ikasleei bestelako balio batzuk irakatsi nahi dizkiet; izan ere, badirudi ikasketa formalen prozesuan nota bikainak lortzen ez dituztenek ezin dutela arlo horretan lan egin, eta hori ez da horrela. Ezin da ideia hori orokortu, ikasleak sufritzera bideratzen dituen ustea baita".
Hamaika ertz ikertzeko
Kuriositate handiko pertsona dela dio Beristainek, eta adierazi du ez daukala "norabide zehatzik" ikerketa arloan. "Ideia mordoxka" dituen arren, badauka ikerketak abiatzeko oinarri bat: "Argi daukat, esaterako, mundu mailan dauden komunitate elebidunekin lan egitea nahi dudala. Ideia bat da, esaterako, maia hizkuntza eta gaztelania hitz egiten duten hiztun elebidunak aztertzea, gaur egun erabiltzen ari naizen metodo berarekin". Epe luzera begira, ordea, badu beste nahi bat. "Munduko denbora guztia izango banu, eta liburu bat plazaratu beharko banu, euskarak Euskal Herritik kanpo izan duen garapena ikertuko nuke. Nevadan, Latinoamerikan, Boisen... Nola erakutsi den eta nola transmititu den belaunaldiz belaunaldi, eta konparazioa egingo nuke Euskal Herriko ereduarekin". Dena den, hori ez da buruan darabilen ideia bakarra. Badu, nolabait, Azpeitiarekin lotura duen beste proiektu bat ere. "Lan egiten dudan unibertsitatea jesuitena da, eta unibertsitatearen erdigunean San Inazioren estatua bat dago. Nik ez dut erlijio aldetik askorik konektatzen jesuitekin, baina badago interesgarria iruditzen zaidan ideia bat", kontatu du. Hain zuzen, Beristainek azaldu du kongregazio hori izan zela hezkuntza sistema paristarra Espainiara eraman zuena: "Jesuitek hezkuntza sistemara aldaketak eraman zituzten. Hau da, hezkuntzara hausnarketaren garrantzia eraman zuten". Horri lotuta, San Inazioren garaiko hizkuntza aztertu nahiko luke Beristainek, eta dagoeneko hasia da bazterretan ateak jotzen. "EHUn hizkuntzalaritza historikoan aritzen diren irakasle batzuekin jarri nintzen harremanetan, eta galdetu nien hori inoiz inork ikertu ote duen. Ezetz esan zidaten, eta egitera animatu ninduten, ez baitago garai hartako ia ezer ikertuta; mugarria litzatake". Loiolara ez ezik, Erromako Ignaziotar Zentrora joko luke Beristainek. "Abentura bat bailitzan ikusten dut, eta horrek asko motibatzen nau".
Oraingoz badu lana: Extremaduratik Azpeitira etorritakoen eta haien ondorengo belaunaldien euskararen eta gaztelaniaren erabilera aztertzea, euskaraz soilik bizi izan direnen belaunaldiekin alderatuta.
Motzean
Jaiotze data: 1993ko urtarrilaren 21a.
Ikasketak: Hizkuntzalaritzan doktorea.
Lanbidea: Saint Louis unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria.
Hizkuntzalaria ez banintz… logopeda izango nintzateke.
Lanetik ateratzean gogoko dut… pasiera egitea.