Aritz Aranbarri
Duela urte eta erdi inguru hartu zuen argazki kamera bat lehenengo aldiz Aritz Aranbarrik (Azpeitia, 2006). Denbora gutxian afizioa ofizio bilakatzea lortu du, eta bere zaletasunei ikuspuntu desberdinetatik begiratzen die orain. Bizikleta munduan hasi zen; lehiatzeari uztekotan zegoela, osabak utzitako kamera hartu eta lasterketetako argazkiak ateratzen. Gaur egun, ia 3.000 jarraitzaile ditu @ziklix_photo bere Instagram kontuak, eta lanean pasatutako denborari, pazientziari eta "inprobisatzen jakiteari" atxikitzen die bere arrakasta.
Bizikleta gainekoa ardatz
Txirrindularitzaren munduari lotuta hasi zen argazkiak ateratzen, lasterketa askotara joan eta bide bazterrean jarrita, kamera prest. "Zenbat eta argazki gehiago atera, orduan eta gehiago ikasten duzu, ez dago besterik. Gainera, pixka bat aurreztu dudan heinean, ekipamendua hobetzen joan naiz eta kamera txukun bat erosi ahal izan dut". Errepidean moto gainean, belodromoko pistan (goiko argazkian) zein ziklokrosean, guztietan ibili da azken urte hauetan.
Abiadura harrapatzea
Motor batetik argazkiak ateratzeak bere erronkak ditu. "Funtsezkoa da oreka mantentzea abiadura handian mugitzen zaren bitartean", dio Aranbarrik. Gainera, txirrindularien ibilbideak aurreikusi behar ditu, eta une egokian leku egokian egon gustuko irudiak harrapatzeko. "Moto gidariarengan konfiantza osoa izan behar da", gehitu du. Ekintza iragartzeko duen gaitasunari eta trebetasun teknikoari esker, abiadura handian doan bitartean denbora geldiarazten duten irudiak lortu ditu.
Inprobisazio ariketa
Inprobisatzeko ahalmenak ere asko laguntzen diola dio azpeitiarrak. Askotan lana non egingo duen jakin arren, bere esku ez dauden gauzek dena alda diezaiokete momentu batean. "Askotan mapan begiratzen dut, argazkiak zein tokitatik aterako ditudan erabakitzeko. Hala ere, hara iritsitakoan, nik pentsatutakotik ia beti desberdina izaten da, eta inprobisatzen jakin behar izaten da". Begia kameran ez ezik, inguruan ere izan behar du, motorra non utzi, non geratu eta argazkiak nondik atera jakiteko.
Une berezienak
Emozioak harrapatzea ere gustatzen zaio Aranbarriri. Helmugara iritsi den kirolari baten bakea, irabazi duenaren poztasuna, kostatuta doan baten nekea... "Horrelako argazkiek transmititzen dizkigute benetako sentimenduak, kirolariarekin enpatizatu eta bere mundua ulertzeko aukera ematen digute". Taldeko autobusaren barruan ere atera izan ditu argazkiak, "normalean ikusten ez diren uneak" harrapatuz. "Erraza da mugan jarri eta irabazleari argazki batzuk ateratzea, baina niri beste mota bateko anguluak ateratzea gustatzen zait, topikoa dena saihestuz", dio Aranbarrik.
Paisaiak
Paisaiari ere garrantzia ematen dio Aranbarrik bere argazkietan. "Txirrindularitza lasterketek aukera paregabea ematen didate paisaiarekin jokatzeko". Kirol elementuak ez ezik, bestelako paisaiak irudietan jasotzea ere gustuko du, bai itsasoaren ondoan jarrita goizean goizetik, baita mendi bueltetan ere; naturak eta paisaiak protagonismoa hartzen dute Aranbarriren argazkietan. Naturaren handitasunari bide ematen dio, eta eguneko une ederrenak hartzen ditu bere kamerarekin.
Zezenerako zaletasuna
Azpeitiarra eta zezenzalea izanik, Elegante Egunak zirrara berezia sortzen dio Aranbarriri. Zezenak egoten diren kamioi gainera igo eta zezenaren irteera harrapatzea lortu zuen argazki honetan. Errekortarien txapelketak, zezenketak eta sokamuturra gustuko ditu argazkiak ateratzeko. "Jendearen izu aurpegiak" harrapatzeak grazia berezia egiten dio gazteari.