Denbora gutxiren buruan hasiko da jendea Esklabetako alokairurako bizitokietan sartzen: Gukak jakin duenez, bihar emango dizkiete giltzak dagoeneko esleituta dauden etxebizitzetako zenbait herritarri, eta datozen asteetan jasoko dituzte gainerakoek. Gaur aurkeztu dituzte 48 etxebizitzak Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Patricia Val Alokabideko zuzendari nagusiak.
Azpeitiko Udalak 2017an iragarri zuen Esklabetako eskuin aldean alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko akordioa egin zuela Jaurlaritzarekin, ondoren Alokabideren bidez kudeatzeko, eta 2018eko otsailean sinatu zuten hitzarmena. 2021eko irailean hasi zituzten lanak, aurreikusitakoa baino bi urte beranduago. "Eusko Jaurlaritza gisa, gazteen etxebizitza eskubidea gauzatzeko behar diren baliabideak aktibatzeko erantzukizuna eta konpromisoa ditugu, aldi baterako alokairuko zuzkidura bizitokiena bezalako formula aitzindariak erabiliz", azaldu du Itxasok. Alkortak, berriz, gaurkoa egun "pozgarria" dela aipatu du agerraldiaren hasieran: "Gazteen arazo nagusietako bat da etxebizitzena. Oso zaila da etxe bat eskuratzea, bai alokairuan eta baita salmentan ere. Udaletik, gure esku dagoen guztia eginda ere, askotan ez dugu nahiko baliabide, eta arazoak hor jarraitzen du. Pozgarria da gaurko eguna, amaituta baitaude etxeak, eta 36 urtetik beherako Azpeitiko zein Urola Kostako gainerako herritarrek gozatu ahal izango dituzte".
Udalak doan utzi dio Eusko Jaurlaritzari Esklabetako eraikin historikoaren parte bat, eta Jaurlaritzak sei milioi euroko inbertsioa egin du bertan etxebizitzak egiteko. Alkortak, bere aldetik, dagoeneko eraikita zegoen eraikina berrerabiltzearen garrantzia azpimarratu du: "Hutsetik eraiki eta lur gehiago okupatu beharrean, dagoeneko hor zegoen eta azpeitiarrontzat ezaguna den eraikin batean egin dira etxeak, eta horrek eraikina babesteko aukera ere ematen du".
Aurkeztu berri dituzten 48 etxebizitzak gazteen emantzipazio prozesua errazteko bideratuko dituzte, eta Itxasok zehaztu duenez, proiektuaren helburu nagusiak "etxebizitza arrazoizko prezioan eskuratzeko beharrari erantzutea, eta lehendik eraikitako eraikinei erabilera berria ematea" dira.
Etxebizitzen ezaugarriak
48 bizitokietatik bi mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokitutako logela bateko apartamentuak dira. Gainerako 46 bizitokietatik 29 logela bakarrekoak dira, eta 17 bi logelatakoak. Bizitokiak komentuaren ekialdean daude, 7.951 metroko espazio batean, lehen eta bigarren solairuetan. Bi igogailu ditu eraikinak, eta lanak Ocisa enpresak egin ditu.
Valeren esanetan, Eusko Jaurlaritzak jasangarritasunarekin duen konpromisoari jarraiki egin dituzte Esklabetako etxebizitzak: "Eraikinak berogailurako eta ur berorako sistema zentralizatu bat du, biomasa galdara baten bidez funtzionatzen duena, gasaren laguntzarekin. Horrez aparte, autokudeaketa energetikorako sistema bat ere badu, eta horri esker, maizterrek aplikazio mugikor baten bidez kontrola dezakete beraien energia kontsumoa. Gainera, airearen kalitatea bermatzeko fluxu bikoitzeko aireztapen sistema zentralizatu bat instalatu dute etxeetan".
Gehinez bost urterako izango dira alokairuak, eta hileko kanon bat ordaindu beharko dute maizterrek –kanon horrek ez du diru sarrera haztatuen %30 gaindituko–. Gutxi gorabehera, 3.000 eta 42.000 euro bitarteko diru sarrera haztatuak dituzten pertsonek bizi ahal izango dute bertan. Halaber, 40 euroko kuota bat ordaindu beharko dute, komunitateko gastuetara bideratuko direnak.