Andoni Bastarrika: "Irudi berarekin hamabi-hamahiru ordu ere egon izan naiz jarraian"

Ekaitz Etxabe Arzallus-Berria 2024ko abu. 27a, 10:23

Andoni Bastarrika, aurreko asteazkenean, Zarauzko malekoian, berak egindako hareazko otsoa ondoan duela. (Jon Urbe / Foku)

Duela hamalau bat urte hasi zen Andoni Bastarrika hareazko irudiak egiten. Ordutik, milaka irudi egin ditu, milaka tokitan. Ikastaroak ere ematen ditu, berak dakiena besteei erakusteko. Honakoa azpeitiarrari Berria.eus-en egindako elkarrizketa da.

Besteak beste, Zarauzko malekoian aritzen da Andoni Bastarrika artista (Azpeitia, Gipuzkoa, 1970) hareazko irudiak egiten. Bere eskuak, makilatxo bat eta luma bat izaten ditu lanerako erreminta, eta hiru tresna horiek baliatuz egiten ditu tamaina errealeko gizaki zein animalien irudiak: zezenak, otsoak eta sirenak, besteak beste.

Nolatan eta noiz hasi zinen harearekin irudiak egiten?

Orain dela hamalau bat urte hasi nintzen irudiak egiten, hondartzara etorri nintzen batean umeekin jolasean ari nintzela. Orduan, umeak txikiak ziren, hondarrarekin jolasten hasi nintzen, eta, arraroa da, baina zerbait aurkitu nuen.

Zure alabek badute zerikusirik, beraz?

Bai, bai. Baina, behin hasi nintzenean, ez nien nire irudia gehiegi ukitzen utzi [barrez]. Emozionatu egin nintzen eta… Baina, bai, eragile bat izan ziren. Hondarrarekin jolasten hasi nintzenean, gorputzak eta antzekoak eskuekin egiteko erraztasuna aurkitu nuen, eta jarraitzea erabaki nuen.

Noiztik ari zara ikastaroak ematen? Nolatan hasi zinen?

Dagoeneko, hamar bat urte izango dira ikastaroak ematen hasi nintzela. Artista moduan, erabakia hartu behar duzu. Bizibidea atera behar duzu, eta, horretarako, modu asko daude: eskulturak udalei saltzea, tailerrak antolatzea… Tailerrak kostako zein barnealdeko herrietan antolatzen ditut, eta barnealdekoetara nik neuk eramaten dut hondarra. Ikastaroetan parte hartu nahi duenak ez du ordaindu behar, dohainik dira.

Konplexua al da honi buruz ezer ez dakien pertsona bati irakastea?

Nik uste dut txikitatik, hondartza joan garenetik, denok daukagula nolabaiteko abilezia bat. Batzuek zuloak egiten, beste batzuek gazteluak egiten eta beste batzuek beste zerbait egiten, denok daukagu zerbait. Iruditzen zait, tailerretako garrantzitsuena ez dela nik egiten ditudanak bezalako irudiak egitea, umeek hondarrarekin konektatzea baizik, disfrutatzea. Hortik aurrera egiten edo sortzen dutena, fenomeno. Umeei tailerrak irauten duen denbora ustekabean pasatzen zaie, eta hori seinale ona da.

Zer motatako irudiak egiten dituzu?

Animaliak, pertsonak edo erdi-animalia, erdi-pertsona diren irudiak egiten ditut. Aurpegiak ere bai, noizbehinka. Eskultura ia guztia eskuz egiten dudanez, biribiltasuna interesatzen zait, eta animaliak, pertsonak eta aurpegiak ia dena biribiltasunak dira. Irudiei azken ukitua emateko, makilatxo bat eta luma bat erabiltzen ditut, bai zakur bat egiteko, baita elefante bat egiteko ere.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko Berria.eus-en.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide