Oporrak Bakean programak basamortutik eta errefuxiatu kanpamenduetatik kanpo uda igarotzeko aukera eskaintzen die Saharako haurrei; aldiz, familia euskaldunek herri sahararrari lagundu zein beste kultura batekin elkarbizitzeko aukera izaten dute.
Darahli elkarteak bi proiektu ezberdin eramaten ditu aurrera Oporrak Bakean programaren barruan: harrera familiak eta udalekuak. Lehenari lotuta, eskualdean zortzi harrera familiak parte hartu dute programan uda honetan, tartean Azpeitiko lau familiak eta Azkoitiko beste bik. Elkarteak adierazi duenez, udako egonaldia "oso esperientzia baikorra eta aberasgarria" izan da bi aldeentzat, eta haur saharar errefuxiatuei Euskal Herrian "bigarren familia bat" izatea ahalbidetu die.
Bestetik, azken zortzi urtetan bezala, aurtengo udan ere Saharako 10 urteko hemeretzi haur izan dira Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuan. Darahli elkarteko 55 bat kide gazte aritu dira begirale eta koordinatzaile lanetan bi hilabetez, gehienak zumaiarrak, baina baita azkoitiarrak zein zestoarrak ere.
Saharako haurrak beren herrialdera itzuli berritan, Oporrak Bakean programa lagundu duten udal, elkarte, erakunde eta familia guztiak eskertu nahi izan ditu Darahlik.
Datorren udara begira, berriz, harrera familia gehiago lortu nahiko lituzketela adierazi du elkarteak.