Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lehen asteburuan lehiatuko dira azpeitiarrak

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 6a, 11:26

Apotzagan atzoko aurkezpen ekitaldirako elkartutakoak. (Bertsoa.eus)

Jon Gurrutxagak estreinako final zortzirenean kantatuko du, irailaren 14an, Urretxun. Oier Etxeberria, berriz, biharamunean ariko da Lasarte-Oriako saioan. Azken final zortzirena jokatuko da Azpeitian, urriaren 5ean. Saio guztietarako sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus-en.

Ospakizun giroan eta bertso eskolen lana aitortuz egin zuten atzo Eskoriatzako Apotzagan 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpen ekitaldi nagusia. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea amaitu eta handik gutxira, parte hartuko zuten bertsolari guztien izenak jakin ondoren, ekainean aurkeztu zituzten txapelketaren hainbat jakingarri: txapelketaren egitura bera, saioen datak eta horien egoitzak... Atzo, txapelketan ariko diren hainbat bertsolari, gai jartzaile, epaile, babesle zein Debagoieneko bertso eskoletan dabiltzan gazteak elkartu zituen ekitaldian, aurtengo txapelketaren sintonia –Trigger musikariaren sorkuntza– eta berritasun nagusia aurkeztu zituzten. 25 urtetik beherako txapelketako bertsolari onenari saria emango diote aurten finalaren egunean, abenduaren 14an, Donostiako Ilunben, eta hori izango da 2024ko txapelketaren berrikuntza. 48 parte hartzaileetatik hamar dira sari hori irabazteko hautagaiak.

Hurrengo asteburuan hasiko da txapelketa. Irailaren 14an eta 15ean jokatuko dituzte lehen bi final zortzirenetako saioak, eta lehen asteburu horretan lehiatuko dira Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean txapelketan aritzeko txartela lortu zuten bi azpeitiarrak. Jon Gurrutxagak irailaren 14an kantatuko du, txapelketako lehen saioan, Urretxuko Labeaga aretoan; Andoni Rekondo, Ane Zuazubiskar, Antton Aizpurua, Mikel Iturriotz eta Unai Mendizabal dira Urretxuko saioan ariko diren beste bost bertsolariak. Biharamunean, irailaren 15ean, iritsiko zaio txanda Oier Etxeberriari. Lasarte-Oriako final zortzirenean, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Aner Peritz Euzkitze, Aitor Zubikarai, Amaia Iturriotz eta Manu Goiogana izango ditu bertsokide Etxeberriak.

Urriaren 5ean, Soreasun

Azpeitian egingo du geldialdia Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Urriaren 5ean, final zortzirenen zazpigarren eta azken saioa jokatuko dute Soreasu antzokian Aitor Tatiegik, Asier Azpirozek, German Urteagak, Haizea Aranak, Maialen Akizuk eta Maider Arregik.

Txapelketaren saio guztiak, finala barne, 17:00etan hasiko dira. Saio guztietarako sarrerak salgai daude Bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide