Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen elkartea kalera atera da gaur, astelehena, Gipuzkoako eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren (EHPM) deialdiarekin bat eginda. Uda osteko lehen kontzentrazioa izan da gaurkoa, eta hainbat lagun elkartu da ohi bezala 12:00etan, plazan.
Alde batetik, gogora ekarri dituzte azken asteetan izandako berriak, eta, bestetik, aurrera begira dituzten asmoen berri eman dute. Jakinarazi dute EHPMren Koordinakundeak Hego Euskal Herriko lau probintzietako ordezkariekin irailaren 3an egindako bileran gutxieneko pentsioen osagarria eskatzeko "garrantzia sozial handiko" ekimena onartu zutela, "Eusko Legebiltzarrari eta Imanol Pradalesen gobernu berriari zuzendua". Irailaren 26an emango dute horren berri. Hala ere, hilaren 16an jakinaraziko dituzte lehen xehetasunak herriz herri egiten dituzten elkarretaratzeetan.
Erretiratzeko adina atzeratzearen aurrean egiten duten irakurketa ere plazaratu dute. Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduaren arabera, erretiroa atzeratzeak eraginak ditu osasunean eta hilkortasunean.
"Ekonomia Aplikatuko Ikerketen Fundazioak (Fedea) aurretiazko lan-erretiroaren aukera murrizteak edo ezabatzeak dakarren kostu edo onura sozialari buruz argitaratutako azterlan baten arabera, lan-irteera urtebete atzeratzeak nabarmen handitzen du 60 eta 69 urte bitartean lehenago hiltzeko arriskua, batez ere fisikoki zorrotzagoak diren eta estres emozional eta mental handiagoa duten lanbideetan", azaldu dute. Hori dela eta, erretiro adina 65 urtera itzultzeko eskaera berrartu dute, erretiro-neurri goiztiarragoak aldarrikatzearekin batera: "65 urterekin erretiroa berreskuratzeko eskakizunarekin batera, ezinbestekoa da gaur egun arte ezarritakoak baino erretiro-neurri goiztiarragoak ezartzea, kontuan hartuta eskakizun fisikoaren maila, lanpostuetako ingurumen eta osasun-baldintzak, lanpostuetako egoera emozionala eta mentala, betiere haien pentsioetan inolako murrizketarik egin gabe".
Pentsiodunen mugimenduaren arabera, erretiroa hartzeko adina 67 urtera arte luzatzeak eta erretiro aurreratuak azken urteetan izan dituen "muga gero eta handiagoek" eragin dute Espainiako Estatuan erretiroa hartzeko batez besteko adin efektiboa azkar igotzea: 2019an 64,4 urtekoa zen, eta 2024an 65,2 urtekoa.