"Desoreka edota nahasmendu bipolarraren diagnostikoa duten pertsona askok beldurra dute beren egoeraz, bizipenez... beste pertsona batzuekin lasai hitz egiteko. Gizartean zoritxarrez estigmak daude, aurreiritziak, eta beldur dira beren egoera elkarbanatuz gero, lanik gabe geldituko diren, lan eskaintzen aukerak galduko dituzten, besteek ulertuko dituzten eta abar. Kasu horretan, norberak bere bidea zabaldu behar izaten du, eta horretarako bidelaguna da Orekabide elkartea", azaldu du Nerea Astigarragak (Donostia, 1977). Psikologoa da, desoreka bipolarra du azpeitiarrak, eta Orekabide elkartearen Gipuzkoako arduraduna da.
Orekabide elkarteak Gipuzkoarako dituen asmoak eta egitekoak aurkezteko ekitaldia egingo du bihar osteguna, irailak 12, 18:30etik 20:00etara, Donostiako Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian. Euskaraz eta gaztelaniaz izango da aurkezpen ekitaldia. "Aurkezpenera joaten den jendeak beren kezkez galdetzeko aukera ere izango dute, eta interesa duten azpeitiarrak eta inguruko herrietakoak bertara gonbidatu nahi ditut", egin du deia Astigarragak.
Zeinek osatzen duzue Orekabide elkartea?
Elkartearen izenak dioen bezala, orekarako bidea izan nahi duen elkarte bat da. Elkarteari izena Jose Manuel Camara kazetariak eta Mi gramo de locura irratsaioaren zuzendariak jarri zion. Pandemiaren ostean eratu zen Orekabide Araban, desoreka bipolarraren edota nahasmen bipolarraren arazoa duten pertsonei eta haien senideei laguntzeko. Elkartea sortu aurretik, arazo psikoemozionalak zituzten hainbat pertsona biltzen ziren Gasteizen, kafetegietan, leku publikoetan... beraien egoerak edota bizipenak partekatzeko. Haietako batek bere buruaz beste egin zuen, eta gertaera horren aurrean, Mila Manzanalek elkartea sortzea erabaki zuen; gaur egun, bera da Orekabide elkartearen lehendakaria.
Elkartea sortu zenetik bi-hiru urte pasatu dira, eta Gasteizen hainbat ekintza antolatu ditu: irteerak, ekitaldiak, psikologiako eta psikiatriako profesionalek zuzendutako bilerak eta hitzaldiak lo ondo egitearen garrantziaz, barreterapiaz eta abar. Elkarlaguntzarako talde psikosoziala ere badute bakoitzak bere traumak, terapiak eta tratamenduaren nondik norakoak elkarbanatzeko. Orain, gure helburuetako bat gipuzkoarrekin horrelako talde psikosozial bat martxan jartzea da. Azkenean, Orekabidek lan handia egiten du desoreka bipolarra dutenen eskubideak defendatzeko eta bizi kalitate on bat izan dezaten lan egiteko. Izan ere, diagnostikoa jaso dutenek oreka lortzeko duten arazo handienetako bat lan falta izaten da, lan iraunkorraren eta duinaren falta. Datuek diote desoreka bipolarra dutenen %65-68a langabezian dagoela.
Zer da desoreka edota nahasmen bipolarra?
Nik neuk dezente hitz egin izan dut desoreka bipolarraz eta lehen pertsonan ere kontatu izan dut nire esperientzia; gaiaz Resetea tu vida liburua ere idatzi nuen. Urteak igaro ahala, norbera aldatzen eta orekatzen joaten da, eta dagoeneko, nik urteak daramatzat eutimian. Gutxi hitz egiten da eutimiaz, baina hori da lortu behar duguna; alegia, egoera orekatua, egonkorra eta iraunkorra. Desoreka bipolarreko fase ideala da hori.
Desoreka bipolarra dutenek batzuetan fase maniakoak edota depresio faseak igarotzen dituzte egunetan, asteetan edota hilabeteetan. Baina hori ez da orokorra, izan ere diagnostikoa izan eta urteak eutimian daramatzagunak eta bizi kalitate ona dugunak ere asko gara. Orekabide elkartekook uste dugu errekuperazio fase hori lortzeko edota ahalduntzeko bide hori norberak egitea badaukagula, eta elkartearen egitekoa bide horretan bidelagun izatea da; alegia, norbera bere buruaren jabe izateko laguntza eskaintzea da elkartearen xedea. Askotariko perfila duten pertsonak dira desoreka bipolarra dutenak, eta denei erremedio bera ematea oso desegokia da. Beraz, norberaren egoera hobetzeko eta aurrera egiteko erremintak eta baliabideak bakoitzak landu behar ditu.
Araban eratu zen Orekabide, baina orain Gipuzkoara hedatu nahi duzue elkartearen jarduna. Zergatik?
Gasteizen elkartea martxan jarri eta bi-hiru urtera Gipuzkoako hainbat herritatik elkartera jendea joaten hasi zen, eta Gipuzkoan eskaera bat zegoela ikusi genuen. Horregatik, elkartea Gipuzkoan zabaltzen hastea erabaki zuten Orekabideren arduradunek, eta niri lurraldeko ardura hartzea proposatu zidaten. Donostian ere erroldatu dugu elkartea, eta orain behar duguna da kideok elkartzeko, ekintzak eta terapiak egiteko espazio fisiko bat. Bihar, irailaren 12an, aurkeztuko dugu Orekabide elkartea Donostian Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian, 18:30etik 20:00etara. Euskaraz eta erdaraz egingo dugu aurkezpena, nik neuk, Mila Manzanal elkartearen lehendakariak eta Dani Gonzalez idazkariak parte hartuz. Elkartea aurkezteaz gainera, jendeak bere kezkak azaltzeko aukera ere izango du. Gurekin harremanetan jartzea nahi dutenek www.orekabide.org webgunera jo dezakete edota nirekin harremanetan jartzeko nereaorekabide@gmail.com helbide elektronikora idatzi.