EAJk Esklabetako ezker hegalaren gaia atera du mahai gainera ikasturteko lehen udalbatzarrean

Aitziber Arzallus 2024ko ira. 11a, 13:38

Esklabetako ezker hegala.

Kontseilu Sozialistako kideek herriko ikasleei eskaintzen dizkieten eskola partikularrekin desados dagoela adierazteaz gainera, EAJk bi eskaera egin dizkio udalari: batetik, herritar guztiei legea modu berean betearazteko; eta bestetik, Esklabetako ezker hegalerako proiektu bat lantzeko.

Atzo, asteartea, ikasturteko lehen udalbatzarra egin zuen Azpeitiko Udalak, eta galde-erreguen txandan, Javier Altuna EAJko zinegotziak Esklabetako ezker hegalaren gaia atera zuen mahai gainera, Kontseilu Sozialistako kideek herriko ikasleei eskaini izan dizkieten eskola partikularren harira. "Apirilean-edo, GKS erakundeak eskoletan, LH5, LH6, DBH1 eta DBH2. mailako ikasleen artean, eskuorriak banatu zituen eskola partikularrak emateko asmoa adieraziz. Ziur geunden okupatutako eraikin batean ezingo zutela horrelako jarduerarik aurrera eraman, eta are gehiago, tartean adin txikikoak egonda, baina badaezpada ere udal idazkariari txostena egiteko eskatu genion". Jarraian, txosten horretako pare bat puntu irakurri zituen Altunak; honakoa bat: "Gaur egun Kontseilu Sozialista taldeak ez du titulu legitimatzailerik udalaren eraikinaren edukitzarako". Hori horrela, adierazi zuen, berak ulertzen duenez, legezkoa ez dela. Eta honakoa bestea: "Dagokion honetan aplikagarriak diren aseguruek ez diote babesik ematen udalari, ez eta eraikin horren erabiltzaileei ere". Horrenbestez, egoerarekin ez daudela ados berretsi zuen EAJren ordezkariak. "Oker ez banago, egunotan berriz hasi dira eskoletan esku orriak banatzen, eta ados ez gaudenez, eta zinegotzi gisa ditugun ardurengatik, horren kontra azaldu nahi genuke".

Esklabetako ezker hegaleko jarduerak egunotan udalak kaleratu duen ebazpen batekin uztartuta, herritar guztiei legea modu berean betearazteko eskatu zion Altunak udalari. "Gaur goizean udalak kaleratu dituen dekretuak irakurtzen ari ginela, ikusi dugu nola udalak herriko etxebizitza baten jabea behartzen duen bere etxeko terrazan, esekitokia duen lekuan, egin duen ezkutuko instalazioa eraistera eta balkoia leheneratzera zortzi eguneko epean. Beraz, ez zaigu bidezkoa iruditzen azpeitiar batzuei legea betearaztea, eta besteei ez, eta horrekin ere ez gaude ados".

Hitzartzearekin bukatzeko, hauteskundeetan eginiko proposamenetako bat ekarri zuen gogora Altunak: "Guk proposatu genuen Esklabetako ezker hegalean eskuin hegalean gauzatu den proiektu bera edo antzerakoren bat egitea. Udalak beste proiekturen bat duela esan izan du, eta agian hobea izango da, baina eskatzen duguna da ezker hegalean ere herriaren onerako izango den proiekturen bat martxan jartzeko, izan babestutako etxeak, apartamentuak edo beste zerbait".

Alkatearen erantzuna

Jarraian, Nagore Alkorta alkateak hartu zuen hitza, Altunari erantzuteko, eta hasteko eta behin, kontzeptuak ez nahasteko eskatu zion. Udalak balkoiko instalazioa kentzeko agindu dion herritarraren kasuaren kontuari erantzunez hasi zen Alkorta: "Gu legez behartuta gaude lege hausteak dauden kasuetan diziplina espediente bat aurrera eramatera. Aipatu duzun kasuari erreferentzia eginez, bizilagun batek beste bat salatu zuen, kasua Arartekora iritsi zen, eta guri aktuatzea besterik ez zaigu egokitu, eta txosten teknikoa jarraituz, zegokion ebazpena ematea. Horrela jokatzea beste biderik ez duzu izan".

Esklabetako kontuari dagokionez, berriz, alkateak onartu zuen, idazkariak prestatutako txosten juridikoak dioen moduan, Esklabetako eraikinaren ezker hegala erabiltzen duten eragileek ez daukatela horretarako titulu legitimatzailerik, udalarekin ez daukatelako inolako akordiorik, kontraturik edo lagapenik sinatuta, zeinetan udalak baimena ematen dien lokal hori erabiltzeko; eta titulu horren faltan, jakitun direla aseguru etxeek ere ez dutela beren gain inolako ardurarik hartzen. Baina zehaztapen batzuk egin zituen: "Egoera prekarioan daude, eta hortik ilegalitatera eta okupaziora tarte bat dago". Alkateak adierazi zuen ezker hegalerako herri proiektu bat baldin badago, udala prest egongo litzatekeela hori aztertzeko, "orain arte bezala, eta ikuspuntu eraikitzaile batetik". Eta adin txikikoei Kontseilu Sozialistako kideek eskaintzen dizkieten eskolak direla eta, adin txikikoen tutoretza gurasoei dagokiela esanda bukatutzat eman zuen eztabaida. "Kode zibilak argi esaten du hori, eta guri ez dagokigu esparru horretan sartzea".

Horiek esanda, Alkortak "argi eta garbi" utzi nahi izan zuen udala jakitun dela Esklabetako ezker hegalean herri eragile batzuk izaera prekarioarekin daudela, eta hori ez duela egoki ikusten: "Gure ustez ez da egokia interes partikularren baitan egotea, eta herri proiektu bat baldin badago, gu prest gaude jarrera eraikitzailearekin elkarrizketa bat izateko eta denon artean gaiari heltzeko eta eztabaidatzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide