Hedabideak izango dituzte aztergai 'Sormenean hezi, kulturaz bizi'-ren hirugarren jardunaldietan

Iraia Oteiza 2024ko ira. 11a, 18:25

Jardunaldien aurkezpeneko irudia, Basazabal jauregian. (Iraia Oteiza)

2019an eta 2021ean egin zituzten jardunaldiei jarraipena emanez, saio berriak antolatu dituzte euskal kultur sorkuntzaren transmisioa erdigunean jarrita. Urriaren 26an egingo dituzte Azpeitiko Sanagustinen, eta izen-ematea zabalik dago UEUren webgunean.

Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturaz bizi jardunaldien hirugarren edizioa aurkeztu dute gaur Azpeitiko Basazabal jauregian.

2019an eta 2021ean egin zituzten jardunaldiei jarraipena emanez, euskal kultur sorkuntzaren transmisioa erdigunean jarrita, egun osoko saioa antolatu dute aurtengorako Ahotseneak, Bertsozale Elkarteak, EIEk, EIZIEk, Elkar fundazioak, Euskal Wikilarien elkarteak, Hik Hasik, Jakinek, Lanarteak, eta UEUk elkarlanean, Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Gotzon Barandiaran ekimeneko ordezkariak azaldu duenez, "kezka" batek bultzatuta egin zituzten jardunaldien aurreneko bi edizioak duela bost eta hiru urte, eta arrazoi berarekin antolatu dituzte aurtengo saioak ere. Hain zuzen, "kezka" horri aurre egiteko, euskal kultur sormenaren transmisioa "egituratzea eta sendotzea" dira Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturaz bizi jardunaldien helburuak. 

"Abiapuntua argia da: euskarazko kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta ez hezkuntza arautuan, ez hezkuntza ez-arautuan (aisialdia barne), ez hedabideetan, ez ingurune digitalean, eta ezta etxe giroan ere", adierazi du Barandiaranek. 

Hori horrela, ekimenaren lehenengo jardunaldietan hezkuntza arautuan euskarazko kulturgintza nola transmititu hausnartu zuten; bigarren jardunaldietan, aldiz, hezkuntza ez-arautuaren esparrua jorratu zuten; eta datozen hirugarren jardunaldietan hedabideak izango dituzte aztergai.

Egun osoko egitaraua

2021eko jardunaldiak lau saiotan eta herritan banatuta egin bazituzten ere, aurtengoa egun bakarrean egingo dute osorik, urriaren 26an, larunbata, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Jardunaldia 09:00etatik 16:00etara bitartean egingo dute, hiru saiotan banatuta. Lehenik eta behin, orain arte egin gabeko ikerketa baten emaitzak ezagutaraziko dituzte. Euskal Hedabideen Behategiak eta Elhuyarrek hedabideetan euskarazko kulturgintzaren presentzia zenbatekoa den aztertzen dihardute, eta lan horren emaitzak publiko egingo dituzte jardunaldien egunean.

Ane Martinez Behategiko ikerlaria da azterketaren arduradunetako bat. Hark azaldu duenez, ikerketa lana aurrera eramateko Euskal Herriko hamaika komunikabide digital aztertzen dihardute: Berria, Argia, Alea, Goiena, Anboto, Eitb, Naiz, Diario Vasco, El Correo, Noticias de Navarra eta Kazeta. 

Emaitza horiek azalduta, jardunaldien bigarren zatia mahai-inguru batek osatuko du. Euskarazko kulturgintzan eta horren edukien hedapenean aritzen diren lau eragile elkartuko dira bertan, gaiari lotuta nork bere orain arteko esperientzia, egunerokoa eta etorkizunerako aurreikuspenak plazaratu ditzan. Inma Errea, Iñaki Etxeleku, Ane Zuazubiskar eta Josune Velez de Mendizabal arituko dira hizlari lanetan, bi orduko mahai-inguruan. 

Jardunaldiekin amaitzeko, berriz, nazioarteko hedabideetako kultura kuotak izango dituzte hizpide Amagoia Gurrutxaga Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko koordinatzaileak eta Pol Cruz-Corominas Kataluniako Plataforma per la Llenguako Kultura Batzordeko kideak. 

Jardunaldien aurkezpenean adierazi dutenez, herritar orori daude zuzenduta saioak, eta horietarako izen-ematea jada irekita dago UEUren webgunean. Orotara zazpi orduko saioak izango dira, eta matrikulak 10 euro balio du. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide