Hasi dute osasunaz eta hizkuntzaz aritzeko jardunaldia

Nerea Uranga 2024ko ira. 13a, 11:34

Osasuna eta hizkuntza VII: hizkuntza eskakizunez harago izeneko jardunaldia egiten ari dira gaur Azpeitiko Azoka Plazako aretoan, EHUren Uda Ikastaroen barruan. Arratsaldeko bostak bitartean izango dira ikastaroaren barruko hitzaldiak.

09:15ean hasita, Osasuna eta hizkuntza VII: hizkuntza eskakizunez harago jardunaldia egiten ari dira Azoka Plazako lehen solairuko aretoan, EHUren Udako Ikastaroen barruan. 17:00etara bitartean izango dira hitzaldiak, eta hizpide izango dituzte besteak beste, hizkuntza eskakizunen dekretu berriak osasungintzan duen eraginaz, Osakidetzako hizkuntza plangintzaz, eta osasun arreta euskaraz jasotzeari buruzko pertzepzioez EHUko Medikuntza graduan egin duten ebaluazioaz. Jardunaldiko mahai inguruan, berriz, Lan eskubidea vs hizkuntza eskubidea, eta kalitatezko osasun arreta? Eztabaida sindikal-instituzional-soziala gaiaren bueltan ariko dira solasean Pello Igeregi ELA sindikatuko Euskara arduraduna eta Irati Irazabal Osakidetzako erizaina.

Jardunaldiaren sarrerako hitzartzean hitz egin dute ikastaroaren zuzendariak diren EHUren Farmazia Fakultateko irakaslea eta Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde den Jon Zaratek eta Aramaioko (Araba) familia mediku Aitor Montesek. Horiez gainera, Martin Aramendi UEMAko presidenteak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak ere hitz egin dute. Alkortak osasun arreta "norberak hautatutako hizkuntzan" jasotzea bermatu behar dela azpimarratu du.

Bederatzi gonbidatuk parte hartuko dute gaurko jardunaldian, eta horien artean daude Osakidetzako hainbat langile edo arduradun, tartean Gontzal Lopez Euskara zerbitzuburua, eta Katalunian, Kurdistanen edo Palestinan osasungintzan hizkuntzen erabilera zertan den azalduko duten espezialistak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide