Harrera ona izan du Energia Bulegoak lehen hiru hilabetetan

Maialen Etxaniz 2024ko ira. 14a, 09:00

Maiatzetik irailera, 80 pertsona baino gehiago joan dira Done Jakue kaleko Energia Bulegora. Horietatik %49k faktura elektrikoarekin lotutako kontsultak egin dituzte; %26k, Ekindar kooperatibari buruzkoak; eta gainerakoek bestelako gaiei buruz galdetu dutela azaldu du udalak. 

Azpeitiko Udalak Energia Bulegoak izan duen erantzunaren inguruko hainbat datu jakinarazi ditu. Joan zen maiatzean ireki zuten Energia Bulegoa Done Jakue kalean, eta ordutik 80 erabiltzailetik gora bertaratu direla adierazi du udalak. Bulegoa ireki zenez geroztik harrera ona izan duela baloratu udalak. "Hasieratik izan da mugimendua bulegoan, eta pozik gaude izandako harreragatik, are gehiago ikusita era askotako aholkularitzaren bila joan dela jendea”, azaldu du Joanes Amenabar Ingurumen Batzordeburuak.

Bulegora bertaratu diren herritarren gehiengoak (%49) faktura elektrikoarekin lotutako kontsultak egin dituzte. Jakin-mina eragin duen bigarren gaia Ekindar kooperatiba izan da. Bulegora bertaratu diren herritarren %26k egin ditu Ekindarren inguruko kontsultak. Gainerakoek bestelako gaiei buruz galdetu dute hala nola, galdara aldatzeko aholkuak, plaka fotovoltaikoak instalatzeko dauden dirulaguntzak, ibilgailu elektriko bat erosteko dauden dirulaguntzak...

Orain, negura begira jarri dira Energia Bulegoaren kudeatzaileak; hori dela eta, "neguak energia kontsumoan ekarri ohi duen gorakada murrizten saiatzeko", gida praktiko bat prestatu du Energia Bulegoak.

Kontsultak eta ordutegiak

Irailarekin, ohiko ordutegian ari da lanean bulegoa: astelehen, astearte eta ostiraletan, 10:00etatik 14:30era. Asteazken eta ostegunetan, berriz, 17:00etatik 19:30era. Bertara joan aurretik, txanda hartzea gomendatzen dute, 943 119 806 zenbakira deituta edo energia@azpeitia.eus helbidera idatzita.

Besteak beste, honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu Energia Bulegoak:

  • Faktura energetikoa (gasa eta elektrizitatea):
    • Faktura optimizatzeko aholkularitza zerbitzua.
    • Fakturen azalpena.
  • Dirulaguntzak:
    • Energia berriztagarrien proiektuak finantzatzeko laguntzen inguruko informazioa eta aholkularitza.
    • Autokontsumoko eta autokontsumo partekatutako prozesuen alderdi legalei buruzko informazioa eta aholkularitza.
    • Eskuragarri dauden dirulaguntzen deialdien inguruan informazioa.
    • Dirulaguntzen kudeaketarako laguntza.
  • Birgaitze energetikoa:
    • Fatxaden isolamendua (horma, leihoak, lurra, sabaia).
    • Ezaugarriak, onurak, dirulaguntzak…
  • Teknologia berriztagarrien inguruko informazioa eta ezaugarriak azaltzea:
    • Eguzki-energia termikoa, eguzki-energia fotovoltaikoa, aerotermia, hidrotermia, geotermia, biomasa, minieolikoa eta hidroelektrikoa.
    • Eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria:
      Informazioa eta betebehar legalak.
  • Difusio eta komunikazio lanak:
    • Prestakuntza: herritarrei zuzendutako prestakuntza saioak identifikatu eta bideratu. Enpresei zuzenduta: arkitektoei, finka-administratzaileei…
    • Hitzaldiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide