Asteburuan hasi zuen bidea 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Bi final-zortzireneko jokatu dira, larunbatean, Urretxuko Labeaga aretoan eta igandean, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean.
Azpeitiko eta Zarauzko bina bertsolari aritu dira kantuan bi saio horietan. Jon Gurrutxaga azpeitiarrak Urretxuko saioan parte hartu zuen larunbatean, Andoni Rekondo, Ane Zuazubiskar, Antton Aizpurua, Mikel Iturriotz eta Una Mendizabal bertsolariekin batera. Gai-jartzaile Ion Zaldua aritu zen, eta epaimahaia osatu zutenak honakoak izan ziren: Bakarne Urreaga, Eneritz Azkue, Iñigo Legorburu, Jon Diaz eta Zigor Leunda. Idazkari lanak Aratz Irazustabarrenak egin zituen.
Rekondo izan zen garaile Urretxuko kanporaketan, 496,5 puntu eskuratuta, eta hori zuzenean igaroko da azaroaren 3an Tolosan jokatuko den final-laurdenera. Gurrutxagak hirugarren egin zuen 451,5 puntu eskuratuta.
Hona Urretxuko saioko puntuazioa:
1- Andoni Rekondo: 496,5 puntu.
2- Unai Mendizabal: 489,5 puntu.
3- Jon Gurrutxaga: 451,5 puntu.
4- Mikel Iturriotz: 450,5 puntu.
5- Ane Zuazubiskar: 444,5 puntu.
6- Antton Aizpurua: 428,5 puntu.
Lasarte-Orian, bigarren Euzkitze
Igandean, Lasarte-Orian jokatutako kanporaketan Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Aner Peritz Euzkitze zarauztarrek eta Oier Etxeberria azpeitiarrak kantatu zuten .Eta horiekin batera aritu ziren final-zortzirenetako saioak: Aitor Zubikarai, Amaia Iturriotz eta Manu Goiogana. Gai-jartzailea Haritz Alberdi azkoitiarra izan zen, eta epaile honakoak aritu ziren: Bakarne Urreaga, Eneritz Azkue, Iñigo Legorburu, Jon Diaz de Mendibil eta Zigor Leunda.
Iturriotz izan zen Lasarte-Oriako kanporaketa saioan garailea, 490,5 puntu eskuratuta. Beraz, zuzenean pasatuko da urriaren 27an Irunen jokatu den final-laurdenera. Bigarren postua egin zuen Euzkitzek, hirugarrena Etxeberriak eta bosgarrena Mantxik.
Hona Lasarte-Oriako puntuazioa:
1- Amaia Iturriotz: 490,5 puntu.
2- Aner Peritz Euzkitze: 470 puntu.
3- Oier Etxeberria: 467 puntu.
4- Manu Goionaga: 466,5 puntu.
5- Iñigo Mantzizidor Mantxi: 460,5 puntu.
6- Aitor Zubikarai: 442 puntu.
Hurrengo kanporaketa saioak
Datorren asteburuan izango dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hurrengo saioak. Larunbatean (irailak 21), Lazkaoko Areria aretoan, Julen Zulaika zarauztarrak kantatuko du, eta harekin batera Beñat Iguaran, Gorka Maiz, Iban Urdangarin, Iñigo Gorostarzu eta Oihana Arana ariko dira. Igandean (irailak 22), berriz, Elgoibarko Herriko Antzokian izango da final-zortzirenetako kanporaketa saioa, eta han Libe Goenaga getariarrak eta Unai Izagirre azkoitiarrak kantatuko dute, Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Iñaki Apalategi eta Uxue Fernandez bertsolariekin batera.
Hurrengo final-zortzirenetako saioak. Guztiak, 17:00etan hasiko dira:
Irailak 28, Hondarribia (Itxas Etxea auditorioa):
- Eneritz Artetxe, Oier Aizpurua, Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Maddi Aiestaran, Unai Gaztelumendi.
Irailak 29, Andoain (Bastero kulturgunea):
- Aitor Salegi, Andoni Mujika, Endika Igarzabal, Eñaut Martikorena, June Aiestaran, Manex Mujika.
Urriak 5, Azpeitia (Soreasu antzokia):
- Aitor Tatiegi, Asier Azpiroz, German Urteaga, Haizea Arana, Maialen Akizu eta Maider Arregi.
Final-zortzirenetako azken kanporaketa Azpeitian jokatuko dute bertsolariek, eta saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera, final-laurdenetara. Zazpi bertsolari horiekin batera, puntu gehien batzen dituzten hamazazpi bertsolariekin eta 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera sailkatu ziren eta aurtengo txapelketan izena eman zuten sei bertsolariekin osatuko dira final-laurdenak. Denera, 30 bertsolarik jokatuko dute final-laurdeneko fasea.
Saio guztietarako sarrerak salgai daude Bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan. Txapelketaren saio guztiak, finala barne, 17:00etan hasiko dira.
48 bertsolari ari dira parte hartzen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako kanporaketa saioetan, eta horietatik hamar dira Urola Kosta eskualdekoak: Eneritz Artetxe eta Unai Izagirre azkoitiarrak; Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria azpeitiarrak; Libe Goenaga getariarra; Iñigo Mantzizidor Mantxi, Aner Peritz Euzkitze, Julen Zulaika eta Oier Aizpurua zarauztarrak; eta Aitor Salegi zestoarra. Goenagak eta Mantxik aurreko txapelketan lortu zuten aurtengoan aritzeko txartela; beste zortziak, berriz, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasetik datoz.