Azpeitiko Emakumeen Txokoak "gogotsu" heldu dio ikasturte berriari. Iazko Jabetze Eskolak, ikastaro iraunkorrek, hitzaldiek eta bestelako egitasmoek izandako "harrena ona" ikusita, eskaintza zabala prestatu dute 2024-2025 ikasturterako ere. Hain zuzen, eskaintza horren berri eman zuten atzo Miren Arrieta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun zinegotziak, Malen Aldalur Parekidetasun teknikariak eta Ione de la Cruz Emakumeen Txokoko teknikariak.
Orotara, zazpi ikastaro eskainiko dituzte Jabetze Eskolen barruan: Emakumeen osasuna ikuspegi feministatik: gure osasuna baldintzatzen duten faktoreak ezagutzen eta ulertzen ikastaroa, Zoru pelbikoa lantzen, Kosmetika naturala, Podcast feminista –Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean–, Arteterapia, Belaunaldien arteko autodefentsa feminista, eta Espeleologia hastapenak.
Halaber, parte hartzerako, sentsibilizaziorako eta integraziorako beste hainbat ekintza ere izango dira urte amaierara bitartean, besteak beste, emakumeen osasuna ardatz hartuta udaleko Hezkuntza Sailarekin batera antolatu eta Dya Gipuzkoaren bitartez eskainiko duten hitzaldi zikloa, Irakurri eta ahaldundu tailerra, Batukada feminista, Empalabramiento emakume atzerritarren alfabetatze eta ahalduntze ikastaroa, Enredémosnos emakume migratuen topaketa, edota Gizonentzako desahalduntze tailerrak. Azken bi horiek ikasturte berrira begira atera dituzten ikastaro berriak izango dira, orain arte Emakumeen Txokoan inoiz egin gabeak.
Miren Arrieta udaleko Parekidetasun zinegotziak Emakumeen Txokoaren eta udalaren artean bultzatzen diren egitasmoen helburuetan jarri nahi izan du arreta: "Emakumeei beren buruaren eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea nahi dugu, maila pertsonalean eta kolektiboan indartzea, elkarrekin eta elkarrengandik ikastea, errealitateari ikuspegi feminista batetik begiratzea, parte hartze soziopolitikoa handitzen laguntzeko topagunea izatea…".
Era berean, aurtengo eskaintzako ikastaro berrien xehetasun gehiago eman ditu Arrietak. Adierazi duenez, batetik, emakume migratuentzako eta zaintzaileentzako antolatuko diren topaketak egongo dira, "jatorri, kultura eta ezaugarri guztietako emakumeak ahalduntzea delako Emakume Txokoaren nahia". Eta bestetik, gizonentzako desahalduntze tailerrak izango dira, "genero desberdintasunak zein indarkeria matxistak betikotzen dituzten portaerak desikasteko".
Izen-ematea, zabalik
Jabetze Eskolako ikastaroetan izena emateko epea atzo zabaldu zuten eta irailaren 27ra bitartean egongo da horretarako aukera. Beste ekintzetarako izen emateak, berriz, zabalik jarraituko du taldea osatu edo ekintza burutu bitartean.
Ekintzen inguruko informazio osatua banatu dute dagoeneko Azpeitiko etxe guztietara. Hala ere, informazio gehiago behar duenak edo izena eman nahi duenak aukera bat baino gehiago ditu horretarako: Emakumeen Txokora gertura daiteke (Goiko kale 12, behea) astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 19:00etara, eta ostiraletan, 09:00etatik 14:00etara, 943-15 70 55 edo 688 15 10 00 telefonora dei dezake, edota emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera ere idaz dezake.
Matazak, liburuan jasota
Iazko ikasturtean aurkeztutako proiektu baten jarraipena ere aurkeztu zuten atzoko agerraldian: Matazak liburua. Herriko emakumeekin elkarlanean sortutako egitasmoa da Matazak, eta iaz ibilbide fisiko batean jaso zituzten herriko emakumeen istorio eta ahotsak. Orain, egindako ibilbide hori liburu batean jaso dute. Ainara Azpiazu Axpik egin ditu ilustrazioak, eta maketazio lanez ere hura arduratu da. Aleren bat nahi duenak Emakumeen Txokoan eskura dezake, doan.
Azpeitiko Emakumeen Mahaian egindako ekarpenetatik hasi zen forma hartzen Matazak, eta dozenaka emakumeren inplikazio, lan eta testigantzari esker egin du aurrera. "Ezinezkoa izan da prozesu guztian zehar lortutako informazio aberatsa bere osotasunean jasotzea. Partekatutako istorioak, ikuspegiak eta bizipenak zabalak eta konplexuak dira, eta informazio garrantzitsuena osorik eta modu esanguratsuan aurkezteko saiakera egin badugu ere, esperientzien altxor zabal baten lagin bat da Matazak", adierazi du Ione De la Cruz Emakumeen Txokoko teknikariak.
Ibilbide batekin eta liburuarekin osatu dute Matazak proiektua, baina aurrerantzean ere "emakumeen oroimen historikoa lantzen jarraitzeko konpromisoa" dutela gaineratu du De la Cruzek.