'Haziak' liburua aurkeztuko dute Miguel Arribasek eta Marc Badalek ostiralean Elikagunean

Maialen Etxaniz 2024ko ira. 18a, 10:50

Marc Badal (ezkerrean) eta Miguel Arribas 'Kelo' (eskubian), Beizaman. (Dani Blanco/Argia)

"Haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazien inguruko ikuspegi politikoa" uztartu dituzte Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal egileek Argiarekin plazaratu duten liburuan. Azpeitian egingo dute lehen aurkezpena ostiralean, 18:30ean, Azoka Plazan. Ekoizpen eta kontsumo kooperatibetan, sindikatuen mugimenduetan, hazi sareetan eta ekoizle agroekologikoen elkarteetan aritutakoak dira bi egileak. 

Miguel Arribas Kelok eta Marc Badalek Haziak liburua aurkeztuko dute ostiralean, hilak 20, Azpeitiko Azoka Plazan. Argiarekin kaleratu dute liburua agrologoek, eta Argiak eta Elikaguneak elkarlanean prestatu dute ostiraleko aurkezpena. Bertan azalduko dituzte haziei eskainitako liburuaren inguruko xehetasun guztiak, 18:30ean hasita. 

Ekonomia, agronomia, politika, genetika edota botanika dituzte hizpide liburuan era batera edo bestera; izan ere, "haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazien inguruko ikuspegi politikoa" uztartu dituzte. Modu horretan, askotariko azalpenak eta datuak bildu dituzte Haziak liburuan: baratzeetako espezieak nola zaindu bakoitzak haziak eman ditzan; uzta nola eta noiz bildu; haziak ongi hautatzeko jarraibideak azaldu; horiek behar bezala kontserbatzeko nola garbitu eta gorde, eta abar.

Dani Blanco argazkilariaren irudiek osatzen dute liburua. Hain zuzen, Blancok ateratako 211 argazkik hazi txikienak ere oso handi erakusten dizkiote irakurleari. Argazki horietako hainbat jarriko dituzte ikusgai ostiraleko aurkezpenean, pantaila handian. 

Ibilbide luzeko esperientzia

Badalek eta Arribasek borrokak eta bizipenak partekatu zituzten nekazaritza sektoreko autogestioaren eta elikadura burujabetzaren inguruan, batek Kataluniatik eta besteak Madrildik. Orain dela hogei urte inguru iritsi ziren Euskal Herrira, haien ibilbideari jarraipena ematera. Beizaman finkatu zen Kelo eta Nafarroa Garaiko Luzaide herrian Marc. Agroekologiaren eremuko ekimenetan parte hartu izan dute, hala nola ekoizpen eta kontsumo kooperatibetan, sindikatuen mugimenduetan, hazi sareetan, ekoizle agroekologikoen elkarteetan, pentsamendu kritikoaren hedapenean eta sorkuntzan... Gaur egun, eremu horretan jarraitzen dute lanean, besteak beste, haziak ekoizten eta horien inguruan dauden arazo soziopolitikoak azaleratzen. Kelo Alekako ekoizle nagusia da, Euskal Herrian hazi ekologikoak ekoizten dituen sarekoa; Badal, berriz, Haziera proiektuaren dinamizatzailea da, Cristina Eneako hazien artxiboan. 

Aurkezpenean izango dira Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal egileak, Markel Lizasoain itzultzailea, Maitane Gartziandia diseinatzailea eta Dani Blanco argazkilaria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide