Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun sailak Lurraldebus autobusen zerbitzua egokituko du Azpeitian, "erabiltzaileen beharretara egokitzeko". Zehazki Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Bidania-Goiatz eta Tolosa lotzen dituen UK02 linean egingo du egokitzapena, linea horrek geltoki berri bat izango baitu Azpeitiko Loiolako Inazioren hiribidean, 24. eta 32. eraikinen arteko biribilgunean, Ikasberri Ikastolaren ondoan. Geltoki berria datorren astelehenean, irailaren 23an, jarriko dute martxan, eta Errezildik 08:05ean abiatzen den zerbitzuak eta Azkoititik 14:10ean irteten denak egingo dute geldialdia bertan.
Aldaketa hori Azpeitiko Udalak egindako eskaera baten ondorioz egin dute. Erakundearen arabera, geltoki berri hori martxan jartzeak zerbitzu "eskuragarriagoa eta egokiagoa" emango die egunero Errezildik Azpeitiko Ikasberri Ikastolara ikastera joaten diren ikasleei eta, orokorrean, azpeitiarrei. Eskaera aztertu ondoren, Mugikortasun sailak geltoki berria jartzea erabaki du.
Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak adierazi duenez, UK02 lineak Loiolako Inazio hiribideko geltokian jaisteko eta igotzeko aukera emango duenez, eguneroko joan-etorriak “askoz erosoagoak” izango dira hainbat pertsonentzat. "Gustura gaude behar bati erantzungo diogulako”, gaineratu du.
Halaber, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun diputatuak dioenez, "etengabe egokitu behar da garraio publikoa, herritar ororen eguneroko beharrei erantzuteko".